Haize-errotak Gazumeko tontorrean?

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 18a, 17:48

2002 urtean iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak Gazumen haize-errotak jartzeko proiektua.

Proiektu horren arabera, mendiaren gailurrean, Errezilgo lurretan baina gure eskualdetik ikusteko moduan altxatuko lirateke haize-errotak.
Gazumekoa ez da haize-errota parke handia izango. Proiektuan aurreikusi duten energia kopurua ekoizteko, nahikoak izango lirateke bederatzi haize-errota. Gazumeko parke eolikoaren inguruko lehendabiziko txostenetan hamazazpi haize errota aurreikusten baziren ere, gaur egungo haize-errotek energia gehiago sortzeko ahalmena dute eta nahikoak izango lirateke bederatzi. Ramon Elosegui SEO Birdlife Gobernuz Kanpoko Erakundeko kide da eta hark eman ditu Gazumeko proiektuaren inguruko azalpenak: “Nik dakidanez, Gazumeko proiektua ikerketa prozesuan dago, baina dagoeneko prentsan argitaratu da enpresa sustatzailea Oriol Corporación Energética SA izango dela. Bestalde, oraindik ez dute aurkeztu ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa eta nik dakidala, oraindik ez da zabaldu alegazioak aurkezteko epea”. “Hamar errotatik beherako parkeak eraikitzeko, ez da derrigorrezkoa ingurumen-inpaktuari buruzko azterketa aurkeztea, horregatik ez dago oso garbi Gazumeko parkearen kasuan egingo duten edo ez. Egingo balute ere, azterketa horiek ez dira oso zehatzak izaten. Normalean, enpresa sustatzaileak izaten du azterketak egiteko ardura eta ez dira batere argiak izaten, ez zaielako interesatzen”, gaineratu du Ramonek.

Errotak, pistak eta porlana
Proiektuaren arabera, Gazumeko gailurrean altxatuko dituzte errotak eta 1,7 kilometroko luzera duen lursaila hartuko dute. “Oraindik ez dute zehaztu nolako makinak jartzekoak diren, baina ia ziurra da ahalik eta makinarik handienak jarriko dituztela, kopurua murrizteko. Gaur egun, 80 metroko altuera duten dorreak eraikitzen dira eta 100 metroko dorreak ere jarri dituzte Nafarroan. Turbina mugitzeko jartzen diren hegalek 45 metroko luzera izan dezakete”, azaldu dute SEO elkarteko kideek. “Kontuan hartu behar da, gainera, beste hainbat lan eskatuko dituela parkeak. Haize-errota bakoitzaren azpialdean 400 metro karratuko porlanezko oinarria egin behar da. Argi-indarra garraiatzeko kableak lur azpitik pasatzeko lanak ere egin behar dira, haize errotak bertaraino eraman ahal izateko edota mantenimendua egiteko pista zabalak ere eraikitzen dira eta energia banatzeko makinen gunea ere eraiki beharko da”, zehaztu du.
Gazume, Europako legediak babestutako naturguneen artean sartuta dago, bai landare zein animalietan duen aberastasunagatik, baita balio paisajistikoagatik ere. Berdin gertatzen da Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako beste zenbait parke eolikoekin ere. Arkamo, Alda-Arlaba eta Iturrieta Araban eta Kolometa Bizkaian, denak daude Red Natura 2000-ren barnean sailkatuta. “Gaur egungo bizimoduaren ezaugarri bat oso ondo islatzen da Gipuzkoan. Lurraldearen behealdeko sailetan eraiki ditugu hiriak, industriguneak edota ereindako soroak. Hori dela eta, bertako landare eta animaliek goialdeko lursailetara jo beharra izan dute. Horrek egiten du hain zaila natur zaintza eta parke eolikoak bateratzea”, azaldu du Ramonek.

Hegaztiei kalteak
“SEO Birdlife erakundea energia berriztagarrien aldekoa da, baina kasu bakoitzaren azterketa sakona egin behar da eta gure ustez ezinbestekoa da Naturgune Babestuak errespetatzea. Momentuz, ez da ezagutzen kalterik eragingo ez duen energia sortzeko modurik, baina ez du batere logikarik kudeaketa zaila duen, kalteak eragingo dituen eta behin-behinekoa izango den sistema garestiaren aldeko apustua egiteak ”, diote SEOko kideek. “Hegaztien migraziorako puntu garrantzitsua da gure ingurua. Haize-erroten hegalak mugimenduan daudenean ikustezin bihurtzen dira hegaztientzat eta talka egiten dute. Bestalde, parke eolikoa eraikitzeko lanetan, bizitzeko edota habiak egiteko beharrezkoak dituzten guneak txikitzen dira”, gehitu du Ramonek.

