Zentroa bere horretan geratuko da

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 4a, 17:59

Duela berrogei urte baino gehiago sortu zen Zizurkil Goiko Zentroa, herriko gazteen ekimenez. Eraikin zaharkitua bota eta Iriarte Etxera eramateko bilerak egin dituzte Zentroko kideek eta Udalak, baina ez dute akordiorik lortu. 

Herriko parrokoaren eta gotzaitegiaren baimena lortu ondoren, auzolanean eraiki zuten Zizurkigo Zentroa. “Kultur eta aisialdi ekintzak antolatu ahal izateko eraiki zuten. Herriko ehun bat gazte aritu zen Zentroa sortzeko lanetan. Euren poltsikotik jarri zuten dirua eta auzolanean egin ziren lanak. Meritu handia izan zutela aitortu behar da. Elizako portikoa eta eskola zaharra omen zeuden Zentroa eraiki zen tokian. Gaur egun ere, toki berean izango da portikoa, ezkutuan bada ere”, dio Zentroko taldeko kide den Xabier Pellejerok.
Iritzi ezberdinak bildu dituzte Zentroaren iguruan: “Zentroko eraikinaren jabe legala eliza da, baina bere garaian gotzaitegiak herritarrei emandako baimenak, ez du amaiera eperik. Gaur egun, elizak eraikina botatzea nahi du eta Udalak ere hala nahi duela uste dugu. Herritarren artean, berriz, iritzi ezberdinak bildu ditugu. Bertan lanean aritu zirenei pena ematen die botatzeak, bizipen asko dituztelako bertan. Baina orokorrean, nire ustez herritarren gehiengo handi batek ondo ikusiko luke Zentroa hemendik kentzea, baldin eta ingurua txukun uzten bada eta ordezko leku bat lortuz gero”. “Bestalde, Zizurkil Goian bizi garenok, plaza bat merezi dugula uste dut. Gaur egun ez daukagu plazarik, gaizki antolatutako aparkalekua baizik. Hori zuzentzea Udalaren ardura dela uste dut eta horretarako, plaza inguruan dauden bi edo hiru eraikini ukitua eman beharra dago eta aurrenekoa, zalantzarik gabe, Zentroa da, herritarrena edo publikoa delako”, gaineratu du Xabierrek.

Iriarte, Zentroaren truke
Duela bi urte inguru egin zuten lehen bilera Zentroko kideek eta Udalekoek. “Ordurako Iriarte etxeko jatetxea eta taberna itxita zeuden eta Zentroa hara eramateko aukeraz hitz egiteko momentu egokia izan zitekeela iruditu zitzaigun. Mari Angeles Lazkano alkateak ere, hitz egiteko prest zegoela esan zigun. Oso epe motzera, aldaketa egiteko baldintzak finkatu genituen. Baldintza nagusiena, denbora epea finkatzea zen. Guk 35-40 urteko eskaera egin genuen eta Udalak 25 urte eskaini zituen. Onartu egin genuen”, azaldu du Pellejerok.

Epea, baldintza nagusi
“Hortik aurrera prozesua luzatzen joan zen. Gure aldetik, hitzarmena sinatu ahal izateko, egitura legala sortu behar genuen, eta lan horiek egiten ari ginen. Udalaren aldetik ere prozesua luzatzen ari zen eta aurtengo ekainean, beste bilera bat egitea erabaki genuen. Gure sorpresarako, prozesuaren amaierako bilera izan zen. Alkateak garbi esan zigun aurrez adostuta zegoena ezin zuela bete eta beste proposamen bat egin zigun. Taberna kudeatzeko bost urteko lagapena eskaini zuen. Proposamen hori ezin dugu onartu. Gu ez ginen ari Iriarte kudeatzeko baldintzak eztabaidatzen, Zentroa Iriarteren ordez trukatzeaz baizik. Momentuz, hartu emanak bertan behera geratu dira, baina horrek ez du esan nahi Udalarekin hitz egiteko prest ez gaudenik. Argi dugu, epeak 25 urte ingurukoa izan behar duela. Udalaren azken proposamenak kezka sortu dit. Udalak, plaza urbanizatzeko presarik ez ote duen iruditzen zait eta hori ez da inola ere ona herritarren intereserako”, dio Xabierrek.  

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!