Euria eta eguzkia denean, Axeri Boda

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 13a, 12:42

Hogeita bat urte daramatza Argia Donostiako dantza taldean, eta Urbeltzek orain arte sortu dituen zazpi ikuskizunetan hartu du parte. Urki dantza taldeko irakaslea ere bada Añorgako gaztea.

Ikusten duzu alderik dantza tradizionaleko dantzari izatetik Urbeltzen ikuskizunetako dantzari izatera?
Jokin Otamendi. Badago aldea, noski. Urbeltzek dantza tradizionala oinarritutako sormenezko ikuskizunak direlako. Alderdi askotatik antzematen da gauza berezia dela: antzokiak, soinua, jantziteria, dantzari kopurua… Eibar, Elgoibar, Iruñea eta Donostiako taldeetako 50 bat dantzari biltzen gara eta denok sentitzen dugu benetan ohikoa ez den dantza interpretatzen ari garela.

Nolako bidea egin du jada Axeri Boda ikuskizunak?
J.O. Otsailean jarri zen abian, eta eszenategi ugari zapaldu du dagoeneko, arrakasta osoz: Victoria Eugenia, Arriaga, Zumarraga, Donibane Lohitzun… Normalki Urbeltzen ikuskizunek bost bat urte irauten dute.

Ze publiko mota joaten da ikustera?
J.O. Urbeltzek badu erakargarritasunik, eta plazetara azaltzen ez den publikoa ere eramaten du. Publikoa dantza tradizionala ikustera ohitua dago batez ere. Edu Murumendiaraz, Jon Maiak edo beste zenbaitek egiten dutenak ere tradizioa dute sustraian, baina Urbeltzenak konparatu ezinekoak direla iruditzen zait niri.   

Sinbologiaz beteriko sormen lanak dira Urbeltzenak. Dantzatzen ari zaretena ulertzen duzue zuek, dantzariek?
J.O. Hasieratik azaltzen digu zer nahi duen, zertan inspiratu den... Buruan gauza asko dauzka baina definitu gabe ikuskizuna. Parte hartzen dugu nolabait sormen prozesu horretan, eta kostata bada ere, ulertzen dugu zertan ari garen; ez dugu mekanikoki dantzatzen.

Zer ikusiko du Basterora hurbiltzen den ikusleak?
J.O. Axeri dantzaren zati batzuk dantzatuko dira, eta berezia izando da Andoaingo ikuslearentzat. Gainerakoan, lehenego zatia oso bizia eta indartsua da, eta lasaiagoa bigarrena. Axeri dantzako zortziko bertsionatua, ingurutxoa, habanera, brokel eta makil dantzak…. Ez du aspertzeko denborarik ematen, eta hobe norberak ikustea nik esplikatzea baino.

Urkiko dantzariak noizbait ikusiko al ditugu Urbeltzen ikuskizunaren batean?
J.O. Andoainen izugarrizko harrobia daukagu, eta zergatik ez egunen batean… Neska-mutiko kopurua polita etortzen da Urkira. Eta garrantzitsuena dena, motibazio handia daukate dantzatzeko. Helduen taldea ere sortu da gainera, eta hori ere pizgarri suertatzen da txikiagoentzat.
Hori bai, esan nahi nuke Arantzazu Mujika andoaindarra musikarien taldean dagoela aspalditik.

Axeri Bodaren azalpena
Oso hitzaldi didaktikoa eskaini zuten Iñaki Arregi eta Jexux Larrea Argia taldeko irakasleek pasa den ostiralean Basteron. Euren esanetara jarri dira Axeri Boda ikuskizuneko 50 dantzariak.
Argi utzi nahi izan zuten Axeri Boda sormen lana dela, dantza tradizionalean eta leienda unibertsal batean oinarritu dena.
Bestetik, Axeri Boda barrutik deskribatzeko xehetasun ugari eman zituzten: Urbeltzek inspirazio iturri izan zuen “Euria eta eguzkia direnean, axeri ezteia”. Eta ondoren, hainbat aspektu aztertu zituzten: koreografia, jantziteria, musika errepertorioa…  
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!