Energia eolikoaren arazoak
Argi-indarra ezin da biltegietan gorde, beraz, elektrizitate eskaera igo ahala sortzen joan beharra dago. Horixe da energia eolikoaren arazorik handiena. Elektrizitate eskaera handitzen den momentuan haizerik ez badago, ezin zaio eskaerari aurre egin eta sistemak huts egiten du. Energia garbia da haize errotek sortzen dutena, baina ezin da ekoizpen jarraitua bermatu. Horregatik, energia beste modu batera ekoizten duten zentralak eraikitzen dira. Laguntzako zentral horiek, eolikoen balizko hutsegite bati aurre egiteko, etengabe sortzen dute energia, baita benetazko beharrik ez dagoenean ere.  
“Gaur egun, elektrizitatea banatzen duten enpresak legez behartuta daude parke eolikoetan sortzen den elektrizitate guztia erostera, baita behar ez badute ere. Oso prezio altuan erosi beharra izaten dute gainera, ohiko prezioa baino %400 garestiago. Prezio horren %300a dirulaguntzen bidez erosten dute. Egunen batean laguntza horiek mozten badira, parke eolikoak bertan behera utzi eta txatarra bihurtuko dira”, azaldu du Ramon Eloseguik.

ESKUALDEKO MENDI TALDEAK, GAIAREN INGURUAN SOLASEAN

Fernando García
Andoain

“Oraindik egitasmoa geratzeko denboraz gaude, ez baitira lanekin hasi”

Fernando García Andoaingo Euskalduna mendigoizale taldeko batzordekide eta Mandoegiko zentral eolikoaren aurkako taldekidea da.

Zein berri duzu Gazume eta Mandoegiko parke eolikoen inguruan?
Hasiera batean bazirudien Gazumekoa aurrera zihoala eta Mandoegikoa atzean geratuko zela. Orain, ordea, 2010erako energia berriztagarrien gaia Europarekin parekatu behar denez, badirudi zentral gehiago egingo dituztela. Mandoegiko egitasmoa garrantzitsua da bultzatzaileentzat, Gazumen baino haize-errota gehiago jarriko baitituzte. Nire ustez Mandoegiko zentrala Gazumekoa baino lehenago egingo dute. Jende gutxik ezagutzen du Mandoegi eta ez dirudi horrenbeste inporta denik han zentrala jartzea. Gazume, ordea, bistan geratzen da; Ernio mendi ezagunaren ondoan. Mandoegikoaren aurrean Leitza eta Goizuetak ager dezakete ezadostasuna baina, Berastegi eta Elduaienen kasuan, gustura zentrala eginda ere. Herritik ikusten ez denez, jendeari ez zaio batere axola. Gainera, trukean dirua jasotzen dute eta herria txukuntzeko edo beste edozertarako erabil dezakete. Sentsibilitate ekologikorik ezean, hausnarketa guztiak hor konpon!

Zein aurkako arrazoi aipatuko zenuke zentral eolikoen inguruan, energia garbia sortzen dutela kontuan hartuta?
Ez dute arazoa inondik inora konpontzen; oso energia kantitate eskasa sortzen baitute. EAEn %3ra iritsiko litzateke eta egun, energia eskaera %6 handitzen da urtero. Ondorioz %3 hori denboraren poderioz ezerezean geratzen da. Osorik dauden paraje natural gutxi horiek zapuztea soilik lortzen da. Hori guztia, interes ekonomiko hutsengatik. Jakina ez bada ere, zentral bakoitzak izugarrizko azpiegitura eskatzen du: pistak, energia jasotzeko bateriak, lineak… Bestalde, ingurumen inpaktua ere aipagarria da; Gazumeren kasuan izugarria litzateke. Energia garbiaren atzean izugarrizko negozioa dago.

