Alberto Agirreren partiturak argitara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 18a, 17:33

Leire Ibañez, Donostiako Kontserbatorioko irakasleak ikertu eta kaleratu ditu Agirren partiturak.

Alberto Agirreren musika lanak biltzen dituen liburua aurkeztu berri du Leire Ibañez Mendikutek. Agirreren biografia idatzia dauka lehendik, Leizaur 4 aldizkarian.

Zer bilatuko du irakurleak liburu honetan?
1990ean Leizaur 4 aldizkarian argitaratu zen biografiaren jarraipena da oraingo hau. Bere musika lanen partiturak biltzen dira bertan. Abesbatza, musika banda edo organoari begira eratu zituen gehienak; 35 bat pieza guztira. Tartean daude lau meza, hamasei motete edo pieza erlijioso, lau ereserki, zortzi euskal kanta polifoniko eta hiru bat harmoniumarekin jotzeko. Neroni artxibo ezberdinetan ikertzen ibili eta gero, Jose Manuel Crespok egin ditu kopista lanak; esan behar dut izugarrizko lana egin duela Crespok, 200 orriko partiturekin. 

Argitaratu gabe geratu al da partiturarik?
Agirre oso ordenatua zen eta egin zuen gehiena topatu ahal izan da. Hala ere, penaz esan behar dut bat behintzat galduta dela: bandarentzat egokitu zuen Mozarten Don Giovanni operaren egokitzapena. Berak erretiroa hartu zuenean familiak udaletxean utzi zuen pieza, baina alaba batek zioenez “ezjakin batek erre egin zuen”. 

Agirreren sona handia kontuan hartuta, ez al zen zentzuzkoagoa bere biografia eta konposaketa sorta, liburu batean biltzea?
Pena eman dit, egia esanda, partitura liburu hutsean geratu izana. Pozik nago, hala ere, Eusko Ikaskuntza eta Andoaingo Udalaren laguntzaz gauzatu ahal izan delako bere lanak argitaratzearen ideia. Edonork izango ditu eskura hemendik aurrera, abestu edo jo nahi baditu.
Izan ere, musikologiaren diziplinari begiratzen badiozu, ohartzen zara nahiz maila apala izan Agirreren produzioa behintzat kaleratu dela.

Ikertzeko eta argitan jartzeko asko dagoela iruditzen zaizu…
Harrigarria da baina artxibategietan bazterturik jarraitzen dute Usandizaga, Sorozabal, Gorriti eta antzeko konposatzaileen obra asko. Gerturago, Andoaingo organoko atzealdean, artxibategi oso bat dago, eta inork ez ditu ukitzen. Lanhoriek guztiak argitaratzen ahalegin zitezen gonbidatuko nituzke nik erakundeak.

Agirre konposatzaile gisa definituko al zenuke?
Bera oso tradizionala zen, elizkoia; bere izaera ere halakoa zelako. Bera ez zen gehitu Europatik zetozen mugimendu artistiko berrietara (inpresionismoa, espresionismoa…).  XX. mende hasieran Pio X Aita Santuak ezarri zuen erreformarekin egin zuen bat. XIX. mendean oso musika erromantikoa egin zen elizetan abestiak eta instrumentuak sartuz, eta erreforma horrek garbiketa moduko zerbait bultzatu zuen. Zuhurtasuna behar zen nagusitu, eta polifonian adibidez, testuak zeukan garrantzirik handiena; oso ulergarria izan behar zuen testua, apaindurak eta soinu efektu berriak baztertuz. Estilo horri heltzen dio beraz, Agirrek.
Musika profanoan, adibidez, euskarazko abesti mordoa idatzi zuen abesbatzarentzat. Bera ez zen abertzalea, baina euskal musika nazionalistaren korrontearekin egin zuen bat, gerra aurrean. Herriko pertsona famatuen alde egin zituen ereserkiak, Larramendi, Elkano… Abesti horietan herriarekiko, Jainkoarekiko, euskararekiko…, maitasuna adierazten zen normalki.

Zenbaiterainokoa da Agirrek Andoainen utzi duen arrastoa?
Asko zor dio Andoaingo herriak. Batzuetan  neurtzzko oinarria utzi zuen musikaren hezkuntzan Andoainen. Ez da harritzekoa, gero, herriko familia askok musikarekin daukaten tradizioa: aizpuruatarrak, huizitarrak, eturatarrak… Bere zortzi seme-alabek ere jaso zuten musikaren kultura, eta Kinkileriako etxean ematen zuten pedagogia aurreratua zen, oso gertukoa; euskaraz ematen zuten gainera. Ni neroni euren ikasleetako bat izan nintzen eta oroitzapen gozoak dauzkat gordeta.
Egia ere bada berari garai berezia egokitu zitzaiola. Musika eskolako, musika bandako eta abesbatzako zuzendari izan zenean, Udalak asko laguntzen zuen ikasketa musikala, eta bandako musikariek soldata txiki bat izaten zuten.

Ikertzen jarraitzen al duzu musikagintzaren arloan?
Ahal dudan neurrian. Doktoradutzako ikasketak egiten ari naiz Valladolideko unibertsitatean, eta tesina moduan “Alberto Agirre musikari bultzatzailea Andoaingo herrian” irakurri nuen gazteleraz, pasa den otsailean. Andoain bezalako herri koxkor bat hartu nahi izan nuen eredutzat, XX. mende hasieran elizak musika irizpideak ezartzeko zeukan boterea aztertu asmoz Geroztik proposatu didate Andoaingo kasuan egindako ikerketa Euskal Herri osora zabal dezadan. Badakit ez dela oso praktikoa halako lanak egitea, baina musikologiako arlo hori gustatzen zaidalako aritzen naiz, ez beste edozerengatik. Alde horretatik, helduko nioke proposamen horri, baina zaila ikusten dut irakasle lanbidearekin eta hiru seme-alabekin…
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!