Gune berriak herrian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 18a, 17:29

Azken urte hauetan asko aldatu da Villabona: etxebizitzak, eraikin berriak… Lan horiek guztiek txoko berriak sortu dituzte herrian; kale, plaza nahiz pasealeku berriak.

Herriko txoko berri horiek guztiek izena behar dute orain eta Udalbatzak dagoeneko erabaki du gune berri horietako bakoitzari zein izen eman. Villabonako Kale Nagusiaren inguruan egin dira berrikuntza gehienak eta, ondorioz, bertan biltzen dira aipatu gune berri horietako gehienak. Batetik, Mintzola etxearen atzealdeko eta pilotaleku berriaren aurrealdeko plaza: Gudari Plaza izena emango zaiona. Pilotalekuaren atzealdean eta Oria ibaiaren alboan egin den plaza, Maiatzaren Lehena Plaza izango da. Plaza horretatik Oria ibaia zeharkatuz Zubimusuraino luzatuko den pasealekuak, Urtzabal Ibilbidea izena hartuko du. Lehen Salvadora papertegia zegoen gunetik erreka aldera joango den kaleak, berriz, Aldude Kalea. Eta Aldude Kaletik Errebote plazaraino luzatuko den kale berria Pilotarien Kalea izango da.

Toponimia eta gertaerak kontuan
Kale, plaza eta pasealekuen izen berriak herriko toponimo eta gertaerak kontuan hartuta aukeratu ditu Udalak. “Herriaren alde lan egin zutenak gogoan, plaza berrietako bati Gudari Plaza izena jartzea erabaki dugu. Maiatzaren Lehena, berriz, Subijana nahiz Salvadora papertegian lanean aritu ziren langileen omenez”. Urtzabal izena aspaldiko toponimoa da, “Antzina, Salvadora papertegiaren eta Txuine etxearen artean, erreka gainetik pasadizoa zegoen. Urtzabal esaten zitzaion. Auzo hartakoak pasadizo hartatik igarotzen ziren ganaduak, gurdiak eta belarra hartuta”. Aldude Plaza izenarekin, berriz, azken hamarkadan Villabonarekin anaieratuta dagoen Behe Nafarroako Aldude herriari keinu egin diote eta Pilotarien Kalea, pilotak herrian izan duen eta duen oihartzun eta tradizioari eusteko. aukeratuko dute

Malkar plaza
Kale Nagusiaren inguruan ez ezik, Kale Berrian ere bada plaza berririk. Urtetan Fleming izenarekin ezagutu den gunea, Malkar plaza izango da aurrerantzean. Babes ofizialeko nahiz etxebizitza tasatuen azpialdean, haur nahiz helduentzat egokitutako plaza zabala moldatu da. Jakina denez, antzinako Malkarra pasealekutik datorkio izena. Egungo gazteek ezagutu ez zuten arren, “Villabonako paradisua” zela diote ezagutu zutenek. Villabonatarrek asko maite zuten ezkiz eta pinuz inguratutako pasealeku hura. N-1 errepidea egiteko bota zuten.
Aipatu gune berri horietako bakoitzak dagokion izena agertzen den plaka izango du epe laburrean eta, inauguratu ere inauguratuko dituzte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!