Kale eta plaza izen berriak Arantzibia-Idiazabal eremuan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 6a, 09:33

Orain arte herritar askok Plazaola, Geltokia, Estazioa edo, azken boladan, Muno deitzen zion alderdi honi.

Andoaingo Udalak orain sei urte onartu zituen Plazaola deituriko hirigunean Muno enpresa eraikitzen ari zen etxesail berriek osatu behar zituzten kale eta plazetarako izenak, baina herritarrak etxe horietan bizi, etxebizitzak eskrituratu eta auzoan mugimendua somatzen hasi den arte inor gutxik zekien zeintzu ziren izen horiek. Orain, berriz, bertan bizi diren andoaindarrak apurka-apurka izen berrietara ohitzen ari dira, baina beste adoaindar asko dira –gehienak akaso– horien berririk ez dutenak. Beste horrenbeste gertatu da Aranaztegi industrialdearekin, orain arte Leizotz izenarekin ezagutu baita, baina ia sei urte dira izen berria eman zitzaiola, eta orain guztiz indarrean jarriko da. Izen horien jatorria argitzearren Aiurrik Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzura jo du, haien ardura izan baitzen izen horien gaineko proposamena lantzea.

Bertan Aiurriri adierazi diote izenak ez direla berriak, gehien-gehienak hor egon direla ehundaka urtetan, bereziki trena Andoainera iritsi eta ezkutatu zituen arte: izen gehienek urarekin dute zerikusia, alderdi horretan ugaria baitzen Leizotz auzoko mendi eta muinoetatik Oriara bidean isurtzen ziren erreka eta errekastoak. Arantzibia –Arantzubi gaizki deitua–, Idiazabal eta Erroitz dira urarekin zerikusirik duten izenak –hidronimoak adituentzat–, baina, gainera, Aldapeta izena ere finkatu da eta Andoaingo Ohorezko Seme baten izena eman zaio auzune horretan eraiki den plaza ederrari: on Manuel Lekuona euskaltzale eta kulturgizon handiarena.

Leizotz, berriz, auzo osoaren izena da, Andoaingo auzorik handienaren izena hain zuzen ere, eta desegokia eta nahasgarria gertatzen zen, arazo bat baino gehiago izan baita kamioi eta ibilgailuen GPS sistemekin Leizotz industrialdera iritsi nahi izan dutenean. “Leizotz industrialde bat izendatzeko Andoain bezain izen desegokia da –esan digute Euskara Lansailean–, auzo oso baten izena delako, non eta toki-izen edo toponimoak sobran diren alderdi batean”.  Aranaztegi industrialdean bertan, bada beste bide txiki bat Munttegi bidea izendatu duena Udalak.

Arantzibia-idiazabal eremuan eta Aranaztegi industrialdean, izen berri horiek guztiak laster azalduko dira. Izan ere, Udaleko Zerbitzu Lansailean idazkun edo errotuloak jarri ahal izateko lanak abiarazi dituzte eta urte berriarekin alderdia guztiz seinalizaturik izango dela uste da. Gainera, herriko beste alderdi batzuetan ere seinaleztapen lanak egingo dira aurrerantzean, kale eta plazen izenen berri ematen duten idazkun edo errotuloak ez baitira asko Andoaingo kaleetan.

EKIMEN BERRIAK
Gainera, Euskara Lansailetik adierazi dutenez bi urte dira Andoaingo auzo guztietako herribideak izendatu eta seinalizatzeko lanei hasiera eman zitzaiela eta aurrera darraite. Ingurumen Lansaileko eta Zerbitzu Lansaileko teknikariekin batera landa inguruneko herribide guztiak seinalizatuko dituzte, herritar guztiek jakin dezaten zeintzuk diren bide horiek eta non barrena irits litezkeen alde batera edo bestera. Goiburu auzoko lana eginda dago eta datorren urtean, 2009an seinalizatzea baino ez da falta. Leizotz auzoko herribideak izendatu eta zein seinale ipiniko diren lantzen ari dira orain. Bizpahiru urte barru lan guztiak amaiturik egotea espero dute eta Ramon Varela, Ingurumen teknikariak esan digunez “andoaindar guztiek eta bisitatzen gaituztenek gure ondare hori ezagutu eta gozatzeko aukera izango dute”.

Bestetik, Aiurrik jakin ahal izan duenez Udaleko Kultura Sailak Larramendi Bazkunaren laguntzaz Andoaingo kale, plaza eta etxeen izenen berri eta izen horren jatorriaren azalpenak emango dituen liburuska sorta prestatzen hasi da. Herriko kale, plaza eta etxe guztien –hiriguneko etxeak soilik– izenaren berri emateko herria hiru zatitan banatuko dute, eta zati bakoitzari buruzko liburuska bana emango da argitara. Liburuska horietan kalearen izena eta izen hori zergatik eman zitzaion azalduko du Udalak. Kultura Lansailaren eta Larramendi Bazkunaren asmoen arabera lehenengo bi liburuskak urtea amaitu aurretik plazaratu nahi lituzkete, edota urte berriarekin.  2009. urtean zehar emango litzateke argitara hirugarren liburuska. Orain, ekimena hitzartzea baizik ez zaie falta bi erakundeei.

