Ordenantza fiskala aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 13a, 12:46

Iraila amaieran hartutako Kontsumo Prezioen Indizea (KPI), kontuan izanda aurkeztu zituen UDA-k azaroaren 10eko ezohiko osoko bilkuran, datorren urte berrirako ordenantza fiskalak aldatzeko proposamena. %4,5-ean kokatzen zen duela bi hilabete KPI-a. 2009rako tasa gehienetan aipatu igoera aplikatuko da.


Nabarmena da, zaborrari lotutako tasetan 2009an aplikatu nahi den aldaketa; %20-koa. Eta alkateak jakinarazi bezala, ez da nahikoa gainerako herrien parera iristeko. Ez da aski, San Markoseko zabortegia itxi arren, Urnietako zaborra Gipuzkoako beste hondakindegietara eramaten jarraitzen dutelako. Datu esanguratsu bat jakinarazi zen azken ezohiko osoko bilkuran; datorren urterako %20ko igoera aplikatuta ere, kostuaren bi herenei egingo litzaieke aurre. Ezin ahaztu bestalde, 2012. urtean datorren aldaketa. “Hondakinen kostuen ehuneko ehuna herritarrek ordaindu beharko dute”, adierazi zuen alkateak.
Bestalde, ur tasari dagokion igoeraren proposamenak helburu argi bat du; kontsumoa ahalik eta gehien murriztea.

ONARPEN ZABALA
Gehiengo osoaren babesa jaso zuten UDA-tik proposatu ziren 2009rako ordenantza fiskalek. Oro har, PSE-EE udal taldekoak izan ziren aurkeztutakoaren aurka bozkatu zuten bakarrak. KPI-aren igoerarekin ados egon arren, bozeramaile Herme Gonzalezek galdera bat plazaratu zuen; “jasotako dirua Udalak zertan xahutzen du?”. Hainbat herri lan edota esleitutako kontratu mordoa jarri zuen adibide gisa, honakoa gaineratzeko: “dirua gaizki xahutzen jarraitzen bada, hobe da diru hori urnietarrek poltsikoetan izatea”.
EAJ-PNV-ren izenean, Maribel Vaquerok progresibitatearen aldeko apustua egin behar zela zioen. “Igoera progresibitate barruan egitea”, zehaztu zuen bereziki nabarmen indartu ziren tasei erreferentzia eginez. Bide beretik, Iñaki Mendizabalek KPI-a ez litzatekeela gainditu behar aipatzen zuen.

IGOERAK
%1,14 Etxez etxeko laguntza.
%4,5 Trakzio mekanikoko ibilgailuen gaineko zerga. Ura. Hileta zerbitzuak. Taxi eta gainerako alokairuko ibilgailuentzat lizentziak ematea...
%4,6 Kirol instalakuntzen erabilera.
%5,2 Udal langileen soldatak.
%10 Hirigintza lizentziak eskatu eta tramitatzea.
%20 Hondakinen bilketa eta ezabaketa.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!