Ikusentzunezkoak Mendi Astean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 20a, 18:46

Ikusentzunezko arrakastatsuak aurkeztu izan ditu azken urtetan Jose Mari Robles hernaniarrak. Filmatzaile obsesibo eta detailezalea omen da, bere kritikaririk latzena den Ane Ceballos bere emaztearen esanetan.

Ogibidez al zara filmatzaile?
Jose Mari Robles. Ez, afiziotik datorkit erreportaiak egitearen kontu hori; ni berez brotxa lodiko margolaria naiz. Nora joan, handik zerbait filmatuta etxera ekartzearen ohiturak sartu nau saltsa honetan.

Eta nolaz hasi zinen Euskaldunarekin?
J.M.R. Lagun baten bitartez Euskaldunako irteeretara joaten hasi nintzen orain urte batzuk. Ezezaguna nintzen mendizale gehienentzat eta lotsa ematen zidan kamararekin grabatzen hastea; eta beraz, piskanaka, gero eta gehiago filmatzen joan nintzen. Gero denboraldia amaitzen zenean irudien bildumatxo bat egiten nuen. Kopiak atera eta ingurukoen artean banatu, eta autobuseko ibilaldietan ikusi ahal izaten zen. Behin Rosa eta Marilis mendizaleek Euskaldunako mendi astean parte hartzeko proposatu zidaten. Horrela hasi zen urtero montaia aurkeztea.

Zer moduz hartzen zaituzte mendizaleek?
J.M.R. Hasieran neroni apuratzen nintzen, ez nekielako nola erreakzionatuko zuen jendeak. Jakina, batzuei besteei baino gehiago gustatzen zaie irudietan ateratzea. Hala ere, gauzak normaltzen joan dira denborarekin. Batipat, hasieran kamara oso gogoko ez zutenak ere euren burua pantailan ikusten hasi zirenetik.

Zortzimilakoak alboratu eta mendizale xehea protagonista bihurtzen duten zure ikusentzunezkoak izango dira emanaldirik arrakastatsuenak…
J.M.R. Ez dut uste hala denik. Hori bai, abantailarekin jokatzen dut, irteeretako mendizaleak identifikatuagoak sentitzen direla ikusten ari direnarekin. Egia da klasiko bat bihurtzen ari dela mendizale astean, baina ez dakit kontu honek segidarik izango duen hurrengo urteetan. Izan ere, oso kritikoa naiz nire buruarekin, eta ideia faltan nabil oraintxe. Ez nuke montaiak urtez urte errepikatzera mugatu nahi…

Nola dago Euskaldunaren historiari buruzko ikusentzunezkoaren ideia?
J.M.R. Taldeak 60 urte betetzen ditu datorren urtean eta Carlos Alejosi komentatu nion ideia hori. Berak taldeko zuzendaritza batzordeari aipatu, eta honek urteko batzarrean proposatu zuen. Bazkideen oniritzia jasoa du, eta beraz aurrera goaz egitasmoarekin Carlos eta biok. Jarri dugun baldintza bakarra kolaboratzaileak ziurtatzea da; argazkiak, testigantzak eta halako elementuak eskura jarriko dizkiguten pertsonak, alegia.      


CARLOS ALEJOS
Roblesek bigarren ikusentzunezko bat ere aurkeztu zuen, larunbatean: “Jaizkibel: harria eta itsasoa”. Laguntzaile izan duen Carlos Alejosek azaldu zuen muntaiaren nondik norakoa:
“25 minutuko iraupena du; Jaizkibelgo kostaldea erakutsi nahi du, deskribatu baino gehiago. Izan ere, Donibanetik Hondarribira doan paraje hori oso leku ezezaguna zaigu gehienoi. Mendizaleok gailurretara joateko ohitura dugu, behekaldeak ahaztuz. Bada, oso ikusgarria eta kuriosoa da Jaizkibelgo parte hori. Marra zuriz markatua dago egun, eta oso gomendagarria da. Kostalde horrek 15 kilometro dituela jakinagatik ez pentsa oso erraza denik oinez egiteko. Gora behera handiak ditu, eta baliteke 9 ordu behar izatea dena egiteko”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!