Herriko museoak, hamar urte

Duela hamar urte zabaldu zen herriko museoa. Koldo Jauregi museoaren sortzaileetako batek eta Xabier Mujika alkateak urte hauetako balorazioa egiteaz gain, etorkizuneko asmoez hitz egin dute.

Ni museoa sortu eta gero etorri nintzen herrira eta nire iritziak eta museoaren sortzaileenak ezberdinak izan daitezke. Azken urte hauetan herriko boluntario talde baten bidez funtzionatu du, baina gainerakoan, nahiko geldirik eta utzita egon da. Udalak azken urte hauetan ez du apusturik egin museori begira. Egoera hori indartu eta pauso berriak eman, edo, museoa itxi, erabakiren bat hartu beharra zegoen eta museoan biltzen diren tresna guztiak herritarrek utzitakoak direla kontuan hartuta, aurrera egitea erabaki dugu”, azaldu du Xabier Mujika alkateak. Koldo Jauregi herritarra, museoaren sortzaileetako bat izan zen. Aurrena, baserriz baserri tresnak ikusi, apunteak hartu eta museoan erakusteko biltzen ere aritu zen. “Museoak arrakasta handia izan zuen hasieran. Herri txikienen artean lehendabizikoa izan zen gurea. Urteak aurrera, museoa kudeatzeko arazoak sortu ziren eta hoztu egin zen egitasmoa alde guztietatik, ia museoa ixteraino”. Baina Koldo ez zen museoa ixtearen aldekoa. “Azken urte hauetan jende asko etorri da kanpotik Larraulera bizitzera. Etxebizitza eta txalet asko eraiki da, guztiz itxura berriko herria osatuz. Larraul, ordea, baserritarra izan da beti eta, nire asmoa, lehengo herria museoaren bidez behinik behin bizirik mantentzea da”.

Iragana orainera
Hainbat hausnarketa egin eta gero, Udalak Larraulgo baserri giroa bizirik mantentzeko bideragarritasun proiektua jarri du martxan eta erakunde publikoetatik dirulaguntza jasotzeko eskaerak egin ditu, “epe laburrean abian jarri nahi dugun egitasmoa ez da museoan soilik oinarritzen, herri proiektua izango da. Museoarekin batera, herrian dauden txoko ezberdinak erakutsi nahiko genituzke: errota, burdinola, karobiak…”. Larraulen iragana ezagutarazteko, ordea, hainbat lan egin behar da berreskurapen, garbiketa nahiz seinaleztapenei begira. “Egitasmoa garatzeko lanean hasi gara dagoeneko baina, gu bezalako Udal txiki batek horri guztiari erantzuteko, diru asko behar du eta erakundeen laguntza ezinbestekoa izango dugu. Egitasmoa 2009 urtean martxan jartzea nahiko genuke”.

Museoa, ohiturak eta txokoak
Alkateak adierazi duenez, egitasmo berrira bisitariak erakartzeko, Tolosako turismo bulegoa litzateke erreferentzia garrantzitsuenetako bat. “Bai kanpotik etortzen den jendeak edo bertakoak, askotan jotzen du Tolosako turismo bulegora inguruko txokoak ezagutzeko asmoz. Jende multzo handia erakar daiteke bertatik. Bestalde, Hezkide eskola herrian bertan daukagu eta haiei ere interesa dakieke proiektua. Besteak beste, ikastetxeei ere iraganeko Larraul eta larrauldarren ohiturak ezagutzeko eskaintza egingo genieke”. Oraingoz, gertutik gertura hasiko dira lanean; “herrian daukagunarekin hasiko gara lanean. Denbora gutxirako datorrenarentzat egokia eta interesgarria da museoko bisita baina, bidaia luzexeagoa denean, mendi buelta eginez, txoko berriak ezagutzeko bideak ere zeharka daitezke”. Etorkizunari begira, Udalaren helburua ez da egitasmoa Larraulen soilik kokatzea; gero eta gehiago zabaldu, gero eta aberatsagoa delako. “Larrauldik hasiko gara bertako museoa eta ohiturak erakusten baina, horrek ez du esan nahi etorkizunari begira zonaldean dauden beste hainbat txoko eta ekimenekin lotura izango ez duenik. Kulturalki aberasgarriagoa izan daiteke, gainera”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!