Eguraldiak ez zuen batere lagundu, baina giro polita sortu zen Adunako pilotalekuan. Garai bateko txerri bodak ezagutzeko aukera izan zen bertan eta herritarrek ez zuten aukera hori galdu nahi izan. Plaza inguruan jarritako animaliek herritarren arreta bereganatu zuten. Txerrikumeak, astoak, behor eta muxlaka, ahuntzak, oiloak..., basurdekume bat ere bazen plazako gunean.
Eguerdi aldera, Astiazaran anaiak eta Juan Mari Beltran hurbildu ziren plaza ingurura. Ordurako, amaitu xamar zituzten odolkiak eta txorixoak egiteko lanak. Helduek, aspaldiko ohiturak gazteei erakusteko baliatu zuten txerri-boda eguna.
Goiza amaituta, Uztartzara hurbildu ziren herritarrak elkarrekin bazkaltzeko asmoz. Bertan izan ziren trikitilariak ere, egunari amaiera borobila emateko.