“Politikagintzan baino ez nabil”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 13a, 12:01

Joxean Barandiaran Ezama urriaren hogeitalauan, iluntzean, aske utzi zuten. Ordurako  etxekoak espetxearen kanpoaldean zeuden. Goizaldera, Andoainera iristean, zain zituen herritarrak agurtu zituen. Egun gutxira bigarren ongietorria egin zioten Zumea plazan.

Ongietorriko argazkiak  | Txolarre irratian eginiko elkarrizketa, audioa 

Joxean Barandiaran Ezamak noizbait bere burua espetxean imaginatzen al zuen?
Bai, zoritxarrez bai. Are gehiago esango dizut, lehen ere ahalegindu ziren Udalbiltza auzian edota ordenagailu baten erosketaren inguruan. 35 urte daramat ezker abertzalean militatzen. Epaitegi berezi baten aurrean aurkitu naiz, Audientzia Nazionalean, eta gezurra badirudi ere, iraganean bezala gaude. Epaileari galdetzeko modukoa da, “Zertarako pasa dira 35 urte?”.
Elementu politiko eta mediatiko batzuk gogo berezia zuten ni espetxean ikusteko.

Politika ez den zeozer egin duzulako?
Soilik eta bakarrik politikagintzan aritu naiz. Ez naiz beste ezertara dedikatu 35 urte hauetan. Baina une hauetan ordezkatzen dudan sektoreari politika egitea ere galerazi egiten zaio.
Botere judizialean eta politikoan loturak daudenean inpartzialtasuna galtzen da; Eta justizia injustizia bihurtzen da. Justiziaren erabilera politikoa lotsagarria.
Garai hauetan justizia erabat baldintzatuta dago botere politikoarengatik. Eta hori nahikoa ez eta kanpaina mediatikoa izugarria egon da, kasu honetan pertsona bat espetxean sartzera behartzeraino.  Kasu hori nirea da.

Maiatzaren 21a nola gogoratzen duzu?
Bezperatik hasi beharko genuke. Maiatzaren 20an telebistan ikusi nituen atxilotuen argazkiak eta berehala sumatu nuen atxilotuko nindutela. Goizaldera, lanera nindoala, atxilotu ninduten.
Intxaurrondora eraman ninduten, handik berriro etxera miaketa egitera eta zuzenean Madrilera.

Atxiloketa, galdeketa… zer nola igaro zenituen ordu horiek?
Bost egunez luzatu zuten inkomunikazioa. Gogorra izan zen, oso nekatuta amaitu nuelako. Galdeketak luzeak ziren.
Nik, fisikoki, tratu txarrik ez dut jaso. Ile bat bera ere ez ninduten ukitu. Psikologikoki gezurretan aritu ziren nirekin eta txantajea erabili zuten nirekin.
Oso gutxi dira Guardia Zibilen eskuetatik pasa eta tratu txarrik jaso ez dutenak. Ni horietakoa naiz.
Espetxera sartzeko agindua jaso zenuen zer pasa zitzaizun burutik?
Ziur nengoen espetxean amaituko nuela. Audientzia Nazionalean deklarazioa hartu nindutenean Goardia Zibil batek esan zidan egin nuen deklarazioarekin kalera joango nintzela. Nik, ezetz, espetxean amaituko nuela. Ordurako nire inguruan sortutako kanpaina mediatikoaren susmoa banuen. Horregatik garbi ikusten nuen ez zegoela Audientzia Nazionalean kalean utziko ninduen epailerik.

