Jon Barrondo, Andoaingo zesta-punta jokalaria

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 6a, 09:30

1984an Gernikan egin zuen debuta, eta harrezkero da zesta puntako jokalari profesionala. Geldirik dago abuztuaz geroztik hala ere, mina hartuta. Bere ibilbideko unerik ia gozoena bizi zuela heldu behar lesioa.

Larria al da lesioa?
Eskuineko besoa daukat hondatua. Operatu eta igeltsoa izan nuen. Jokoan aritzeko berreskuratze ariketak egiten hasi naiz soinketa gelan. Lesio arraroa da guztiz. Izatekotan ere, beti-beti eskuinarekin jokatzen dutenei gertatzen zaie, ez ni bezala kontrara jokatzen dutenei. Medikuek ere ez dakite gauza askorik, oso gutxitan gertatzen baitzaie kirolariei.

Kantxetara itzultzeko desiatzen, noski…
Oraintxe sinatuko nuke pare bat hilabeteetan frontoian sartu eta poliki hasi ahal izateko. Hala ere, ikustear da etorkizuna, lesio nahiko ezjkaina delako. 41 urte edukitzeak ere ez dit laguntzen. Agian betiko egin du nireak… Igeltsua kendu eta berehala medikuek jarri zidaten frogatxoari ondo erantzun nion eta horrek animoak eman dizkit. Ezagutzen ditut osatu diren pilotariak, baita erretiratu direnak ere… Pazientzia eta konstantzia errekuperazio lanetan, hori da geratzen zaidana orain.

Sekulako estadistika ona zeneraman aurten…
Partida asko neuzkan irabaziak; une honetan jokalaririk onena den Goikoetxearekin bikote eginez maiz. Egia esan, Master Jai enpresa sortu denetik oso motibatuta gabiltza pilotariak, entrenatzeko eta jokatzeko. Aurreko urtetan ez bezala, orain partida eta txapelketa asko jokatzen da, eta badago jarraitasun bat. Lehen udako denboraldian jokatzen ziren 35 bat partida jokatzen genituen igual, eta gero neguan ez genuen zestarik ukitzen ia.

Munduan zehar ibilia zara urtetan…
1984an debutatu nuen; AEBetan zazpi urte (1985-92) eta Mexikon bi (1993-95). Gainerako urteak Euskal Herrian egin ditut. Azken urtetan kanpora joan izan nahiz tarteka, partidak jokatzera. Azkenekoz pasa den urtarrilean izan zen, AEBetan.

24 urte horietan, zenbat aldatu da zesta punta?
Izugarri, eta okerrera. Gaztetan Arrateko pilotalekuko eskolan hasi ginenean bagenekien irteera izango zenuela pilotari gisa. Ameriketan 500 pilotarirentzat bazegoen lana, urte osoan irekita zeuden 13 frontoietan. Orain bi frontoi baino ez dira geratzen irekita. 1988an hasi eta hiru urte iraun zuen grebak asko markatu du zesta puntaren geroa. Soldatagatik hasi zen protesta, pilotariak banaka banaka mehatxatuz erantzun zuten enpresek. Bi aldeen posizioak gogortu egin ziren, eta azkenean, nahiz pilotarien eskakizunak onartu, zesta-punta hondoratu egin genuen denon artean. Krisia etorri zen eta askok utzi egin behar izan zuten, Aitor anaia tartean.

Arrateko eskolak nolako oroitzapenak dakartzazu?
Izugarri onak. Nire aita bezalakoek dirua jartzen zutelako izan zuen hainbeste indar hasierako urteetako eskola hark. Rafael Elizondo pilotari ohiari 100 pezeta ematen zitzaion entrenamendu bakoitzeko, eta hark zekien guztia erakusten zigun. Garai hartan goizetan jokatzeko igual 40 jokalari geunden. Ia ukalondoka hasi behar genuen ordua harrapatzeko. Makina bat pilotari eman zituen eskolak, nahiz eta ni izan jokatzen segitzen duen bakarra. Oraingo errealitateak harridura eta pena eragiten dit; goizetan itxita egoten da orain eta zesta-puntalaririk ez dabilela uste dut…

IBILBIDE OPAROA
Palmares amaigabea du bikoteka:
• Espainiako txapeldun 1983an (afizionatuetan).
• Munduko txapeldun 1993, 1997 eta 1998an.
• Urrezko Zestako txapeldun 1995 eta 1996an.
• Kontinentearteko eta Miarritzeko Masterraren txapeldun 1997an.
• Nazioarteko Txapelketako txapeldun 2008an.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!