Kantu Kalejira tradizioa sortzen ari da?
Juxto Egaña: Gaur ezagutzen den Kantu Kalejira bezala, aurtengoa, bigarren edizioa izango da. Afari edo bazkari kantua izan zen aurretik. Sorrera urteetan, abesbatzako partaideak biltzen ginen urtero Etenetan. Elkarteak ekitaldia bertan burutzeko aukera eman zigun. Geroago, kantu liburuxkak osatu genituen. Laugarren aldia edo izango da bertan egiten dugula. Bigarrena, kalejira eta guzti.
Kantu Kalejira ekimeneko osagai berriena, kalejira bera?
J.E.: Donostiako Alde Zaharrean Kantu Kalejira egin ohi da. Urretxuko talde baten kalejira da Urnietan duela bi urte arte ezagutu dugun azken saioa. Guk zergatik ez genuen antolatuko pentsatu genuen. Nahiz herriaren egiturak asko baldintzatzen duen. Urnietan ez bezala, beste herrietan kaleak askoz bilduagoak daude eta soinu aldetik errazagoa da halako ekitaldi bat ospatzea, Hernanin edo Donostian kasu. Hala ere jendeak gogoz parte hartzen du.
Hemendik kanpo gehienbat?
J.E.: Urnietan jende asko dugu ezagutzeko. Ezkutuan dagoen altxor asko ezagutu beharra dugu.
Errepertorioa zer nolako kantuek osatzen dute?
J.E.: Unibertsala da. Batetik garai batean mahai bueltan kantatu ohi diren betiko abesti tradizionalak ditugu. Bestetik kantu berriagoak, gazteen gustukoak. Ez da erraza denontzat errepertorio txukun bat egitea. Horregatik ahalik eta kantu sorta zabalena prestatu dugu.
Kantu Kalejira hasita egonda ere, edonork parte har dezake ibilbidean zehar?
J.E.: Bai. San Juan plazatik abiatuko da, Urraka aldea zeharkatu eta Arantzubitik Berrasoeta aldera joko dugu. Handik Zaldundegi ingurura jaitsiko gara. Amaitu berriz, Etxeberri plazan.
Ahots ederra izan beharrik ez, Kantu Kalejiran parte hartzeko?
J.E.: Lagun talde giro onean egoteko gogoa eduki eta ekitaldia gustukoa izatea aski da.
Gonbita urnietarrei…
J.E.: Bagarela Urnietan ere. Urnieta altxa behar dugula.
(Egitaraua, Agenda atalean).