Gazte Lokalaren zortzigarren urteurrena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 20a, 18:39

Nerabezaroan sartzear dauden gaztetxoentzat bilgune bilakatu da Gazte Lokala. Arratsaldero eta, bereziki asteburuetan, giro polita sortzen da.
Ekimena martxan jarri zuenetakoa Marta Lasa Gazte Lokaleko hezitzailea da. Urteurrenaz eta Gazte Lokalaz hitz egiteko bada norbait.

Ostiral arratsaldea, sartu eta irten dabiltza gazte koadrilak. Bideogela erabiltzailez beteta dago, ordenagailuaren aurrean ez dagoena jolasean edo hizketan. Arratsaldea igarotzeko leku aproposa da Gazte Lokala, harik eta gehiago eguraldia txarra denean.

Hasierako urte haietatik zeintzu dira aldaketa nagusienak?
Marta Lasa. Guztiaren gainetik gazteriaren partaidetza anitza azpimarratuko nuke. Gazte Lokalera etortzen zen gazte gehiengoa hasiera batean erdaldunagoa zen. Lauzpabost urte hauetan lortu dugu aniztasunean irabaztea. Andoainen hiru ikastetxe daude eta hasiera batean gehiago etortzen ziren Leizaran institututik baina azken urteetan La Salleko eta Ikastolako gazteak ere badatoz.
Gazteen kopuruari dagokionez, astean zehar, arratsalde batean bataz beste berrogei gazte etor daitezke. Asteburuetan, bereziki igandetan, asko igotzen da etortzen den gazteen kopurua. Beteta izaten da asteburuetan.

Gurasoen aldetik zer nolako iritzia nabarmentzen da?
M.L. Ikasturte hasieran bisita gidatua antolatzen dugu gurasoentzat. Ikastetxe guztietako DBHko lehen mailako ikasleen bidez gutuna helarazten diegu, Gazte Lokala gertutik ezagutzera gonbidapena luzatuz.
Urtetik urtera guraso gehiago gerturatzen da. Orohar gurasoek ez dute ezagutzen bertako dinamika eta, alde horretatik, bisita gidatua oso baliagarria da. Bideo bat ekoiztu dugu eta bideo horren bidez Gazte Lokalaren dinamika modu zehatzean ezagutzen dute.

Oraindik orain Gazte Lokala deskubritzeko dagoen eremua al da?
M.L. Nik esango nuke urteak pasa ahala, Gazte Lokala erreferentzian bilakatu dela gazteentzat. Zortzi urte dira dagoeneko, eta ahoz ahokoak garrantzi handia dauka. Jendeak jende gehiago erakartzen duelako.

Gazte Lokalaren urteurreneko ekitaldiak igarota, zein litzateke balorazio idealena?
M.L. Gazteek parte hartzea Lokala haiena bezala sentitzen dutelako. Horrelako ekimenak martxan jartzeko haien parte hartzea funtsezkoa da. Errazagoa da guretzat gu geuk taxuzko egitaraua antolatzea. Baina helburua ez da egitarau polita aurkeztea, baizik eta haien beharretatik abiatutako zerbait antolatzea.
Oso ekitaldi sinpleak dira. Baten batek esan dezake, eta zer dela eta talo tailerra? Bada, behin egin genuen eta sekulako arrakasta izan du geroztik. Ilara luzeak sortzen dira ikasteko. Zuk egin eta gero jan izan ohi da esaldia. Garrantzia gutxikoa dirudi baina oso gogoko dute, beraiek direlako protagonistak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!