TOPONIMIA
Orain arte herritar askok aztergai dugun alderdi horri Estazioa, Plazaola, Tren geltokikoa edo Muno deitzen zion, baina Udaletik adierazi digutenez, alderdi horretan XIX. gizaldia arte bizi-bizirik zeuden izenak edo toponimoak beste batzuk ziren, gehienak urarekin zerikusi zuzena eduki eta aditzera ematen zutenak  alderdi horretan ugari zela erreka eta errekastoa eta horiekin harremana zuen bestelakorik.  Baina 1864. urtean trena iritsi zen, Norteko ferrokarrila, eta Gipuzkoa osoko beste alderdi askotan bezala burdinbidea egiteko lanek inguru horren itxura guztiz aldatu zuten. Trenak ahalik eta biderik lauena behar zuen, aldats-aldaketarik gabe, eta hori hala izan zedin ibai eta erreka-ubideetako ibarrak baliatu zituzten trenbidea horietan barrena eramateko. Beraz, Donostiatik atera eta Urumearen ibarrean etorri ondoren, Oriako ibarrera iristeko trena Urnieta eta Andoaingo erreka-ibar txikietan barrena ekarri zuten. Baina ibarretan barrena ekartzeak ez zuen trenbidea guztiz laua izango zenik ziurtatzen, ezta gutxiagorik ere, eta tarteka-tarteka Norteko burdinbideak ezpondak behar zituen zuzen-zuzen eta lau-lau aurrera egin ahal izateko. Ezponda horiek jasotzeko lur eta harriz betelana egin beharra zegoen eta horrek erreka askoren ubideak estali edo aldatu zituen.

Hitz batean esateko, trenbideak estali, eraldatu edo ezabatu zuela denborarekin bertan zegoen izen asko, toponimo asko. Andoaingo Udaleko Euskara Zerbitzuaren lana toponimo horiek berreskuratzea izan da, eta berreskuratu nahi izan dituzte primeran adierazten dutelako alderdi hori zer zen eta nolakoa zen trenak bere bidea zabaldu aurretik. Trena bizirik dago, ikusten dugu, eta galduko balitz ere utziko luke toponimorik. Berreskuraturiko toponimo horiek, ordea, argi eta garbi adierazten digute alderdi hori nolakoa zen, zein topografia zuen eta zein garrantzi.  Txitxarrain baserriarena da galdu ez den izena, baina izen hori ulertzea zaila da bere testuingurutik kanpo, Txitxarrain baserria gaur egun trenbidearen kontra dagoelako. Inor gutxiri etorriko zaio burura, Txitxarrain baserriaren inguru guztia erreka eta errekastoz beterik zegoela eta txitxarrainak, hots angulak, nagusi zirela errekasto horietan. Txitxarraingo inguru horretan trena igaro zedin, baina, ezponda luze eta zabala egin behar izan zuten, betelana burdinbidea tuneleraino berdintzeko, eta horrek ezabatu zuen inguru hori guztia. Txitxarrainekin batera, gutxienez, izen edo toponimo hauek zeuden urarekin harreman estua dutenak: Arantzibia, Idiazabal eta Erroitz.
Arantzibia eta Idiazabal erreka eta errekasto horiek zeharkatzeko tokien izenak dira eta oinarrian ibi hitza dute osagai: Arantza + ibia = arantza edo elorri landarea nagusi zen ibi edo igarolekua. Ibia, hain zuzen ere, ibai eta erreketan ur sakonerarik txikiko lekuak dira, pertsonek, aziendek, abereek, piztiek eta mota guztietako gurdiek ibaia zeharkatzeko erabiltzen zituztenak. Ehundaka dira Euskal Herri osoan-ibi hitza osagai duten toponimoak. Bestea Idiazabal da, jatorrian ziurrenik Ibiazabal, hots, ibi edo zeharkaleku hori zabala zen erreka tartea. Idiazabal ere bizirik dago Andoainen Idiazabalaundi baserrian, andoaindar askok Itzalaundi izenez ezagutzen duena, eta duela urte gutxi arte Idiazabaltxiki edo Itzaltxiki ere hor izan zen, GI-131 errepideaz beste aldera.

Azkenik, Erroitz dugu, Azkuek Andoaingo izen jatortzat zuena, eta zera adierazten du: lurraren –mendiaren– erraietatik arroilan behera isuriz datorren ura (erro + iz), eta horixe egiten zuen, hain zuzen ere, Txitxarrain pareraino Leizotzeko mendietatik, Pagadigaina aldetik isurtzen zen –eta gaur egun isurtzen den– Erroitz errekak.

Arantzibia-Idiazabal alderdiko hiru adibide dira. Zerrenda luza daiteke.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!