Zein beste aukera dugu herritarrok?
Irtenbidea kontsumo ohiturak aldatzean legoke, gure planeta nora daramagun kontzientzia hartzean. Zentral eolikoak irtenbide onena balira bezala saltzen dizkigute, dena diru-zaborra den bitartean.
Paraje naturaletara txikizioa besterik ez dakarkitela pentsatzeko arrazoi nahikoak daudenean, zergatik ez da jendea aurka azaltzen? Interes falta edo ezjakintasuna?
Gizartearen aurrean, energia berriztagarri, garbi eta doanekoa moduan saltzen dute. Iritzi publikoa ez da zentralen aurkakoa. Mendizalea ez den jende askok esan dit Mandoegiko zentralaren aldekoa dela. Kaleko jendea da, Mandoegi non dagoen ez dakiena. Ez dago aurkako iritzi sendorik; prentsaren bidez nahiz irudi berdeen laguntzaz ondo lantzen dute gaia.

Zein da mendizale nahiz mendi elkarteen papera?
Denetik dago. Pentsa gure kasuan, Euskaldunarenean: Mendi talde gehienak errenbindikatzaile eta inkonformista papera galdu duten pertsona helduen eskutan daude. Nahiago dute lasaitasuna. Seguruenik zentralen aurka egongo diren arren, nahiago dute arazoak saihestu. Gure kasuan, aurkako jarrera aktiboa azaltzeak, mendizale giroan gogoko ez dituzten ekologistak edo alternatiboak gerturatzeko beldurra ere badago. Elkartean bertan aurkako eta aldeko jarrerekin topo egiteak ere beldurra ematen du, ur handiagoetan sartzea eskatzen baitu horrek.

Mezuren bat bidaliko al zenuke eskualdera?
Norberak bere kontzientziaren arabera jokatu behar duela. Eolikoen gaia azkar doa eta 2010erako aurreratu nahi badute, konturatzerako, eskabadorak lanean aurki ditzakegu. Orduan jada ez da atzera bueltarik izango. Oraindik egitasmoa geratzeko denboraz gaude, ez baitira lanekin hasi. Pasaiako superpotua edo AHTaren gaiak ikusita, esperantza txikia da. Gizartearen alderdi bat aipatu egitasmoen kontra azaltzea ez da nahikoa haientzat lanak geratzeko. Itxura txarra du gaiak.


Aizkardi mendi taldea
Amasa-Villabona

“AHTaren gaiarekin bezalaxe, desinformazioa erabatekoa da”

Aizkardi mendi elkarteko kideek eolikoena balantzan dagoen gaia dela uste dute; “oso energia ekologikoa lortuagatik, txikizio handiak sortzen ditu”.  Muga horretan, beraz, gehiengo nagusia zentral eolikoen aurka ageri da, “ingurumen-inpaktua handia izango da eta parkea jartzeak eskatzen duen azpiegitura ere bai.  Aurrez ekimenaren berri ez ematea da okerrena; ezkutuan ibiltzea. AHTaren gaiarekin bezalaxe, desinformazioa erabatekoa da”. Egitasmo estrategikoak direla uste dute, “hemendik urte gutxira energiari dagokionez autosufizienteak izan behar dugula argudiatuz egingo dituzte, beste ezeri begiratu gabe. Plana bera baino okerragoa da egiteko modua”. Zentrala Gazumen, Mandoegin, Uzturren edo Loatzon jartzea berdin dela adierazi dute, egiten den mina berbera delako leku batean edo bestean. “Parke eolikoena apustu ekonomikoa ere bada eta ez da komeni itsasoko energia erabiltzea, olatuen indarra aprobetxatuz eta eolikoak itsasoan jarriz”. Eolikoen gaiak kontsumoaren gizartearekin lotura estua duela ere aipatu dute, “kontsumoaren gizartean bizi gara eta parke eolikoen gaiak ere badu lotura gizarte horrekin: beste bide egokiagoak egonagatik, daukaguna esplotatu egin behar da aurrena.  Politika nahiz ekonomia eta produktibitatearen harremana!”.


Sagain mendi taldea
Asteasu

“Kezkaturik gaude zentral horrek egin dezakeen kaltea ikusita”

Sagain mendi taldeko kideek ez dute iritzi bateraturik gai horren inguruan eta, bereziki, Gazumen eraiki behar dutenari buruz. “Baina kezkaturik gaude zentral horrek egin dezakeen kaltea ikusita. Proiektua aztertu egin nahi dugu eta Mendi Astearen baitan, azaroaren 26an, mahai-ingurua antolatu dugu arratsaldeko 20:00etan udaletxeko zine aretoan”.
Batetik, talde ekologistek hartuko dute parte eta bestetik, euskal administrazioak ere bere ikuspegia azalduko du. “Oso interesgarria eta aberasgarria izan daiteke, ikuspuntu ezberdinak aztertuko direla kontuan hartuta”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!