Hizkuntz kexak jasotzeko buzoia

Azaroaren hasieratik, Adunako udaletxean buzoi bat dago, euskaldunok euskaldun koherente gisa jokatzeagatik edo jokatu nahi izateagatik izan dituzten eskubide urraketak salatzeko. UEMAk eta Behatokiak bideratuko du ondorengo asmoak dituen egitasmoa:

"Oraindik asko dira euskaldunak baztertzen dituzten tokiak eta eragileak: erakunde publiko nahiz pribatuek ez dizkigute agiriak euskaraz bidaltzen, ahoz euskaraz hastean gaztelaniaz mintzatzeko eskatzen digute, informazio komertziala gaztelania hutsez bidaltzen digute… Kasu horiek guztiak jasotzeko eta horiei irtenbidea bilatzeko, Adunako Udalak buzoia jarri du herritarren eskura, udaletxean.

Kexa jartzera joaten denak inprimaki batzuk izango ditu buzoien ondoan, betetzeko sinple-sinpleak. Nolanahi ere, zailtasunik izanez gero edo argibiderik behar izanez gero, udal langileek beren prestutasun osoa adierazi dute, nahi adinako laguntza emateko.

Inprimakia Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera eta Hizkuntz Eskubideen Behatokira bideratuko du Adunako Udalak, kexa behar den tokira helarazteko. Kexa jartzeko, izen-abizenak eman behar dira, baina UEMAk nahiz Behatokiak konfidentzialtasun osoz jokatuko dute, Datuen Babesaren Legeari jarraiki, eta ez diote inori emango kexa jartzailearen daturik. Tolosaldean, 14 udalerri dira UEMAko kide, eta asmoa urte bukaera baino lehen udaletxe guztietan buzoiak jartzea da. Dagoeneko jarrita daude hainbat herritan (adibidez, Ikaztegietan, Orexan, Baliarrainen, Altzon eta Leaburu-Txaraman), eta 50etik gora kexa jaso dira.

Egitasmoa Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen eta Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arteko hitzarmenaren ondorioa da. Hitzarmenean, UEMAk eta Behatokiak mankomunitateko herritarren kexak bideratzeko konpromisoa hartu zuten. Miren Aburuza Adunako Udaleko zinegotzi eta UEMAko Zuzendaritza batzordeko kideak adierazi duenez, oso garrantzitsua da herritarrak beren herrian eta eskualdean jasaten dituzten urraketez kontziente izatea eta halako kasuen aurrean isilik ez geratzea. Zinegotziak berak bi kexa jarri ditu dagoeneko, hitzetatik ekintzetara pasata. Nolanahi ere, Miren Aburuzaren ustez, helburua ez da kexak jasotzea bakarrik: “Egitasmoaren helburua ez da euskaldunen aurkako urraketen inprimaki pila bat jasotzea bakarrik, baizik eta urraketa horiek berriro gerta ez daitezen bideak jorratzea”. Udalak, halaber, jakinarazi nahi die herritarrei udaletxera jo ezin badute telefonoz ere badaukatela kexa jartzea. Batetik, UEMAko bulegora dei dezakete (943260372), han biltzen baitira Tolosaldeko kexak. Bestetik, zuzenean Behatokian jar dezakete kexa, Euskararen telefonora deituta (902194332)".



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!