Marizulo ikuskizuna, iristear

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 20a, 18:40

Pasa zen ostegunean Udalak eta Txanbolin txistu bandak hitzarmena sinatu zuten. Abenduaren 12 eta 13an Saroben eskainiko den ikuskizunean 70 herritarrek parte hartuko dute.
Ostegun arratsaldean, udaletxeko batzar aretoan, Txanbolinen eskutik ikuskizunaren aurkezpena egin zen. Ondoren, elkarteak eta Udalak, lan hau plazaratzea ahalbidetzen duen hitzarmena sinatu zuten.

Juxto Egaña eta Antton Jauregi, Txanbolin elkartetik, eta Mikel Izagirre alkatea, Mertxe Zapiain eta Gaspar Esnaola zinegotziak izan ziren hitzarmenaren protagonistak.
Txanbolin elkartekoek adierazi zutenez, 15 urte inguru badaramate herriko jaien  atariko kontzertua eskainiaz. Azken urte hauetan Euskal Herriko probintziei eskainia izan da. Orain, Euskal Herri osoko musika eta kantuak eskaini ondoren, aspalditik zuten ametsa gauzatu nahi dute, hau da, Urnietari buruzko ikuskizun handi bat egitea.

URNIETA OINARRITZAT
Ikuspegi poetiko, artistiko batetik abiatuta, Urnieta oinarritzat izango duen ikuskizun zabala egin nahi izan dute. Hasiera batean, egitasmo xumea zena, gerora pixkanaka gorpuzten eta borobiltzen joan da. Ikuskizunak hiru osagai izango ditu, musika, dantza, eta garrantzia bereziarekin antzerkia. Hiru arlo horietan garrantzia eman zaio Urnietako zerbait izateari eta urnietarren parte hartzeari. Musikatik abiatu zen lan honi, Urnietako historia lotuko zuen hari bat, edo antzerki gidoi bat egin zion Juan Agirre idazleak. Antzerki arlo horretan, Mikel Agirregomezkorta urnietarraren  aginduetara hogeitamar herritar inguruk hilabeteak daramatzate entsegu lanetan. Bestetik, Egapeko dantzariak izango dira, Edu Muruamendiarazen esanetara hainbat dantza eskaintzen. Eduk, zenbait koreografia berri ere sortu ditu ikuskizun honetarako.

HIRU ALTXOR
Ikuskizuneko musikari dagokionez, aurreko astean Aiurrik elkarrizketatu zuen Aitor Amezagaren gidaritzapean ari dira lanean herriko 16 musikari. Zuzeneko musika eta aurrez grabatua izango dira. Grabatutakoak, “Baga, biga, higa” ezaguna, eta Aitorrek prestatu duen gai bat izango dira. Gainontzeko guztiak zuzenean interpretatuak izango dira. Eskainiko diren piezen artean badira hiru, altxor bezala definitu zituztenak. Lehenengo altxorra, iaz Joxan Goikoetxea hernaniarrak, bere azken diskoan azaldu zuen “Urnietako doinua” izenekoa da. Joxanek duela urte batzuk Baionan aurkitu zuen pieza horren partitura. Hain zuzen, doinu hori izango da ikuskizuneko kanturik garrantzitsuena. Bigarren altxorra, Elizanburuk egindako “Ikusten duzu goizean” kantu ezagunari jarri zion doinua da. Doinu hau kantu hori sortu aurretik Urnietan erabiltzen zen. Karlistadaren ondorioz herria erreta geratu zenean sortutako kantu batena da, “Horra nun den Urnieta, ez da besterik pareta”... Hori dela eta, Txanbolinekoak ondorioztatu dute doinu hori Urnietakoa dela. Eta hirugarren altxorra, 1886. urtekoa da.  Antoine D´Abadiek Euskal Herriko hainbat herritan zehar antolatzen zituen “Lore jokoak”, besteak beste Urnietan ere bai. 1986. urtean D´Abadie Urnietara etorri zen, eta hemen, ongi etorria egiteko kantu bat prestatu zuten. Bada, egun hartan kantatu eta dantzatu zioten doinu hura izango da hirugarren altxorra. Horretaz gain, bi sorkuntza lan eskainiko dira, horietako bat, Antton Jauregi berak sortutako Mairubaratz izenekoa.

HARROKERIARIK GABE
Aipatutako izenez gain, Pablo Lusarreta herritara izango da soinu teknikaria, eta ez zuten ahaztu nahi izan, bertan izaterik izan ez zuen Luix Mari Zalduak ikuskizun hau bideratzeko egindako lana. Bukatzeko, eskerrak eman zizkieten, Udalari emandako babesarengatik, laguntzaile dituzten elkarteei, eta prest agertu ziren bi emanaldi hauen ondoren, agian datorren urtean, emanaldi bera, jende eta baliabide gehiagorekin herriko plazan eskaintzeko.
Baina, hankak lurrean dituzte, eta Antton Jauregik zioenez, orain arte egindakoarekin harro daude baina harrokeriarik gabe.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!