Espetxeko egonaldia azalduko al diguzu?
Inkomunikazio egoera igaro eta gero, horrelako egoeratan atsedenaldiarekin lotzen da espetxea. Audientzia Nazionalean ere kalabozo batean eduki ninduten, urik ere ez zidaten ematen.
Etxera joan nahiko zenuke baina ezinezko denez, gutxienez espetxera.
Bertan oso harrera ona egin zidaten. Nire abokatuak azkar etorri ziren bisitan eta gainerako preso politikoen abokatuek gauza bera egin zuten. Orduan, bisitako une horretan bertan ezagutu nituen espetxean zeuden preso politikoak. Hautsita aurkituko nindutelakoan, markarik gabe eta oso-osorik ikusi ninduten.
Markinako gazte batekin egon naiz ziega berdinean. Espetxean  ikusten duzu gizon eta emakumeoi laguntzen gaituen kuraia, eskuzabaltasuna eta jatortasuna. Beldurra eta desesperazioa baino askoz gehiago.
Gartzela gartzela da, mundua aldiz zu gabe aurrera doa. Egoera hori bere gordintasunean  xumetasun osoz onartzeko gai zarenean kartzelako bizitzari aurre egiteko gai zara. Arrazoitzen ahalegintzen saiatu behar zara, besterik ez.
Azkenean egunak motzak izaten ziren. Ekonomia ikasten jardun naiz, kirola egin dut, eskutitzak idatzi, piloa irakurri ere bai…

Noizbait jakin zenuen ez zela espetxealdi luzea izango?
Abokatuek ez zidaten inoiz esan luzea edo motz izango zenik. Soilik esan zidaten nire deklarazioa oso ona zela, deliturik ez zela inondik inora ikusten, eta merezi zuela borrokatzea deklarazio horrekin.
Ez nuen uste espetxealdia hain motza izango zenik, baina garbi neukan ez nituela urte asko egingo espetxean. Nolanahi ere, epaiketa egitear dago oraindik.

Urriaren 24an, 5 hilabete igaro eta gero, askatu zaituzte…
Ziegan geunden, protestan. 14:30tan ziegan sartu eta hurrengo goizera arte txapeoan izaten ginen. Ostiralean arratsaldez deitu ninduten, abokatuaren bisita nuela esanez. Ezinezkoa zela ziur nengoen, ostiral arratsaldean abokaturik ez delako izaten.
Justizia agente bat zen eta nire askatasunaren agiriak sinatzeko ekarri zizkidan. Modulura itzuli nintzen emazteari deitzeko asmotan baina baimenik ez nuen jaso.
Maleta egin eta espetxetik irtetean kanpoan zain nituen senideak eta abokatu batzuk.
Andoaingo bidean, Boceguillasen afaldu genuen. Bi arraultza frijitu jan nituen, patatakin. Bost hilabeteetan horrelakoak  jan gabe izan nintzen!

Lehen harrera, ongietorria… nola gogoratzen dituzu une horiek?
Ez nuen espero hainbeste jende egotea, goizaldean. Emozio handiko uneak izan ziren, jendea besarkatu eta Irunberrira nire argazkia kentzera joan nintzen. Preso politiko guztien alde brindisa egin genuen eta, etxera, lo egitera.
Egun hauetan, kalean, jende piloa inguratzen zait. Ez bakarrik ezker abertzalekoak, beste alderdietakoak ere bai. Gauza bat esango dizut, Andoainen beti maitatua sentitu naiz. Oso babestuta nagoela konturatu naiz. Ni eta nire familia. Hilabeteotan nire betiko lagunek sekulako papera jokatu dute, hori guztia ez dakit nola ordainduko dudan.

Eta orain zer? Zeintzu dira zure asmoak?
Atseden piska bat behar dut eta nik, beti bezala jarraituko dut. Batetik, lanean.
Eta, bestetik, herriaren alde lanean. Elkarrizketarako espazio politikoak ireki behar dira eta hori bakarrik gatazkaren izaera politikoa onartuz posible da.
Gerturatze eta konponbide prozesurako oinarriak eraiki behar dira.
Errepresioa eta intransigentzia erabiltzea, miopia politikoarekin jokatzea da. Horrela aritzen denari euskal gizarteak ez dio epe motzean deus eskertuko.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!