Emakumeak, hutsunea betez

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 4a, 17:52

Duela urtebete inguru, Pepa Bojok eskaini zuen ikastaroan parte hartu eta gero, herriko emakumeak biltzeko zegoen beharra ikusita osatu zen Hutsunea Betez elkartea.

Hilabetez hilabete gora egin du partaide kopuruak. Dagoeneko 30 emakumek osatzen du elkartea eta asteartero elkartzen dira, 15:00etatik 17:00etara, udaletxeko balio anitzeko gelan. Elkartekideen helburu nagusia emakume eta pertsona modura garatu eta haztea da batetik; emakume eta gizonen arteko berdintasuna lortu nahian, taldean lan egitea bestetik. “Taldean ardurak banatzen ahalegintzen gara eta pertsona guztiak gauza ezberdinak egiteko baliagarriak garela erakusten”. Emakumeak elkartzeko egoitza beharra dutela azpimarratu dute, “eskaera behin eta berriro egin dugu Udalean baina oraindik ez dugu biltzeko egoitza egokirik. Hainbat kasuren aurrean, elkartu eta lasai hitz egiteko egoitza behar dugu. Ez da gogoa, beharra baizik”. Hutsunea Betez elkarteak hartu duen dinamikarekin oso gustura daude partaideak. “Orain artean antolatu ditugun ekintzak oso erantzun ona izan dute eta pertsonalki nahiz talde mailan, ondo etorri zaizkigu guztiak. Ekintzak antolatzeko gaitasunak aurrera jarraitzeko gogoa piztu digu, dudarik gabe”. Oinarrian ideia bera izateak lotura estuagoa sortzen duela diote. “Behetik hasi behar dugu, poliki-poliki. Askotan beste elkarte batzuen mailara iritsi nahi izaten dugu baina, gu hasi berriak gara hogei urte lanean dihardutenen ondoan. Hasieratik mantendu dugu harremana Beasaingo emakume elkartearekin. Asko lagundu digute”.

Azaroaren 25ean kalera
Hutsunea Betez elkarteak, egun jakinetan, herritarrak egungo egoeraren kontzientzia hartzera gonbidatu eta emakumeen eskubideak aldarrikatu nahi dituzte. Datorren azaroaren 25ean, esaterako, Genero Biolentziaren Nazioarteko Egunaren baitan, hainbat ekintza antolatu dituzte: Batetik, azaroaren 22an Te doy mis ojos filma eskainiko dute arratsaldeko 19:30etan Gurea zineman. Ondoren, gaiaren inguruko hizketaldia izango da. Bestetik, azaroaren 25ean, kontzentrazioa egingo dute Malkar plazan 19:00etan, musikaz lagunduta. “Kontzentrazio isila izan beharrean, tratu txarren gaia lantzen duten kantuak jarriko ditugu elkarretaratzeak irauten duen ordu laurdenean. Ondoren, barreterapiako irakasleak terapia moduko bat egingo du kontzentrazioan biltzen garen pertsona guztien artean. Egunari duen ukitu tristea kendu nahi diogu ekintza horrekin”. Martxoaren 8aren harira, astebeteko ekintza sorta antolatuko dute: hitzaldiak, antzerkia, ikastaro bereziak…

Ikasturte berrirako lan ildoa
2008-2009 ikasturterako abian jarri dituzten ekintzen artean, jada hasiera eman diote barreterapia tailerrari. “Tailer horietan 18 urtetik aurrerako pertsona guztiek har dezakete parte. Urritik ekainera bitarte lau orduko saioak eskainiko dira, hilero igande batean”. Urriko saioa oso gogoko izan zutela adierazi dute, “oso gustura ibili ginen. Pertsonen arteko kontaktua bultzatzen saiatzen da irakaslea”. Hurrengo saioa, azaroaren 30ean izango da. Hala ere, saio bakanetara etorri ordez, ikastaro osoan parte hartzea gomendagarriagoa dela jakinarazi dute, “jarraipena emango baitzaio aurreko saioetan egindako lanari”. Bestalde, Pepa Bojo psikologo-sexologoak zuzendutako ikastaroak ere antolatu dituzte; identitate femeninoaz, genero biolentziaz nahiz lotura afektiboez. “Ikastaro horiek plaza kopuru murritza dutenez, taldekideontzat soilik izango dira. Elkarteko kide ez den emakumeren batek parte hartu nahiko balu, elkartean izena eman beharko luke”. Urritik ekainera bitarte, pertsonalitatea eta giza harremanak lantzeko beste ikastaro bat ere antolatu dute, “hori ere elkarteko kideei soilik zuzendua”. Ekialdeko dantzen ikastaroa, aldiz, nahi duen ororentzat irekia izango da. “Azaroan hasiko da dantza ikastaroa, Larrea auzoko 20. zenbakian. Ordu eta erdiko saioak izango dira”. Gainera, iaz bezala, irteera kulturalak nahiz familiari zuzendutako mendi irteerak antolatzen jarraitzeko asmoa azaldu dute. Elkarteko bazkide guztiak emakumeak dira. “Halaxe onartu zen estatutuetan. Hala ere, antolatzen ditugun ekintza gehienetan har dezakete parte gizonek ere”, azaldu dute taldekideek. Aurrera bada!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!