Lurraldebus txartelaren erabilpena gorantz doa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 6a, 09:26

2008ko otsailean Lurraldebus txartela erabiltzeko gaur egun indarrean dagoen deskontu sistema berria jarri zen martxan; ordutik nabarmen gora egin du erabiltzeen kopuruak, Gipuzkoa osoko ia 100.000 herritar izateraino iritsiz. Orain Lurraldebus txartelaren modalitate berriak martxan jartzen ari dira, ezaugarri bereziak betetzen dituzten herritarrei deskontu bereziak aplikatuta.

Urrian, Gazteak txartela jarri zen martxan, 10 eta 25 urteko gazteentzat. Azaroan zehar beste txartel modalitate berri batzuk izango dira: Txartel soziala, adinekoentzako txartela, eta ezinduentzako txartel berezia, besteak beste.

TXARTEL BERRIAK
Ohiko Lurraldebus txartelarekin ez bezala, Lurraldebus txartel berri hauek erabiltzeko beharrezkoa da Gipuzkoan enpadronatuta egotea. Honakoak dira txartel modalitate berriak:

  • GAZTEAK: 10 eta 25 urte bitarteko gazteentzat. Txartela errekargatzerakoan, sartutakoaren %20 eskuratuko da bonifikaziotan. Hau da, 10 euro sartu, eta %20ko bonifikazioarekin 12 euro errekargatuko zaie.
  •  
  • TXARTEL SOZIALA: Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politika sailetik oinarrizko errenta jasotzen dutenentzat. Txartela errekargatzerakoan sartutakoaren %100 bonifikatuko da. 10 euro sartu eta bonifikazioarekin 20 errekargatuko zaie.
  • ADINEKOAK: 65 urte baino gehiago dituztenentzako txartela. Txartelaren errekargaren %20a jasoko du bonifikaziotan.
  • EZINDUAK: %65a edo gehiagoko ezintasuna duten pertsonentzako txartela. Txartelaren errekargaren %20a jasoko du bonifikaziotan.
  • HAURRAK: 10 urte baino gutxiagoko haurrek debalde bidaiatuko dute. Hala ere, txartela eskuratu beharko dute bidaia kontabilizatzeko eta bidai asegurua izateko.
  • FAMILIA UGARIKO KIDEAK: Hiru seme-alaba edo gehiagoko famili batekoa izanez gero, maila orokorreko eta bereziko kideek  %20 edo %50eko deskontua izango dute, hurrenez hurren.

Txartel berri horietakoren bat  eskuratzeko, eskaera egin behar da. Hau da, nahiz eta ohiko Lurraldebus txartela izan, perfil horietako batekin bat egiten duten herritarrek txartel berria eskatu beharko dute. Txartela eskatzeko, ohiko txartela eskuratzeko aurkezten diren dokumentuak (eskaera orria, Nortasun Agiriaren fotokopia eta argazki bat) eta Gipuzkoako errolda ziurtagiria aurkeztu behar dira. 4 euro ere ordaindu beharko dira. Elbarrien eta Diputazioako laguntzak jasotzen dituztenen kasuan, Foru Aldundiaren ziurtagiria ere aurkeztu beharko da. Famili ugarietako kideak direnek ere, egiaztatu egin beharko dute, Familia Ugariko Tituluaren fotokopia aurkeztuta. Gazteen txartela urriarekin batera hasi zen funtzionamenduan eta azaroan zehar gainerako guztiak martxan jarriko dira.

DATU INTERESGARRIAK
Beherapenak hilabetero, Lurraldebus txartelarekin:

  • 1-40 bidai artean    %40.
  • 41-70 bidai artean    %70.
  • 71-90 bidai artean    %90.


Adibidez, Urnietatik edo Andoaindik, Hernani eta Donostiarako bidaiaren kostua = 0,69 euro (hileroko lehen 40 bidaietan), 0,35 euro (41-70 bidaietan), eta 0,12 euro (71 bidaiatik gora).

ZONALDEKAKO SISTEMA
Lurraldebus txartelarekin bidaiaren kostua erabiltzen den autobus kopurua eta igarotzen diren eskualdeen baitan dago. Gure eskualdea ondorengo herriek osatzen dute: Andoain, Astigarraga, Donostia, Errenteria, Hernani, Lasarte-Oria, Lezo, Oiartzun, Pasaia, Urnieta eta Usurbil.

