Gipuzkoako Batzar Nagusiak ezagutzera emateko kanpaina

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 6a, 09:28

Lau urteroko hauteskundeetan udal ordezkariak hautatu ohi ditugu. Eta horrekin batera, egun berean baita Gipuzkoako Batzar Nagusietakoak ere. Udal ordezkarien aurpegiak, haien jarduna eta oro har, udalen egunerokotasuna ezaguna zaigu. Batzar Nagusiena ez ordea hainbeste, zer diren ere argi ez izateraino. Ezagutza zabaltzeko bus informatzailea eskualdetik igaroko da azaroan zehar.

Herritarrek askorik ezagutu ez eta urrun ikusten dutena, ahalik eta gehien gerturatzea, kasu honetan autobus bidez. Hori da Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkarien asmoa. Horregatik, herrialdeko 88 udalerrietan zehar ibiliko den autobusa prestatu dute. Gipuzkoan zehar egin nahi duten bidaiaren helburua, aipatu erakundea zertan aritzen den, nortzuek osatzen duten edota zer nolako bilakaera historikoa izan duen azaltzea da. Hitz gutxitan, erakundea bera ezagutaraztea.

URNIETA ETA ANDOAIN, GELTOKIAK
Datozen egunotan autobusa eskualdean barrena ibiliko da; Andoainen datorren astean eta segidan, Urnietan beste bost bat egunez. Herritar oro sar liteke, doan, birziklatutako garraiobidera. Hamabost urte betetzen dituztenek bidaiariak ezin omen dituzte eraman. Horregatik, autobusa iaz, Donostiako Orfeoiaren 25.urteurrena ospatzeko baliatu  zuten, Alegria Activity autobusaren enpresa arduradunek. Kanpaina hura amaituta, orain Batzar Nagusietatik bultzatu nahi den ekimenerako prestatu dute autoa.
Norbanakoak zein taldeak egoteko lekua egokituta dute barruan, hamabi ordenagailu eta 25 pertsona esertzeko tokiarekin. Batzar Nagusiak ezagutzeko saioa, zazpi minutu inguru irauten duen bideo batekin ekiten zaio. Jarraian, bertan dauden ordenagailuetan multimedia zerbitzuan murgilduta, gipuzkoarrengan eragina duen erakundea zer den, bere zereginak zeintzuk diren, edota bere osaera azaltzen dira. Zalantzak argitzeko hezitzaile bat dago.
Autobus barruan jasotako informazioa barneratu den edo ez ikusteko, ordenagailu bidezko joko bat planteatzen zaie bisitariei; bozken ordez hainbat galderei erantzunda Batzar Nagusietako Lehendakari postua eskuratzeko aukera. Horretarako, pantailan ageri den hemizikloko eserlekuetan klikatu eta horietako bakoitzean ageri den galderari zuzen erantzun behar zaio. Erantzunak asmatzen joan ahala, norbere talde politikorako eserlekuak gehitzen joango dira. Erantzun okerrak aldiz oposizio aldera doaz, aurkari politikoen eserleku kopurua handitzera.

“Jende askok ez daki Gipuzkoak legebiltzar txiki bat duela” 

Bisitariak busera igota bi langilerekin egingo du topo; Yago Fuentes Ibarz gidariarekin eta zalantzak argitzeko prest egongo den Erika Gonzalez Zuaznabar hezitzailearekin.

Batzar Nagusiak, askok Aldundiarekin nahasteko joera dute. Zer beste erakunderekin aldera genitzake?
Erika Gonzalez Zuaznabar:
Batzar Nagusiak Gipuzkoako Legebiltzarra litzateke eta Aldundia Gobernua. Beste erakundeekin alderatzerakoan, beste legebiltzarren funtzionamendu bera du.

Herritarrek urrun samar sumatzen dutena bus bidez gerturatu nahi da. Zer asmorekin?
E.G.Z.:
Batzar Nagusiak gipuzkoarrei gerturatzea eta bere funtzioak zeintzuk diren azaltzeko.

Funtzio horiek zeintzuk dira?
E.G.Z.:
Foru arauak egitea, lurralde historikoko ekonomia sustatzea, Ahaldun Nagusia aukeratzea eta Aldundiaren kontrola izatea.

Momentuz, zer nolako harrera izan du autobusak?
E.G.Z.:
Hilabete daramagu autobusarekin eta harrera ona izan da.

Zeintzuk dira herritarren aldetik askotan errepikatu ohi diren zalantzak?
E.G.Z.:
Gehienetan, zer diren Batzar Nagusiak. Jendeak pentsatzen du legebiltzarra dela, baina Gasteizkoa. Jende askok ez daki Gipuzkoak, bertan, legebiltzar txiki bat duela, eta garrantzitsua gainera gipuzkoarrentzat. Jende askok autobusa politikarekin lotzen du. Politikarekin lotura duela jakiterakoan, alde egiten dute. Behin zer den azaltzen hasita ordea, gelditu egiten dira.

Erakunde bati buruzko informazioa helarazten baita?
E.G.Z.:
7 minutuko bideoa ikus daiteke, eta multimedia zerbitzua kontsultatu ordenagailuetan. Hamabi ordenagailu daude, 25 pertsonentzako lekua. Urtean zehar, 88 herritan egongo gara.

Ordutegia goiz eta arratsaldez.
E.G.Z.:
Ikastoletara joaten garenean, eskatzen badute ordutegia egokitzen dugu. Bestela, talderik ez badago ohiko ordutegian egongo gara.

Ikasle taldeen bisita jaso ohi duzue. Bereziki haiei zuzendua dago ekimena?
E.G.Z.:
Haiek izango dira  biharamuneko gipuzkoarrak. Ikastoletatik etortzen diren haurrei boleto bat ematen diegu. Bertan izena jartzen dute eta zozketa batean parte hartzen dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!