Odol emaileei omenaldia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 6a, 09:27

Odola 25 aldiz emanda, bizitza bat salba daiteke, eta beste hainbeste lagundu. 50 emanaldirekin, lau bizitza eta neurri berean babesa eman gehiagori. Belauneko edo mokorreko ebakuntza sinple bat egiteko lau poltsa odol behar dira. Pentsa egunero zenbat operazio egiten diren.

Odola emateak zenbateko garrantzia duen erakusten duten datuak dira horiek. Pasa den urriaren 26an ezagutarazi zituzten alorreko adituek, Izaskunen, 25, 40 edota 50 aldiz odola eman zutenak omentzeko Oria Beheko Ordezkaritzek antolatu zuten urteroko ekitaldian. Bertan ziren, zenbait urnietar ere. Odola 25 aldiz emateagatik honako herritarrak omendu zituzten: Juan Mari Esnaola, Mikel Goenaga, Izaskun Miner, Mertxe Olazabal, Jose Miguel Ruiz eta Joseba Unanue. 40 emanaldirengatik: Koro Gorrotxategi. Eta odola 50 aldiz emateagatik: Juan Antonio Vivanco eta Carmelo Dominguez herritarrak.

Intsignia, diploma eta trofeo banaketa eguna, giro ederrean bizi izan zuten. Egun hartan odola emateak zer nolako garrantzia duen azpimarratu zen. Urtean zehar, odol emaileek eta elkarteek aldarrikatu bezala. “Animatzeko, behar handia dago eta”, gogorarazi du Koro Gorrotxategi urnietarrak. Beste herritarrekin batera omendu zuten. 30 urte bete ondotik jada 42 aldiz eman du odola. Denbora tarte honetan guztian zehar, kontzientziatze mailak gora asko egin duela aipatzen du, eta adin aldetik behera egin du emailearen profilak. “Jende gazte asko ari da animatzen. Baina gehiagok parte hartzea eskatzen dut. Lau hilabetetik behin poltsa bat ematea ez da hain gogorra”, gaineratu du. Eta etorkizunean ere beharko denez, gazteen borondatean dago aurrera begira beharko den odol kopurua ziurtatua egotea.

Norberak izan ditzakeen beldurrak gainditzera deitzen dute, odol emailea erabat kontrolatua egoten baita. Osasun proba bat gainditu behar da lehenbizi, gero odola eman ahal izateko.

61 ALDIZ
Urnietako omenduen artean, Carmelo Dominguez dago, jada 52 aldiz eman baitu odola. Pozik Izaskungo ekitaldiarekin, jendeak izan ditzakeen beldurrak uxatzea eskatzen du eta horretarako, bere esanetan, “informazio gehiago egotea beharrezkoa da, bereziki gazteei zuzendua”. Odola ematera joan daitezen. Izaskungo ekitaldira lagundu zuen bere emazteak, Santiagak. 61 aldiz eman du odola berak. Argi dio: “Odola gurea baino gehiago ez dago”. Ezin da fabrikatu eta alor honetan jarduten dutenek dioten bezala, inor ez gaude odolaren beharra izateko salbu. Nahi duenak, Urnietan bertan tarteka anbulategian antolatzen diren emate saioetan parte har dezake.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!