  • Eskualde baten barruan bidaiatuz gero, aurreneko 40 bidaien prezioa 0,69koa izango da. Trasbordoa autobus konpainia bereko bi autobusen artean egiten bada bidai bakarra ordainduko da. Baldintza bakarra trasbordoa 15 minutu pasa aurretik egitea da. Adibidez, Urnietatik Aietera joateko (Garayar autobusak) bidai bat ordainduko da. Urnietatik Oiartzun, edo Usurbilera joateko bi bidai ordainduko dira.
  • Eskualde bat zeharkatuz gero. Adibidez Andoaindik Tolosara, aurreneko 40 bidaien prezioa 1,02 eurokoa izango da.
  • Bi eskualde zeharkatuz gero, adibidez Urnietatik Azkoitira, aurreneko 40 bidaien kostua 2,04 eurokoa izango da.
  • Hiru eskualde zeharkatuz gero, adibidez Andoaindik  Zumarragara aurreneko 40 bidaien prezioa 3,15 euro izango da.
  • Lau eskualde zeharkatuz gero, adibidez Urnietatik  Durangora, aurreneko 40 bidaien prezioa 4,14 eurokoa izango da.
  • Azkenik bidai luzeen multzoa dago. Adibidez Donostiatik Bilbora edo Gasteizera. Aurreneko 40 bidaien kostua 5,64 eurokoa izango da.


ETORKIZUNERA BEGIRA
Momentu honetan lanean ari dira, Lurraldebus txartel bakarra autobus linea gehiagotan erabili ahal izateko. Urtea bukatu aurretik Donostia barruko autobusetan txartel hau erabiltzeko aukera izango da; datorren urtean Gipuzkoako gainerako autobus lineetan erabili ahal izatea nahi da; eta baita Eusko Tren eta Renfeko trenetan ere. Txartel bakarra taxietan erabiltzeko aukera ere aztertzen ari dira.

TXARTELAREKIN ERABILGARRIAK 

  • Garaiar autobus urdina: Andoain, Urnieta, Hernani, Donostia.   
  • Compañía de Tranvia TSST  bus berdea: Donostia, Lasarte, Zubieta, Andoain, Asteasu, Tolosa.
  • Areizaga autobus gorria: Hernani, Donostia, Pasai San Pedro, Errenteria.
  • Pesa: Donostia, Bilbo, Gasteiz, Goierri, Tolosaldea, Urola Garaia, Debagoiena eta Deba Behea.
  • Hernani barruko autobusa.
  • Eusko Tren: Donostia eta Gipuzkoako kostaldea, Bizkaia kostaldea, Urola, Debabarrena.
  • Goierrialdea: Goierriko herriak eta Zumarragako ospitalea.
  • La Guipuzcoana: Donostia, Urola Erdia, Urola Kosta eta Tolosa.
  • Herribus: Donostia, Pasai Donibane, Errenteria eta Oiartzunekin lotzen ditu. 
  • Tolosaldea Bus: Tolosaldeko eskualdeak eta Ordizia.
  • Interbus: Donostia, Pasaia, Errenteria, Irun eta Hondarribiarekin lotzen ditu, aireportua ere. 

Pablo Beristain, Garaiar konpainiako bus gidaria

Erabiltzaileen kopurua gehitu al da Lurraldebus-arekin?
Ez nabarmenki, baina gehitu dela ikusten da.

Erabiltzaileen profila aldatu da?
Ez. Emakumeak eta ikasleak izaten segitzen dute batez ere.

Zenbatek ordaintzen dute txanponez oraindik?
Gauzak aldatzen dira egunez egun, baina lautik batek gutxi gora behera, esan daiteke.

Zergatik ez dutela txartelik iruditzen zaizu? 
Denetik dago. Batzuk busa gutxitan erabiltzen dutelako esan dute ez dutela atera nahi; alferkeriagatik, berriz, beste batzuk. Horiei merezi duela esaten diet, dirua inork ez baitauka soberan.
Azken batean, 4 euro balio du txartelak, eta segituan amortizatzen duzu. Horrela, bidaia erdira jaisten zaizu ia; euro bat eta 30 zentimoetan bestela…

Txartel modalitate berriko erabiltzailerik etorri zaizue jada?
Oraindik goiz da. Ikasleen txartela ikusten da bakarrik oraingoz. Zuzenean egiten zaie deskontua horiei, kargatzearekin batera.

Ana Isabel Rodriguez, Lurraldebus erabiltzailea

Zuk zergatik erabiltzen duzu busa?
Erosotasunagatik; lanetik gertu uzten nauen garraiobidea delako.

Onuragarria zaizu Lurraldebus txartela?
Egunero Andoain-Donostia joan etorria egiten dut eta dezente merkeago ateratzen zait; 60 zentimo egunero, eta 30 eta piko zentimo hileko azken egunetan. Lehen ere busa erabiltzen nuen, eta beraz mesedegarri gertatu da niretzat.

Bus erabiltzaileen haztea ekarri duela iruditzen zaizu?  
Jendea beti bezala dabilela iruditzen zait.

Txartel modalitate berriek jendea erakarriko dutela iruditzen zaizu? 
Ez dakit erabiltzaileak gehituko diren, baina informazio gutxi dagoela uste dut. Informazio gehiago izanda, agian gehiago erabiliko lirateke busak. Hala ere, badakizu nola den jendea: errutina egina badauka, autoa hartzeko joera… zaila egiten zaio aldatzea. Gainera, trenez dabilen Andoaingo herritarrari, adibidez, errazagoa egiten zaio, trenez bidaiatzea.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!