Gorputzaren oreka bilatzeko, Tai Chi-a

Barne arte martziala da Tai Chi-a, kanpotik etor daitezkeen erasoetatik defendatzeko baino, norberaren lan pertsonalerako egiten dena. Nagore Orbeltzuk Tai Chi-a erakusten du Larraulen.

Gorputzaren oreka bilatzeko modu bat da Tai Chi-a. Ariketa azkarrak eta gogorrak, geldi eta suabegoekin tartekatuz lortzen da hori. Horrela azaldu du Nagore Orbeltzu irakasleak: “Bi motako ariketak landu behar dira, oreka bilatuz. Dualitate hori lortzea garrantzitsua da”.
Zuhaitz baten irudia erabiltzen du Nagorek Tai Chi-a zer den azaltzeko: “Zenbat eta sustrai sendoagoak izan, orduan eta handiagoa izango da zuhaitza eta orduan eta fruitu goxoagoak emango ditu. Gure gorputzak ere oinarri sendoak behar ditu bilatutako oreka lortzeko. Larraulgo ikastaroan, norberaren oinarriak aurkitu eta aztertzea izango da lehendabiziko lana. Tai Chi-ak badu zerbait meditaziotik, baina beste oinarririk jarri gabe meditaziotik hasiko bagina, adarretatik hastea bezalakoa izango litzateke. Oinarri onak jarriz gero, pertzepzioa ere garatzen joaten da eta gauza sutilagoak sentitzen hasten gara. Arnasketa egokia ere, berez sortzen den zerbait dela uste dugu, etengabe arnasa kontrolatzen aritu beharrik gabe, modu naturalean ateratzen zaigula uste dugu”.

Gorputza eta arima
Gorputzaren oreka lortzea da lehendabiziko pausoa eta ondoren, pentsamendua lantzeko garaia iristen da. “Gauza finak, sutilak sentitzea ez da erraza izaten, baina hori pertsonaren araberakoa da, norberaren prozesu pertsonalarekin lotuta doa”, dio Nagorek. “Norberaren espresioa lantzea da helburuetako bat. Hasieran taldeko kideak gidatu egin behar dira, Tai Chi-aren pausoak ikasteko, baina ondoren, norberak bere lana egin behar du”, gaineratu du.
Hiru mailako lana egiten du Tai Chi-ak: fisikoa, emozionala eta mentala. “Gimnasia egiteko modu ezberdina da, zer egiten ari zaren konturatuz. Batzuetan, ariketa fisikoaz baliatzen gara ez pentsatzeko eta hori ere oso baliagarria izan daiteke momentu batzuetan. Beste batzuetan berriz, egiten ari garena pentsatuz egitea oso garrantzitsua da. Oso bizimodu azkarrean murgilduta bizi gara, baina hori berez, ez da txarra, atseden hartzen ere asmatzen badugu. Gorputza mugitzeko egina dago, baina egunaren amaieran lasaitasun pixka bat ematen ere jakin behar da. Horrekin lotuta, ikastaroan ariketa azkarrak ere egiten dira, ondoren hobeto lasaitzea lortzeko”.
Tai Chi-a aipatzean, naturgune lasaiekin lotura egiten da maiz: “Garrantzitsua da toki lasai batean aritzea eta ongi dago naturan egitea, izan ere, begietatik sartzen denak gorputzari zabaltasuna ematen baitio. Baina hasten ari denarentzako zailagoa izaten da kontzentrazioa lortzea inguruan mila gauza gertatzen ari badira, horregatik egokiagoa da toki bildu batean hastea”.

Guztientzako egokia
Adin guztietara egokitu daiteke Tai Chi-a. “Maila ezberdinetan egin daiteke, adinaren arabera. Gaztetan indarra eta jakinahia izaten dira nagusi, heldutasunean lasaitasun handiagoz egiten dira gauzak eta indarra barrurago dagoela ikusten da, eta zahartzaroan meditazio egoera nagusitzen da. Prozesu hori bera islatzen da ariketak egiteko moduan”, dio Nagorek.
Duela hogei urte ezagutu zuen Nagorek Tai Chi-a: “Antzerki eskolan nenbilen eta gorputz espresioko ariketen artean Taichi egiten genuen. Izugarri gustatu zitzaidan eta 1992an Donostiako Tai Chi Chuan eskolan hasi nintzen. 2000 urtean, eskola hartan bertan egin nintzen irakasle. Garai hartan moda handia sortu zen Tai Chi-aren inguruan. Orain jaitsi egin da pixka bat, baina ikastaro asko antolatzen da”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!