Zizurkilen ere kaltea
Zizurkilgo hainbat merkatarik, euren aldetik, zubia itxita egoteak izugarrizko galerak ekarri dizkietela adierazi dute. “Inor gutxi geratzen da Zizurkilen erosketak egitera. Lehen Adunatik jaisten zen jendea ere zuzenean ateratzen da orain. Guretzat kaltea handia da”. Zizurkilgo merkatariek ere zubia lehenbailehen trafikoari irekitzea eskatzen dute, “alde bat trafikoari eta bestea oinezkoei zabaltzea aukera ona litzateke; oinezkoentzat ere pasabidea beharrezkoa baita. Bestela, lanak bukatu bitartean Ubare auzoko errepidea bi noranzkotan ireki beharko litzateke”.
GALDEKETA: MERKATARIEKIN SOLASEAN
- Zer iruditzen zaizu Zubimusu itxita egotea?
- Etorkizunean nola bideratuko zenuke gaia?
Iñaki Zaldua
(Zaldua janari-denda)
- Zubimusu itxita, buelta handia eman behar da eta galera handia nabaritu dugu, jendea zuzenean pasatzen baita, geratu gabe. Zizurkilgo merkatariontzat kalte handia da Zubimusu ixtea eta ez gaude batere gustura. Udaletik ez zaigu inor etorri gure iritzia galdetzera. Lanak bukatu bitartean, erdia oinezkoentzat eta beste erdia trafikoari irekitzea eskatzen dut: Zubimusutik atera eta Ubaretik sartzea. Gainerakoan, Ubare bi noranzkotan irekitzea.
- Gastu handirik gabeko aukera egingo nuke nik. Ondarea delako zubia ukitu ezin bada, kanpoaldetik oinezkoentzako bidea gehituko nuke. Oinezkoentzat segurua litzateke eta trafikoarentzat ez legoke eragozpenik. Ez dadila itxita geratu, merkatariontzat galera handia bailitzateke. Zizurkilgo komertzio guztia ixten ari da. Ez dugu batere laguntzarik jasotzen Udalaren aldetik.
Enara Galarza
(Egarri taberna)
- Gaizki ikusten dut Zubimusu itxita egotea, Villabonara joateko izugarrizko buelta eman behar baita. Lanek irauten duten bitartean Zubimusu itxita eduki behar bada, Ubareko errepidea bi zentzutan irekiko nuke.
- Zubimusu trafikoarentzat irekiz gero, oinezkoentzat gaizki geratzen da; kamioiak pasatzen direnean batez ere. Nik burni-zubia jarriko nuke oinezkoei zuzenduta.
Karlos Zabala
(Atxulondo taberna)
- Villabona aldera bidea ireki egin behar dutela iruditzen zait niri. Buelta handia egin behar da Zizurkildik Villabonara joateko. Zergatik ez dute Ubareko bidea bi zentzutara zabaltzen?
- Zubimusu bota eta zubi berria eraiki beharko lukete. Hura zaharkituta dagoenez, zubi berria eta ondo egindakoa behar da. Burni-zubia zegoenean, Villabonako kotxe asko aparkatzen zen Zizurkilen. Orain askoz ere leku gehiago dugu. Zubi hura guretzat kaltea, beraz.