Zerga eta tasak onartu dira aurrekontu berriaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 13a, 12:40

Gizartearen alor guztietan nabarmena den egoera ekonomiko zaila Andoaingo Udal aurrekontuetan ere nabarituko da, Gipuzkoako udalerri askotan baino apalago ziurrenik.
Andoaingo alkateak Udalaren zorpetze maila Gipuzkoako eta Euskadiko txikiena dela dio. Segurtasuna ematen dio, beharra izanez gero, kredituren bat eskatzeko.

Uraren eta zaborraren tasa berriak onartzear zaudete… zein da 2009rako aurreikuspena? Zein egoeratan gaude gainerako herriekin alderatuta?
Josean Perez Gabarain. Ogasun batzordean aurkeztu genuen uraren tasa %15 eta zaborra %30 igotzea, hurrenez hurren. Zergatik igoera? Urtero igotzen ari gara, eta esan beharra daukat tasa igotzeko proposamena jeltzaleekin gobernatzen genuen garaitik datorrela. Orduan erabaki genuen tasak inguruko herrien mailara egokitzea.
Hurrengo urtean erabaki potoloa hatu behar dugu. Europako mandatuz, Ibiurretik datorren ur edangarria erabiltzen hasi beharko dugu. Horrek kostu handia izango du, orain tasa bidez jasotzen dugunaren halako bi ordaindu beharko dugulako.
Berriro diot, bere garaian jeltzaleekin hartutako akordioa gauzatzen ari gara.
Oraindik orain, nolanahi ere, gainerako herrietan baino tasa baxuagoa ezartzen ari gara.
Zaborren tasari dagokionez, Mankomunitateak zerbitzua eskaintzearen truke prezioa ezartzen du. Urteko kostua 841.416,9 eurokoa da (140 milioi pezeta) eta tasen bidez ingresatzen duguna soilik 240.404,8 euro dira (40 milioi pezeta).
Etxebizitza bakoitzeko Andoainen 42,5 euro ordaintzen da, Lasarten 61,2 euro, Hernanin 55,6 euro... Gainerako herrietan igoerak izango dira, Andoainen bezala. Bada, Andoainen %30 igota ere oraindik orain herri horien tasaren azpitik izango gara nabarmen.

Udal aurrekontuari begira pertsonal gastua atal garrantzitsuenetakoa da. Irailean gobernu taldeak udal langileen balorazio berria onartu zuen eta, aldiz, urrian Eudelek egindako proposamenaren aurrean abstentzioaren alde egin zuen. Nola uler daiteke hori?
J.P.G. Udal aurrekontua egiteko garaian, Eudelek proposatzen zuen igoera gehiegizkoa iruditzen zitzaigun. Eudeleko kide gara eta, iaz, dagoeneko Udal langileei oporraldiko sei egun gehiago eman genien.
Aurrekontuaren lehen kapituluan igoera orotara oso handia izango da eta, neurri batean, apalagoa izatea nahiko genuke. Eudelen autonomia eta askatasuna eman digute erabakia hartzeko garaian. Ez ginen aurka agertuko, ez gara langileen soldata igoeraren aurka joango. Baina igoera handiegia dela iruditzen zaigu, eta udal aurrekontua nabarmen baldintzatuta geratuko da.

Iaz Udalak 24 milioi euroko aurrekontua onartu zuen. Zenbatera igoko da 2009koa?
J.P.G. Irizpide batzuk zehaztuta dauzkat. Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari dagozkion konpetentzia batzuk gure gain hartzen ari gara, alor sozialekoak nagusiki. Herritarrengandik gertuen egotean gure gain hartzen ari gara konpententzia horiek.
Aipatu dugu aurrekontuaren lehen kapituluan agertuko den langileen %5,2ko soldata igoera eta sei eguneko oporraldia.
Kontutan izanik Foru Aldunditik iritsiko zaigun dirusarrera %10 txikiago izango dela, udal aurrekontua erabat baldintzatuta dagoela esan daiteke. Ia ia, esandako baldintza horiengatik, aurrekontua egina dagoela esan daiteke.
Alkatearen ardura aurrekontua ez murriztea da, ea gai garrantzitsuenetan eusteko moduan izaten garen. Gizarte gaietan, bederen, eraginik ez dezala izan.
Eragina izango du, logikoki, inbertsioei dagokionez. Mantenimendu orokorra edota urte anitzetarako hitzartutako inbertsioak bakarrik egin ahal izango ditugu. Besteak beste, Allurralde kiroldegia, apeaderoa…, inbertsio horiei eutsiko diogu.
Bestalde, Andoaingo Udalak zorpetze maila oso txikia dauka. Inbertsioren bat beharrezko ikusiko bagenu, kredituren bat eskatzea aztertuko genuke. Andoain herriak Gipuzkoako eta Euskadiko zorpetze maila txikiena du. Gipuzkoako bataz besteko zorra 528 euro biztanleko denean, Andoaingoa soilik 90 eurokoa da. Alde horretatik, beharra izanez gero, aukera zabala daukagu.

Krisia baino gehiago kontrola aipatu behar da, beraz, Andoaingo Udalaren kasuan. Egoera ekonomiko zail honetan, aurrera eraman nahi eta ezin izango den egitasmorik ba al duzue eskuartean?
J.P.G. Udaletxearen eraikin berria egiteko proiektua lantzea nahiko genuke, gainezka egiteko zorian gaudelako. Hartutako konpromiso guztiak aurrera eramateko moduan izango garela esan genezake.

2009an zein egitasmo zehatz eramango duzue aurrera?
J.P.G. Apeaderoko tunel berritik Leizaran institutura igotzeko eskailara mekanikoak ipintzea nahiko genuke. Horretan saiatuko gara.

2009ra begira, IU-EB eta PP alderdien babesa eskuratzea espero duzue?
J.P.G. Une hauetan oso goiz da hori aurreikusteko. IU-EBren kasuan baietz esango nuke, gobernu taldean dagoelako. PPren inguruan deus ez dakit, zer egingo duten ideiarik ere ez.
Nire alderdiak zortzi ordezkari ditu, gehiengo osotik boto bakarrera gaude. Abstentzio bakarrarekin, aurrekontua onar daiteke soilik gure botoekin.

Iaz udal aurrekontuak onartzeko udal batzarraldian ika-mika sortu zen alderdi gehienen artean. Izan ere, PP alderdiak aurrekontua babesteko batzarrean bertan hiru proposamen onartzea exijitu baitzuen. Egoera harrigarria izan zen.

J.P.G. Oker ez banago, PPk une horretan proposatu zuen, besteak beste, Andoain herriak zituen behar orokorrei buruzko azterketa egitea. Hori, neurri handi batean egiten ari gara. Argiaren kutsadura, herribideak, etxebizitza, igogailuak… Azterlan eta ordenantzak egiten ari gara.
PPk batzarrean bertan aurkeztu zituen proposamenak. Logikoa denez, hori lehenago aztertu behar zen dagokion udal batzordean. Onartu ziren bideragarri zirelako.

Noizko Udal aurrekontuen inguruko udal batzarraldia?
J.P.G. Urtarrilean izatea nahiko nuke, bestela otsailean izango da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!