Merkatariak haserre

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 14a, 12:13

Mari Karmen Iztueta eta Mari Jose Irazustak, Oria merkatal elkarteko lehendakari eta lehendakariordeak prentsaurrekoa eskaini zuten atzo arratsaldean komunikabideen aurrean. Haserre daude aparkalekuen gaiarekin eta plaza kotxeak uzteko irekitzea eskatzen dute. Bestalde, Zizurkil eta Villabona lotzen dituen Zuimusu trafikoari itxita egoteak areagotu egiten du haserre hori.

Egun batetik bestera eta ezer askorik jakin gabe, Zubimusu trafikoari itxita zegoela jakin zuten merkatariek eta ondorioz, Villabona nahiz Zizurkilgo Udaletara jo zuten informazio eske. "Orduan jakin genuen Foru Aldundiarekin egindako bilera batzuen ondorioz, oinezkoentzat ixtea erabaki zutela. Guk zentzu batean irekitzeko zein aukera zegoen galdetu genien eta Zizurkilgo Udalak ezezko borobila eman zigun. Foru Aldundiak emandako baimena zutela eta haiek esan arte, ez zutela zubia trafikoarentzat irekitzeko asmorik. Villabonako Udalak eskatzen genuena zentzuzkoa zela esan zigun baina, ez dagoela aukera handirik". Lanak denbora asko luzatzen ari direla salatzen dute merkatariek eta inguruko herrietako bezeroak Villabonara ezin sartu ibiltzen direnez, zuzenean beste herrietara edo merkatalgune handietara jotzen dutela erosketak egitera. "Guk ere bizitzeko lana egin behar dugu eta saldu egin nahi dugu. Udalak euren interesei begira egiten dute lan eta ez dira gurekin gogoratzen. Zizurkilgo alkateak gezurra esan zigula iruditzen zaigu. Lanak amaitzen ari zirela esan zigunean, zuloa egiten hasi ziren Zubimusun. Guk alde bat oinezkoentzat eta bestea trafikoarentzat irekitzea eskatzen dugu". Zubimusu trafikoarentzat irekitzeko firma bilketa egiteari ekin diote bezeroen artean.

Villabonako aparkalekuak

Ez da gai berria, merkatariek Villabonan aparkatzeko dagoen arazoa konpondu behar dela adierazi dute berriro ere. "Udalak Txerminen berritu duen aparkalekua oso egokia iruditzen zaigu eta beste egitasmo batzuk lantzen ari direla ere badakigu. Proposamen guztiak, ordea, herritik kanpora egindakoak dira. Eta guk herrian bertan nahi ditugu eta mordoxka gainera". Merkatariek batez ere eguneroko erosketei begira ikusten dute behar hori eta une honetan ikusten duten aukera bakarra Errebnote plaza autoak uzteko zabaltzea da. "Plaza hutsik egoten da goizetan eta guk, astelehen, asteazken, ostegun eta ostiral goizetan soilik irekitzea eskatzen dugu. Ez dugu uste asko eskatzea denik. Badakigu Kale Nagusia oinezkoentzat bideratu dutela baina, ofizialki oraindik guri ez digu inork esan plaza ingurua peatonalizatuta dagoenik". Plaza irekitzea ezinezkoa bada, beste aukeraren bat emateko eskatzen diete Udalari, herriaren erdigunean. "Etxeak eta etxeak soilik egiten dira baina aparkalekuak ere behar dira. Udaletik herri guztietan arazo berbera dagoela esaten digute baina Villabonan duela 10 urte ez zegoen horrelako arazorik. Agian prebisio txarrak egin dira. Lehen Villabonan ez zegoen ia dendarik eta orain merkatariok herria bizitu dugunean ez dago aparkatzeko tokirik". Oria merkatal elkarteko kideek urteak daramatzate gai honen inguruan kexatzen. "Orain arte, ordea, banakakoak ziren kexak eta ez geneukan indarrik. Orain elkarte bezala indar gehiago egin dezakegu". Irtenbidea nahi dute eta gai honen inguruan ere sinadura bilketari ekin diote, "sinadura asko eta asko lortu dugu, bezeroek ere bat egiten baitute aparkalekuen arazoarekin".
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!