Samartiñak, Gazte eguna

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 13a, 18:31

Goizean goiz,eguraldi hotz eta bustiari aurre eginez, baserriz baserri kalejiran abiatu dira Amasako gazteak. Eguraldi hotza ahaztuta, giro ona zen nagusi gaur Amasan. Beheko nahiz Goiko bailaratan, bi taldetan banatuta, kalejiran ibili diren amasar gazteak goizean. Uxo Toki elkartean bildu dira gero bazkaltzeko. Arratsaldean, Dantza-Sokarekin jaiak aurrera jarraituko du eta gauean Iturrigoxo jatetxean afaria izango dute. Asteburu osoan zehar ekintza ugari izango da, baita azaroaren 22an eta 23an ere.

Argazki gehiago

Datozen egunetako egitaraua eta Polaroidarekin galde-erantzun laburrak:

Azaroak 14, ostirala
17:15etan, Pirritx eta Porrotxen emanaldia.
Ondoren, txokolate beroa.
20:00etan, Amasako XVII. Bakailao Lehiaketa frontoian.
23:30etatik aurrera, dantzaldia Laiotz taldearekin.

Azaroak 15, larunbata
12:00etan, Asto lasterketa mozorroturik.
14:00etan, Herri Bazkaria:Txekor-jana.
17:30etan, Mus Txapelketa Kultur Etxean.
22:30etan: Bertsolari jaialdia: Amaia Agirre, Aitzol Barandiaran, Beñat Gaztelumendi eta Jexux Mari Irazu. Gai-jartzaile: Gurutz Galarraga.
Ondoren, dantzaldia Trikizio taldearekin.

Azaroak 16, igandea
Meza ondoren, herriko artzain-zakur lehiaketa.
18:00etan, Herri Kirolak herriko gazteen artean.

Azaroak 22, larunbata
11:00tan, Ume krosa 6. mailara arteko umeentzat.
16:30etan, Kulkiren eskutik Meatzarien herri kirol eta jolasak umeentzat.
19:00etan, Argazki lehiaketaren sari banaketa eta erakusketa Kultur Etxean.
23:30etatik aurrera, Lain eta Hesian taldeen kontzertua.

Azaroak 23, igandea
11:00tan, Amasako XVI. Mendiatloia.
18:00etan, Martina Sorginari agurra eta XIX. Intxorraren aldatzea.


Polaroidarekin: Beñat Iguaran
Bertsolaritza oso gogoko du Beñatek, urte mordoxka darama bertso eskolan; “gutxi aurreratzeko, urte asko”, adierazi du bertso sena agerian utziz. Aurten ere bertso eskolan jarraitzeko asmotan da, “jendaurrean kantatzen ez dakit baina, segi, beti segituko dut bertsolaritzatik gertu”. Bertso idatzia ez du oso gogoko, “paperaren aurrean ez dut pazientziarik baina, gustura aritzen naiz lagunartean. Afarietan aritzen gara gehien, behin ordu batzuk ezkero, errazago”.

Jaietarako gogotsu?
Bai. Noiz iritsiko zain nago eta, zenbat eta gertuago…
Jairik gustukoenak?
Samartiñak. Gainerakoan ez dakit ba…, tarteka parranda egitea gustatzen zait baina, ez zaizkit herrietako jaiak gehiegi gustatzen. Gure adineko jendea biltzen den festak gogoko ditut: estropadak esaterako.
Zein ekintza duzu gogokoen Samartiñetan?
Oilasko-biltzea, dudarik gabe. Egun guztiko jaia izaten da eta oso giro ona sortzen da.
Gainerakoan, zein ekintzatan hartuko duzu parte?
Azaroaren 16ko herri kiroletan ere parte hartuko dut. Azken urteetan Amasako bi talderen artean izaten da lehia. Goi eta behe bailarakoak nahasian arituko gara.
Ekintzatan ez ezik, antolakuntzan ere parte hartuko al duzu?
Mendiatloian, esaterako, bidegurutzeak zaintzen egon beharko dugu. Bestela ere beti sortzen da non lagundua: bakailao lehiaketan mahaiak jartzen… Ez ditugu ardura horiek aurrez banatzen baina, bertan izaten gara behar denerako. Amasako gazteek jartzen dugun txoznan ere txanda egingo dut.
Jaietan jateko? Edateko?
Herri bazkariko txekor-jana gustuko dut. Elkarteko afariak ere bai. Dagoena jaten dugu: baratsuri zopa eta segidakoa. Jaietan edateko, berriz, garagardoa.
Mezuren bat luzatuko al zenuke batzordearen izenean?
Kanpokoei jaietara gertura daitezela eta bertakoei ekintzetan parte har dezatela; egunekoetan bezala, gauekoetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!