AEK, PRENTSA OHARRA
Korrika 16. Aurkezpena. Bilbo, 2008ko azaroaren 14a
- AEK-k 2009ko martxoaren 26an Tuteran hasi eta apirilaren 5ean Gasteizen bukatuko den Korrika 16ren ardatz nagusiak eta “Korrika Laguntzailea” kanpaina aurkeztu ditu gaur Bilbon egin duen prentsaurrekoan. Aurkezpen ekitaldian, AEKren Artezkaritza Kontseilukoa Fernando Landaburu, Oskar Elizburu, Aitziber Sarasola, Jakes Bortairu, Asier Amondo eta Mertxe Mujika, AEKren koordinatzaile nagusia, egon dira Korrika 16ren arduraduna den Edurne Brouardekin batera.
Hauxe da Korrika 16ren aurkezpen ekitaldiaren edukia:
- Korrika, bi urterik behin AEK-k antolatu eta Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia da. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. 1980an Oñatitik Bilbora Euskal Herria zeharkatu zuen lehenengo Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa ez ezik, munduan parekorik ez daukan ekitaldia bihurtu dela ere esan dezakegu.
- 2009ko martxoaren 26an Tuteran hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hamaseigarrenez Korrikak. Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira lelopean, 2.000 kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, apirilaren 5ean Gasteizera heldu arte.