Santa Zezilia egunean herritarren txaranga

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 20a, 18:39

Musika tradizio handiko herria izanik eta hainbeste gazte musika ikasten ari direlarik, zergatik ez txaranga? Galdera horrek erantzun nahirik sortu zuten txaranga Fernando Uribesalgok eta beste zenbait musika zaleek.

Nolatan hasi zen txarangaren kontu hori?
2004an, Kaletxiki jaietatik luzatu ziguten ideia, ea txaranga bat osatu zitekeen bertako giroa alaitzeko. Pena handia ematen baitu jai handiek aurrekontua edukitzea edozer ikuskizun antolatzeko, eta txikiek, ostera, beti miserian aritzea. Horrela, bada, zenbait musikarik zerrenda jarri genuen musika eskolan, bolondresak eskatuz. Horrela, 30 bat musikari –beterano eta gazte- joan ginen Sanpedrotara Aupa Kaletxiki txaranga izena hartuta, zer jo behar genuen ere ia ia jakin gabe. Jarraitu nahi genuenok entseguen dinamikan sartu ginen partiturekin-eta.   

Zergatik erabaki zenuten jarraitzea?
Esan dudan bezala, musikaren bitartez bizitasuna emateko herriari eta auzoei. Hala ere, beste bat da arrazoi nagusia: irteera ematea musika jo nahi duten gazteei. Izan gaitezen zintzoak, eta aitor dezagun oso aspergarria dela musika ikasketa gazte batentzat, hasieran batez ere. Gazteak 15 urte betetzea, nesketan, kuadrilarekin… hasten denean, musika da uzten duen lehenbiziko gauza. Horregatik, gure asmoa pizgarri bat sortzea da; kalera atera dadila, dakiena erakus dezan senitarteko, lagun eta herritarren aurrean. Azken batean, bere instrumentua eskuan duela kalea zapaltzea izan liteke musika irakasgairik aberasgarriena gazte batentzat.

Nola moldatzen zarete txarangan gaur egun?
Xabier Huitzik ahal duena egiten du, eta geratzen dena nire kontu. Ostegunetan arratsaldeko 20:00tan biltzen gara. La Salleko patioan aritu gara orain arte, baina Basteron gela utzi berri digute. Zailtasunak, hamaika! Gazteek eguna beteta daukate eskola eta eskolaz kanpoko ekintzak direla medio, eta kosta egiten zaie entseguetara etortzea. Txarangaren etorkizuna euren esku dago.
Bestalde, dirurik irabazteko asmorik gabeko taldea garenez, apenas daukagun diru sarrerik. Kamiseta urdin bat daukagu taldeko adierazgarri bakarra, baina ez da aski udazken-negurako; ondo etorriko litzaiguke, noski, babesle komertzialen bat.

Izena finkatu al duzue?
Aupa Kaletxiki Kaletxikin, Dolarraren Txaranga Etxeberrietan, Aupa Sorabilla Sorabillan… Izen bakarra jartzea, egiteko daukagun lanetako bat da.  

Non eta noiz dituzue hurrengo kale agerraldiak?
Larunbat honetan bertan aterako gara herriko kaleetan, Santa Zezilia dela eta. Erregeen kabalgatan ere ateratzeko eskatu digute. Gorputzak herria animatzea eskatzen digulako, gabonetan gure kasa aterako gara ziurrenik. Hortik aurrera, auzoetako jaietara edo edonora joango gara deitzen diguten heinean.

Santa Zezilia tradizio handiko eguna izan da beti Andoainen…
Luis Fraca zuzendariarekin bandan jotzen nuenetik dut gogoan hutsik egin ezineko hitzordua zela egun hori; kalejira egiteaz gain, kontzertua ere ematen genuen. Orain ez da derrigorrezkoa, eta guk gabezi hori bete nahi genuke.

Nolakoa izango da larunbateko ekitaldi hori?
Eguerdiko 12tan hasiko gara, eta Kaletxikitik Zumea edo Etxeberrietaraino, ibilbide osoa egiten saiatuko gara. Urnietako musikari talde bat ere gurekin izango da; guk bezala osatu dute txaranga txiki bat, eta Salesiarretan entseatzen dute. Elkarrekin jotzera gonbidatu ditugu. Lanak eginda, Ontza elkartera abiatuko gara denok, bazkaltzera. Arratsaldean aterako ote garen? Ahal badugu eta animatzen bagara, bai!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!