Adierazpen Instituzionala Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 22a, 13:57

Andoaingo Udaleko Bozeramaile Batzordea 2008/11/20(e)an bildurik, aho batez, arazoaren 25ean Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna ospatzen denez, honako Adierazpen Instituzionala onartu du:

"Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Andoaingo Udalak jakinarazi nahi du indarkeria matxistak eragindako gaitz sozialaren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa duela.

Gai honen inguruan antolatuko diren ekintzak emakumeen babesa eta autonomia bermatzera egon behar dira zuzenduta, indarkeria mota honen biktima nagusiak emakumeak baitira.

Dena dela, emakumeenganako indarkeria ez da ulertu behar “emakumeen” arazo legez, baizik eta kultura maskulino-patriarkalak eragindako desberdintasunaren adierazgarri nagusitzat; izan ere, kultura horrek indarkeria mota hau eragin eta toleratzen du, eta gauza bera gertatzen da era desberdinetan eta esparru desberdinetan indarkeria hori gauzatzen dutenekin ere.

Beraz, alde batetik, arau horiek Emakumeen eta Gizonen Berdintasunean oinarritutako kultura baterantz bideratu behar dira; eta, bestetik, gizonak estrategia horietan sartu behar dira, indarkeria mota oro desagerrarazteko borrokan emakumeekin batera aktiboki kolaboratzera konprometituaraziz.


Hori dela eta, Udal honek ONARTU EGITEN DU KONPROMISOA, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, berdintasunaren aldeko eta emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, oso eta koordinatua garatzeko. Udal politika horren barruan, beste tresna batzuen artean, indarkeriaren biktima diren emakumeen arretarako tokiko protokoloa sartu behar da.

Aurten, DEI BEREZIA EGITEN DIEGU herriko gizonei, batetik, emakumeenganako indarkeriaren aurkako konpromiso aktiboa onar dezaten, eta, bestetik, gaur egun oraindik gizartean hedatuta dauden jarrera eta mentalitate sexistak zalantzan jartzeko.

Era berean, GONBITEA LUZATZEN DIEGU herritar guztiei, eta bereziki gizonei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta izango diren ekitaldietan era aktiboan parte hartzera.

Andoainen, 2008ko azaroaren 20a"

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!