Aparkalekuak, notizia berriro

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 18a, 17:30

Oria merkatal elkarteko kideak aparkalekuen gaiarekin haserre daude eta Errebote plaza goizez zabaltzea eskatzen dute aparkatzeko. Udalak ez du uste aukera hori egokiena denik.

Oria merkatal elkarteko kideek aparkalekuen gaiak arazo izaten jarraitzen duela diote eta kaleratu duten txartelak dioen modura; aparkalekuak eskatzea ez dela gutizia, beharra baizik. Ez da gai berria: merkatariek Villabonan aparkatzeko dagoen arazoa konpondu egin behar dela adierazi dute berriro ere. “Udalak Txerminen berritu duen aparkalekua oso egokia iruditzen zaigu eta beste egitasmo batzuk lantzen ari direla ere badakigu. Proposamen guztiak, ordea, herritik kanpora egindakoak dira. Eta guk herrian bertan nahi ditugu eta mordoxka gainera”. Merkatariek batez ere eguneroko erosketei begira ikusten dute behar hori eta une honetan ikusten duten aukera bakarra Errebote plaza autoak uzteko zabaltzea da. “Plaza hutsik egoten da goizetan eta guk, astelehen, asteazken, ostegun eta ostiral goizetan soilik irekitzea eskatzen dugu. Ez dugu uste asko eskatzea denik. Badakigu Kale Nagusia oinezkoentzat bideratu dutela baina, ofizialki oraindik guri ez digu inork esan plaza ingurua peatonalizatuta dagoenik”. Plaza irekitzea ezinezkoa bada, beste aukeraren bat emateko eskatzen diete Udalari, herriaren erdigunean. “Etxe asko eraiki da azken urteetan baina aparkalekuak ere behar dira. Udaletik herri guztietan arazo berbera dagoela esaten digute baina Villabonan duela 10 urte ez zegoen horrelako arazorik. Agian prebisio txarrak egin dira. Lehen Villabonan ez zegoen ia dendarik eta orain merkatariok herria bizitu dugunean, ez dago aparkatzeko tokirik”. Oria merkatal elkarteko kideek urteak daramatzate gai honen inguruan kexatzen. “Orain arte, ordea, banakakoak ziren kexak eta ez geneukan indarrik. Orain elkarte bezala indar gehiago egin dezakegu”. Irtenbidea nahi dute eta sinadura bilketari ekin diote, “sinadura asko eta asko lortu dugu, bezeroek ere bat egiten baitute aparkalekuen arazoarekin”.
Bestalde, Villabona eta Zizurkil lotzen dituen Zubimusu zubia oinezkoentzat soilik ireki eta trafikoa Zizurkildik desbideratzeak izugarrizko kalteak ekarri dizkietela adierazi dute. (18 orrian).

Udalaren iritzia
Udaleko kideak kontziente dira Villabonan aparkatzeko arazoa larria dela, “aparkalekuen arazoa handia da hemen baina, baita beste herrietan ere. Gure aldetik arazo horri irtenbidea emateko saiakerak egiten ari gara: Txerminen, trafikoaren norabidea aldatu genuen; bide bazterrean autoak aparkatu ahal izateko, Txermingo aparkalekua egokitu egin dugu: zuloak tapatu, lurra berritu eta margotu, argiak eta seinaleztapenak jarri. Lehen utzi samarra zegoen gune hori eta iluna geratzen zen. Berrikuntzak eta gero, kotxeak uzteko leku egoki eta segurua dela uste dugu. Ehun aparkaleku inguru ditu eta erdigunetik oso gertu geratzen da”.
Udaleko hainbat kide duela denbora gutxi bildu da merkatariekin eta euren kezka ulertzen dutela adierazi diete. Hala ere, aparkaleku falta adierazten duten txartelak eta plaza aparkatzeko eskatuz bideratu duten sinadura bilketa bi kontu ezberdin direla uste dute. “Argi dugu aparkaleku falta dagoela herrian; bat egiten dugu horretan merkatariekin. Hala ere, abian jarri duten sinadura bilketa beste kontu bat da. Izan ere, plaza autoak aparkatzeko eskatzen baitute eta hori kontraesan handia da guretzat. Azken urte hauetan kale hori oinezkoei zuzentzeko lan handia egin da eta berriz kotxeei zabaltzea ez zaigu egokia iruditzen. Plaza ez da sekula kotxeak aparkatzeko erabili eta errebotean jokatzeko ere oztopoa litzateke, besteak beste, kotxeek askatutako olioak lurra irristakor bihurtzen baitu”. Iazko Gabonetan, plazan aparkatzeko aukera eskatu zuten dendariek eta proposamena onartu egin zuen Udalak. “Aurten ere, garai horretan gauza bera egitea azter daiteke”.

Aparkaleku berriak etorkizunean?
Agerikoa denez, ezinezkoa da herriaren erdigunean aparkaleku berriak egitea baina, kanpoko auzoetan egon daitezkeen aukerak aztertzen ari da Udala. Bai Legarreta auzoan eta baita Larrean ere. “Agian Legarretan aparkalekua egiteko aukera egon liteke eta zubi baten bidez Arroa auzoarekin lotuz, inguru hartan aukera zabalagoa eskaini. Ikusi egin behar da, ordea, zein bide hartzen duten lur horiek. Larrean, berriz, azken urte hauetan sokamuturra egiten den zelaian aparkalekuak egiteko aukera aztertzen ari gara”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!