Jaia eta konpromisoa, eskutik lotuta

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 18a, 17:37

Euskararen Egunaren harira, festa bateratua antolatzea erabaki dute Asteasuko Udalak eta Pello Errota eskolak lehenengoz. Abenduaren 3an, jaia izango da nagusi arratsaldean.

Aitor Atxega hizkuntza normalkuntzako arduradunak eta Pello Errotako irakasleak adierazi duenez, “orain arte, Euskara Egunean eskola mailan antolatzen genuen jaia baina, Udalak abian duen Euskararen Biziberritze Planaren barruan, indarrak batuta, elkarrekin herri mailako jaia antolatzea erabaki dugu aurten”. Pello Errota eskolan duela bost urte hasi ziren abenduaren 3an jaia antolatzen, “oraindaino, eskolan bertan antolatzen genituen ekintzak, kantuekin eguna gogoratuz. Aurten goizean eskolan gaia landuko badugu ere, arratsaldean izango da ekitaldi potoloa; Asteasuko pilotalekuan, 15:15etatik aurrera”. Eskolako kideek hiru kantu abestuko dituzte jaialdian: Bizkaiko eskola batean horrelako egunetarako propio egindako kantu bat, Pello Errota eskola eta Asteasu herria aipatuz egokitu dutena, Behin betiko abestia eta Bagera kantu ezaguna.

Mezuak eta konpromisoak
Abesti hasiera eta tarteetan inguruko pertsona ezagun batzuen mezuak eskainiko dituzte pantailan, bertaratuak euskararekin konpromisoa hartzera animatuz. “Pertsona ezagun horiek Anjeles Uzkudun, Enrike Segurola, Nerea Alias, Kike Amonarriz, Antselmo Larrarte eta Ainhoa Etxabe izango dira. Euskara eta erabileraren inguruko mezuak luzatuko dituzte; bereziki, gurasoei zuzenduta”. Gurasoen artean triptiko bat banatuko da, kantuen hitzekin eta pertsona ezagun horien esaldiekin osatuta. Triptikoaren azpialdean, euskararekin konpromisoa hartzeko txartel bat ere izango da. “Orri horren bidez, batetik, haurrekin batera kantuak abesteko aukera erraztuko zaie gurasoei. Ekitaldiaren bukaeran, triptikoaren azpialdeko konpromiso txartel hori ontzi batera botako dute eta konpromiso horiekin, guraso, ikasle eta irakasle, denok batera, erabakitzeke dagoen irudi sinbolikoa osatuko dugu paretan”. Ikasle eta irakasleen kantu emanaldiaz gain, guraso elkarteko kideek ere ikuskizuna eskainiko dute.
Herritarrak festara gonbidatzea da antolatzaileen helburua, “euskararen gaia eskolarena ez ezik, herritarrena ere izatea nahi dugu eta jaia kalean normaltasunez ospatzea”.

%80-a euskalduna Asteasun
Asteasuko Udalak bideratuta, Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) kudeatzen duen Siadeko enpresako teknikari Loinaz Azurmendik, ekimen honen bidez, Euskara Egunaz gozatu eta euskararen aldeko kontzientzia asteasuarren artean piztea lortu nahi dutela adierazi du, “Asteasuko biztanleriaren %80 euskalduna da, %12 ia-euskalduna eta erdalduna gainerako %8a. Herritar gehienak euskara dakitenak izanik, euskaldunen arteko harremanetan euskara naturaltasunez erabiltzeak duen garrantzia azpimarratu nahi da, horrek jatorriz euskaldunak ez diren herritarren artean ere euskararekiko interesa pizten lagunduko baitu”. Pello Errota eskolako ikasle, guraso eta irakasleek abiatuko duten jaialdia gaueko 21:30ak arte luzatuko da. Eskolako kideen emanaldia amaitzen denean, 16:15etan, gurasoek antolatutako merienda izango da. 17:00etan Txorromorro animazio taldearen “Gramola” emankizuna eta 19:00etatik aurrera, Diskofesta. Abenduaren 3an, euskara ahoan, ondo pasatzeko aukera ziurtatuta dago . Eta, ahaztu gabe, aurrerantzean ere egunerokotasunean euskara erabiltzeko gonbidapena.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!