Kultur Areto berritua zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 18a, 16:43
Azaroaren 16an zabaldu zituen ateak Adunako Kultur Areto berrituak. Aretoari erabilgarritasun handiagoa emateko helburuz, ikus-entzunezko baliabideak jarri dituzte bertan.
Gehiegizko dirutzarik gastatu gabe, aretoari erabilgarritasun handiagoa ateratzea zen Udalaren helburu nagusia: “Aretoari ez genion behar bezalako probetxua ateratzen eta hori ikusirik, zenbait tresna erostea erabaki genuen. Batetik, proiektorea eta pantaila erosi dira, diapositiba emanaldiak, filmak edota bestelako ikus-entzunezkoak eskaini ahal izateko. Bestetik, telebista ere erosi dugu. Gainera, aretoa akustikoki isolatuko duten kortina bereziak ere jarri dira”, azaldu du Arantxa Aburuzak.

Herritarrei zabalik
Aretoari erabilgarritasun handiagoa ematea da Udalaren helburua: “Aretoa lehendik ere hor zegoen, baina ez genion probetxu gehigirik ateratzen. Orain ekitaldi ezberdin gehiago antolatzeko aukera izango dugu eta herritarrei ere zabaldu nahi diegu aretoa erabiltzeko aukera. Horretarako arau batzuk ezarriko dira: aretoko giltzak non eta noiz jaso eta itzuli, aretoko garbitasuna errespetatzea..., oinarrizko arauak jarriko dira aretoa erabili ahal izateko”.  
Musika ekitaldi edo bestelako ekitaldietarako ere argiteria berezia jarri dute Kultur Areto berrituan. “Kultur Asteko ekitaldi gehienak Kultur Aretoan egitea pentsatu genuen. “Eutsi!” filma eskainiz zabaldu genuen areto berritua eta merienda batekin ospatu genuen inaugurazioa. Horrez gain, kirol mahai-ingurua, ipuin irakurketa, hitzaldiak, ikus-entzunezkoak..., Kultur Aretoan egin dira. Aurrerantzean ere, gehiago erabiltzeko asmoa dugu, bai Udalak antolatutako ekitaldietarako, baita herritarren ekimenetarako ere”, azaldu du Arantxak.

Txerri bodak
Azaroaren 23an, igandearekin, txerri bodak egingo dira Adunako Kultur Astearen barnean. “Kultur Asteko igandearekin, beti egin nahi izaten dugu zerbait ezberdina. Jendeari ere gustatu egiten zaio berrikuntzaren bat egotea eta aurten txerri boda egitea pentsatu genuen. Gure baserrietako usadio bat da eta jendeak ezagutzea garrantzitsua dela uste dugu, kulturaren zati ere badelako. Zoritxarrez, guk jan ahal izateko animaliak hil egin behar izaten dira eta hori, gaur egungo umeek ez dute ezagutu. Garrantzitsua iruditzen zaigu hori ezagutzeko aukera izatea”, azaldu dute Muxkil elkarteko antolatzaileek.
Goizeko 08:00etan hasiko da jaia Adunako plazan: “Txerria hilda ekarriko dugu plazara. Animalia zatitu eta banatzeko prozesua martxan jarriko dugu jendeaurrean. Odolkiak eta txorizoak nola egiten diren ere ikusi ahal izango da. Goizean zehar barrikotea jarriko dugu plazan eta pintxo ezberdinak ere izango dira. Gainera, giroa borobiltzeko, baserritarrez jantzita ibiliko gara goiz guztian zehar”.
Astiazaran anaien eta Juan Mari Beltranen doinuek alaituko dute igande goizeko ekitaldia: “Plazan jendea ibiltzea nahi dugu, horretarako jan-edanak eta musika jartzea bezalakorik ez dago. Eguraldi txarra eginez gero, pilotalekuan egingo da txerri boda”.
Goizeko ekitaldiak amaituta, herri-bazkaria egingo da 14:00ak inguruan: “Babarrun jatea antolatu dugu. Izena emandako jende kopuruaren arabera, Uztartzan edota pilotalekuan egingo dugu”, diote Muxkil elkartekoek.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!