Egur-lanketa eskola Betani etxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 18a, 17:39

Ostiral arratsaldero zazpi pertsona biltzen da egur tailan aritzeko. Adin guztietako herritarrak biltzen dira tailerrera eta bakoitza bere mailan, eskulanetan aritzen dira Jon Iñaki Ormazabal irakaslearen laguntzarekin.

Duela zazpi urte jarri zen martxan Asteasuko egur taila ikastaroa. Lehendabiziko talde hartan hasi ziren ikasle batzuk, gaur egun ere egurra lantzen jarraitzen dute eta taldekide berriak gehitu zaizkie. “Zazpi pertsona biltzen gara. Batzuek urte asko daramate egur-lanketan eta beste batzuk, denbora gutxiago. Bakoitza bere mailan aritzen da, lan ezberdinak egiten”, azaldu du Jon Iñaki Ormazabal irakasleak.
Betani etxean biltzen dira ostiral arratsaldetan. Jon Iñaki Ormazabal irakaslea bertan izaten da bakoitzari bere lanean laguntzeko: “Euskal taila tradizionalak geometria du oinarri nagusitzat, eta hortik hasten gara. Kutxa txiki eta handiak, argizaiolak, pertxeroak, ordulariak, lauburuak..., horrelakoak eginez hasten gara tresnak nola erabili ikasten. Egur mota ezberdinak ezagutzea ere lehendabiziko hilabetetako lana izaten da. Hori menperatutakoan, erliebea eta bolumena lantzen hasten gara. Hor sartzen da norberaren sormena. Armarriak, koadro abstraktoak, kartelak..., denetik egiten dugu”.

Argazkitik, egurrera
Floren Korres tailerreko kidea, esaterako, argazki zahar bateko irudia egur gainean islatzeko lanean ari da. “Arabako herrixka bateko irudia da eta nire familiako kide batzuk agertzen dira bertan. Zailena, pertsonen irudiak ondo lantzea egiten ari zait. Jende ezaguna da niretzat, eta aurpegiak ondo islatzea zaila egiten zait, horretan ari naiz buru-belarri”, azaldu du.
Ostiral arratsaldetan, bi orduz aritzen da Jon Iñaki Ormazabal ikastaroko kideei laguntzen. “Ostiraletako orduez gain, ikasleek tailerrera etortzeko aukera izaten dute. Bakoitzak bere giltza du eta nahi dutenean etortzeko aukera dute, tailer-eskola moduan funtzionatzen du”.
Egur taila ikastaroa hasi zenean, duela zazpi urte, udaletxeko goiko solairuan biltzen ziren. “Ondoren, Betani etxeko behealdean txoko bat egokitu zuten. Urtetik urtera, Udalak emandako laguntzarekin, beharrezko tresnak eta materiala erosten joan gara eta pixkanaka tailerra osatzen ari gara. Oraindik ere makinaren batzuk falta dira, baina lanerako ondo egokituta dago tailerra”, azaldu du Jon Iñakik.
Iraileko azoka berezian ikusgai izan zituzten urtean zehar egindako hainbat lan: “Zer egiten dugun erakusteko modua da azokan postua jartzea. Horrez gain, norbaitek gure tailerra ezagutu nahiko balu, ateak zabalik daude. Ikastaroan izena emateko aukera ere oraindik zabalik dago. Horretarako, udaletxera jo beharko litzateke”.

Giro ederrean
Hamabost urte dituzte ikasle gazteenek eta hirurogeita hamar inguru helduenek. Iñigo Korres, Gorka Arizeta, Pedro Usandizaga, Teresa Del Valle, Floren Korres, Antton Etxeberria eta Jokin Txapartegi asteasuarrek, euren zaletasuna lantzeko tartea aurkitzen dute Betani etxean: “Giro polita sortzen da. Norbera bere lanean aritzen da eta elkarrekin hizketan aritzeko aukera ere izaten da. Urtean zehar hainbat merienda eta afari ere egiten dugu”, diote parte hartzaileek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!