Badatoz Samartiñak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 4a, 17:50

Azken urteetan bezalaxe, aurten ere, bi asteburuko festak antolatu ditu Amasako festa batzordeak. Berrikuntza nagusia, azaroaren 16ko herriko artzain-zakurren lehiaketa.

Jai batzordeak antolaketa lan guztiak prest ditu jada Amasako jaiei hasiera emateko. Urte luzetan tradizio bilakatu diren ekintza jendetsuetatik ekintza berrietara, bada non aukeratu. Jai batzordea ikasturte berriarekin batera hasi zen jaiak antolatzeko biltzen. Beñat Iguaran batzordekideak adierazi duenez, “aurten ere gazte jende berria gerturatu da bileretara, giro polita sortu da”. Egunez nahiz gauez jendea erakartzeko moduko egitaraua osatzen saiatu dira, “herriko artzain-zakurren lehiaketa eta umeentzako herri kirolak dira jaietako berrikuntza nagusiak. Gauez, dantzaldiez gain, kontzertua ere antolatu dugu. Ea jendea gerturatzen den”.

EGITARAUA
Azaroak 11, asteartea
San Martin eguna

10:30, Meza Nagusia. Ondoren, Zaldi proba. Peñagarikano eta Sorozabal bertsolariek eta trikitilariek alaiturik. 20:00, Martina sorginari ongi-etorria eta pintxo dastaketa Kultur Etxean.

Azaroak 12, asteazkena
17:00 Joko Garbi partida.
18:00 Pala partida.
20:30 Mondeju afaria Uxo Tokin.

Azaroak 13, osteguna
Gazteen eguna

06:00 Gazteen gosaria Ongi Etorri tabernan, trikitilari eta dultzaineroekin.
14:00 Gazteen bazkaria Uxo Tokin. 16:30 Dantza-Soka eta aurreskua plazan. Ondoren, trikitilarien erromeria.
21:00  Gazteen afaria Iturri Goxon.

Azaroak 14, ostirala
17:15 Pirritx eta Porrotx. Ondoren, txokolate beroa. 20:00 XVII. Bakailao Lehiaketa frontoian. 23:30 Dantzaldia Laiotz taldearekin.
Azaroak 15, larunbata
12:00 Asto lasterketa mozorroturik.
Ondoren, dultzaineroak. 14:00 Herri Bazkaria:Txekor-jana. 17:30 Mus Txapelketa Kultur Etxean. 22:30 Bertsolari jaialdia: Amaia Agirre, Aitzol Barandiaran, Beñat Gaztelumendi eta Jexux Mari Irazu. Ondoren, dantzaldia Trikizio taldearekin.

Azaroak 16, igandea
Meza ondoren, herriko artzain-zakur lehiaketa. 18:00 Herri Kirolak herriko gazteen artean.

Azaroak 22, larunbata
11:00 Ume krosa 6. mailako umeentzat. 16:30 Kulkiren eskutik Meatzarien herri kirol eta jolasak umeentzat. 19:00 Argazki lehiaketaren sari banaketa eta erakusketa Kultur Etxean. 23:30 Lain eta Hesian taldeen kontzertua.

Azaroak 23, igandea
11:00 Amasako XVI. Mendiatloia. 18:00 Martina Sorginari agurra eta XIX. Intxorraren aldatzea.

POLAROIDAREKIN
Beñat Iguaran

Bertsolaritza oso gogoko du Beñatek, urte mordoxka darama bertso eskolan; “gutxi aurreratzeko, urte asko”, adierazi du bertso sena agerian utziz. Aurten ere bertso eskolan jarraitzeko asmotan da. Bertso idatzia ez du oso gogoko, “paperaren aurrean ez dut pazientziarik baina, gustura aritzen naiz lagunartean. Afarietan aritzen gara gehien, behin ordu batzuk ezkero, errazago”.

Jaietarako gogotsu?
Bai. Noiz iritsiko zain nago eta, zenbat eta gertuago…
Jairik gustukoenak?
Samartiñak. Gainerakoan ez dakit ba…, tarteka parranda egitea gustatzen zait baina, ez zaizkit herrietako jaiak gehiegi gustatzen. Gure adineko jendea biltzen den festak gogoko ditut: estropadak esaterako.
Zein ekintza duzu gogokoen Samartiñetan?
Oilasko-biltzea, dudarik gabe. Egun guztiko jaia izaten da eta oso giro ona sortzen da.
Gainerakoan, zein ekintzatan hartuko duzu parte?
Azaroaren 16ko herri kiroletan ere parte hartuko dut. Azken urteetan Amasako bi talderen artean izaten da lehia. Goi eta behe bailarakoak nahasian arituko gara.
Ekintzatan ez ezik, antolakuntzan ere bai?
Mendiatloian, esaterako, bidegurutzeak zaintzen egon beharko dugu. Bestela ere beti sortzen da non lagundua: bakailao lehiaketan mahaiak jartzen… Ez ditugu ardura horiek aurrez banatzen baina, bertan izaten gara behar denerako.
Jaietan jateko? Edateko?
Herri bazkariko txekor-jana gustuko dut. Elkarteko afariak ere bai. Dagoena jaten dugu: baratsuri zopa eta segidakoa. Jaietan edateko, berriz, garagardoa.
Mezuren bat luzatuko al zenuke batzordearen izenean?
Kanpokoei jaietara gertura daitezela eta bertakoei ekintzetan parte har dezatela; egunez eta gauez.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!