Arnasaren batzar berria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 13a, 12:08

Azaroaren 18an izango da Egape-Azkorten, asteartearekin. Hona Peio Lozanoren adierazpenak:

Bigarren batzar baterako deialdia egin berri duzue. Zergatik?
Peio Lozano: Lehenbiziko deialdira Arnasako kide gutxi bertaratu zen, gehiago herriko jendea. Helburu nagusiak, batzorde iraunkor berria osatzea eta azken urte eta erdi honetan gertatu dena azaltzea ziren.

Azken etapa honetako zer balorazio egin liteke?
P.L.: Hainbat bilera egin ditugu, herrian baino hemendik kanpo gehiago; Gasteiz, Orereta, Oiartzun edota Usurbilen batez ere. Bestalde, hiru gai konkretu jorratu ditugu; Arau Subsidiarioak, hondakinak eta autobidea. Gai hauetan herritarren parte hartzea sustatu nahi dugu.

Zein da herritarren artean sumatzen duzun giroa?
P.L.: Informazio falta handia eta jendea desanimatua ikusten dut. Garai batean hemen zegoen giro sozial hura galtzen ari gara. Hiru bider Usurbila joan naiz hitzaldiak ematera. Bertako jendeari esan diot, kristoren inbidia ematen didatela. Haiek jada beren zaborrak oso ondo kudeatuko baitituzte. Urnietan, jendea nahiko kritikoa eta hotz ikusten dut.

Urnieta errausketaren aurkako mugimenduan eredua izan zen. Nola ikusten da orain garai hura?
P.L.: Herri lasaia izanik, bide politikotik erraustegia saldu nahi izan zigutenean, zer zen eta bere ondorioak ikertu genituen. Oso negatiboa zela konturatu ginen. Herritarrak informatu eta erreakzionatu zuten; handik gutxira, 40 kide aktibo eta beste hainbeste bolondres bildu eta 3.000 herritar bildu zituen manifestaldia antolatu genuen. Lehen 400 metrotara zegoen baina orain bi kilometro pasatxora eraiki nahi dute, bertan dugu erraustegia. Azkenean ondorio berdinak izango ditugu. Jendeari ez lasaitzea eskatuko nioke.

Erraustegiko lanak gertu dira?
P.L.: Atzeratzen ari direla uste dut, oso neurri inpopularra baita. Errauste prozesuak defendatzen dituen alderdiak bozkak galtzen joan dira. Europan edota AEB-n hainbat erraustegi itxi eta beste alternatiba jasangarriagoak jorratzen ari dira. Gainera, Europar Batasunetik datozen legeak gogortu dira.

Usurbilen martxan jarri nahi duten esperientzia ekar liteke Urnietara?
P.L.: Inolako arazorik gabe ekar liteke, Herrialde Katalanetako eredua dugu, orain Usurbilen martxan jarriko da. Errealitate nahiko antzekoak dira. Arnasa-tik garai batean bi auzo desberdinetan egitea planteatzen zen; dentsitate altuko eta baxuko bi auzoetan. Baina nik ideia hori ezabatu eta herri osoarekin hasiko nintzateke, denek egin dezaten. UDA-ri halako esperientzia bat martxan jartzea eskatzen diogu. Bere hauteskunde programan aipatzen zen.

Zuen batzarraldiaren ostean, etapa berria?
P.L.: Bai. Galdu dugun indarra berreskuratu beharko genuke eta jorratzen ditugun gaietan sakondu. Eta gero berriz borrokatu.

Arnasa-ko kide berriek zer lan egin beharko lukete?
P.L.: Kide guztiei eta herritarrei zer nahi duten azaltzea. Ez hainbeste erabakiak hartzea, baizik eta lan egitea; gaiak jorratzea, jendea ekartzea. Bertan egon behar luketenak; zuzendaria, zuzendari ordea, idazkaria, diru zaina eta bokalak lirateke. Egungo batzordean egon garenok, lehen bileratan lagunduko diegu, haiek ere beren erritmoa har dezaten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!