Txintxonean arratsaldero, Egarrin

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 4a, 17:56

Duela hogeita hamar urtez geroztik zaletasun bitxia lantzen du Zizurkilgo gizon koadrila batek arratsaldero. Txintxon karta-jokoan  aritzen dira lagunartean.

Hogeita hamar urte inguru daramagu arratsaldero txintxonen jokatzeko elkartzen. Pasus tabernan hasi ginen, Izurtzuko nagusiek tabernaren ardura zutenean. Hura itxi eta gero, Egarri tabernan jarraitu genuen. Oraindik ez gaituzte bidali; ondo hartzen gaituzte, inondik ere. Jende asko elkartu gara urte horietan guztietan zehar. Zizurkildarrak gehienak baina, villabonatarrak ere etortzen dira”, adierazi du Juan Arruabarrena taldekideak. Jubilatu ondorenean hasi ziren gehienak taldera biltzen, “jubilatu eta gero denbora libre izaten genuen eta nonbait denbora pasa behar izaten zenez, halaxe hasi ginen. Erreleboan lan egiten zutenak ere etortzen ziren. Hildakoak ere badira taldean eta, orain hasi diren taldekide berriak ere bai”. Hasieratik txintxona aukeratu zuten jokorako, “besterik ez dakigu eta!” azaldu dute barrezka. “Beti txintxonean ibiltzen gara gu, arratsaldeko 16:30etatik 19:30ak arte”. Hiru ordu jarraian arituagatik, ez omen dira batere aspertzen. “Egunero-egunero, astelehenetik ostiralera elkartzen gara. Larunbata jai hartzen dugu”.

40 zentimo partidako
Lauretarako hartzen dute Egarri tabernako mahaia eta 16:30etan ekiten diete jokoari. Aipatu dutenez, bi dibisiotan banatuta dute taldea; lehen eta bigarren dibisioa, hain zuzen ere. “Aurrena lehenengo dibisioko mahaia antolatzen dugu eta bakarren batek huts egiten badu, bigarren dibisioko beste norbaitek osatzen du mahaia. Ohitura hori dugu. Jeneralean bi talde horiek biltzen gara. Eguraldi txarra denean, hirugarren mahaia ere igual osatzen da”. Dudarik gabe, arratsalde onak pasatzen dituzte lagunartean. Tapete gorri luzexka mahaiaren gainean eta inguruan, jokalariez gain, puntu kontalariak ere izaten dira mahai bakoitzean. Koadernoan txukun-txukun jasotzen dituzte jokaldi bakoitzeko emaitzak. “100 puntura jokatzen dugu partida. Taldekideren bat 100 puntutik pasatzen denean, gainerakoek bukatu arte itxaron behar izaten du. Hemen ez da errebantxarako aukerarik”. Txintxona egokitzen denean, jokoa bat-batean amaitzen dela adierazi dute. “zazpi karta segidan egindakoan izaten da Txintxona. Hori egokitzen zaionak 400 txakur handi hartzen ditu. Taldekide batek Fermintxo esaten dio Txintxonari. San Ferminekin borondate handia baitauka”, azaldu dute irribarrez. Partida bakoitzeko 40 zentimo jokatzen dituzte. Diru gutxi jokatuagatik, partida irabazteak poza ematen duela beti aitortu dute, “guztira zortzi partida egiten baditugu eta noizean behin bost irabaziz gero, egun handia izaten da hura. Egia esan, berdintsu ibiltzen gara guztiak”.

Partida eta gero, arrantxoa
Betiko eran jokatzen dute txintxonean eta ederki moldatzen direla sumatzen zaie, “noizik eta behin diskusioak izaten ditugu. Hori ez dela horrela eta badela eta… Hala ere, ika-mika txikiak izaten dira. Hurrengo egunean berdin-berdin lagun izaten jarraitzen dugu”. Partida amaitutakoan, arrantxoa egiten dute etxera itzuli aurretik, “jokoa bukatutakoan, gazta pixka bat jan,  baso-erdi pare bat edan eta bakoitza bere etxera joaten gara”. Taldekideren baten urtebetetzea denean erronda atereaz ospatzen dute eguna. “Kafea eta kopa edo kontsumitzen dena ordaintzen ditu urteak betetzen dituenak. Denak finak gara inondik ere, horrelakoetan inork ez baitu fallatzen”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!