Jose Luis Del Sol, Donostiako maratoiari begira

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 13a, 12:29

Mantentzeko kirola egiten hasi eta begira non amaitu duen. Donostiarrak klubaren izenean, zazpigarren aldiz parte hartuko du Gipuzkoako hiriburuko maratoian. Azaroaren 30ean.

Donostiako maratoia, hilaren 30ean?
Normalean Behobiakoa pasa eta bi astera ospatu ohi da. Aurten ordea, astebete gehiago dago. Badago parte hartzea erabaki duen jendea, errekuperazio aste bat gehiago baitago. Neure kasuan, Behobian ez dut parte hartu, entrenatzaileak ez baitit uzten. Behobiakoa baliagarria izango zitzaion bati baino gehiagori, test moduan.

Behobiakoaren ostean errekuperatu beharra baitago…
Muskularki ukitua geratzen zara. Errekuperatzeko astebete behar izaten da. Maratoia benetako helburua bada, batzuetan Behobiakoa alde batera utzi behar da.

Beste urteetan bi probetako bat aukeratu behar izan duzu?
Bai. Lehen urtean, biak egin nituen baina berriro ez dut halakorik egin. Maratoiak satisfakzio gehiago ematen dit. Maitasun-gorrotozko harremana da. Maratoia, ondo irteten bada, lotzen zaitu baina gaizki ateratzen bada, asko gorrota dezakezu. Niri lotura sortu dit.

Zertan desberdintzen da Maratoia, Behobia-Donostia probatik?
Ibilbidearen luzera bikoitza da. Donostiakoa estatu espainiarrean antolatzen diren proben artean azkarrena da, gune lauetik pasatzen baita. Oraindik duela sei urteko marka hobetzeko dago. Behobiakoari dagokionez, ibilbidea gorabeheratsua da
eta animazio handia dago. Maratoia aldiz, hiri barrutik igaro eta bi itzulikoa izan arren, zonalde batzuetan bakarrik zaude, jenderik ez baitago.

Prestakuntza aldetik ere ez da berdina izango?
Maratoiaren kasuan, Behobiarako baino kilometro gehiago egin behar dira astero. Batzuek Behobiarako prestakuntza Maratoirako ere baliatzen dute. Hanka sartze handia da hori, azaroaren 30etik aurrera oso gaizki egon zaitezke eta. Maratoirako bi ordutik gorako entrenamendu saioak egin behar dira. Behobian ordu eta erdikoarekin aski da.

Elikadura zaindu beharra dago?
Norbere helburuaren arabera izan ohi da. Behobia besterik gabe bukatzera doana, ohiko elikadurarekin nahikoa zaio. Baina Behobian edo Maratoian marka bat eskuratzera doazenentzat, elikadura oso garrantzitsua da. Asko zaindu behar da, eta entrenamendu saioei lotuta dago. Elikagai gozoak, gas eta alkoholdun edariak kanpora, grasak justuak, eta lehentasuna eman pasta, barazki eta fruitu lehorrei…
Maratoian kiloek pisatzen baitute, eta justuak eraman behar dira.

Maratoiaren ostean amaitutzat emango duzu denboraldia?
San Silvestrekoa hor dago. Jai giroan, beti lagundu izan ohi diot norbaiti. Gero, urtarrilean, beste begirada batekin hasten duzu urte berria.

Urteko zeure kirol proben egutegia egina duzu?
Azkoitia-Azpeitiako maratoi erdian parte hartu izan dut eta Andoainen 10 kilometroko proban ere. Baita Donostiakoan. Gero atsedenaldia hartu ohi dut eta uztailetik aurrera, udazken parterako prestatzen hasten naiz.

Maratoitik haratago bestelako helbururik finkatua duzu?
Lehen aldiz parte hartu nuenean, helburu nagusia ahalik eta ondoen amaitzea zen. Hurrengo urtean hobetzeko asmoz itzuli nintzen, erronka pertsonal gisa eta minutuak gutxitzen zoaz. Urtetik urtera hobetzen joan naiz.

Sei aldiz parte hartuta, zenbateraino hobetu duzu denbora?
Lehen alditik seigarrenera, hurrenez hurren: 3:20, 3:13, 3:06, 3:01, 2:59 eta iaz 2:53.

Eta aurtengorako zer aurreikuspen?
Asmoa, 2:50etik jaistea da. Hori lortuta, gustura. Geroz eta gogorrago entrenatu beharra baitago eta ezin da guztia uztartu.

Entrenatzeko leku onena?
Hernaniko zonaldera joaten naiz, gune lau bila, sagardotegi ingurura edo Martutene aldera. Igandetan goizean goiz saio luzeagoa egin ohi dugu, Donostian.

Nolatan kirol honekiko halako lotura?
Pixkanaka lotura sortzen doa. Hasieran zeure buruarekin geroz eta hobeto sentitzen zoaz. Kiloak soberan badituzu, gutxitzen zoaz. Erlojuz kontrako une oroko erronka da. Eta jende asko ezagutzen da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!