Etxekoa den ahots indartsua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 4a, 17:44

Ahotsagatik da ezagun Jose Goikoetxea. ETBko ikusleen oroimenean gordeta dago, nahitaez, bere ahotsa. Paul Newman edo Shin Chanen aitona izateaz gain, makina bat dokumentalen aurkezlea da.

ETB sortu zenez geroztik zara bikoizlari…
1983ko abuztuan ikastaro batean hasi nintzen, 22 urterekin. Gogoan daukat hilaren 26an nola izan ziren uholdeak; ikastaroa utzi eta Etxarri baserriko lokatzak garbitzera joan nintzen. Eresoinka bikoizketa enpresa sortu berria zen orduantxe, eta ikastarokoak hartu eta Idoia Sagarzazu zenaren agindutara jarri gintuzten.

Arrotza egiten zen orduan, beltza euskaraz sumatzea…
Ikusleentzat bezain kuriosoa zen guretzat. Polizia antidroga batekin eta “Aita bedeinka nazazu” serieko apaiz gaztearekin izan zen nire lan bataioa. Gertatu zen orduan gaztelerazko bikoizketak 40 urteko aurrerapena zeramala. Eta gainera oso estimatua zen mundu mailan.
Bereziki andoaindarrontzat bitxia izan zen adibidez Tarzan, euskaraz ez ezik Goiko-ren ahotsarekin sumatzea…
Hala izango zen. Tarzani bezala, beste hainbat pertsonajeri jarri izan diet ahotsa: Paul Newman, Dustin Hoffman, Orson Welles, Omar Sharif, Tommy Lee Jones, baita Imanol Ariasi ere!

Jende ezaguna ondoan egokitu eta ahotsagatik nor zaren igartzea ez al zaizu egokitu?
Ez pentsa. Hori errazagoa da irrati esaleekin; telebista ikusten denean ahotsa irudiarekin asoziatzen baita nahitaezta. Ezagutzeko, hoberena lagunei eginarazi izan diedan ariketa da: telebista bistatik kendu, eta nire ahotsa utzi. Orduan bai antzeman!

Zuek ere antzezleak al zarete?
Ezinbestean! Egin kontu pertsonaje bat negarrez badago, guk ere negarrez bukatu behar dugula. Pertsonajea zein egoeratan egon, hartara egokitu behar gara; barrez, amodioa egiten, tiroak botatzen…

Nolakoa izaten da zuen egun bateko lana?
Lanera joan arte nik ez dakit zer egokituko zaidan bikoiztea; etxean ez dugu ezer ikasten. Gelara iristen garenean, pelikula aurretik ikusia duen gure zuzendariak giroan jartzen gaitu, zein den egoera une bakoitzean, zenbateko dramatizazioa behar duen bakoitzak, ezpainen mugimenduak... Bikoizlarioi egokitzen zaiguna aktoreen lana interpretatu eta horien ahotan sartzea da (aktorea zenbat eta hobea, errazagoa da bikoizketa guretzat). Azkenean, pelikula zatika grabatzen dugu.  

ETB3rekin lan gehiago zuentzat, ala?
Pentsa zitekeen baietz, baina programazioa ikusita… Goizetik gauera, marrazki bizidunak eta errepikapenak ikusten dira barra-barra. Halako programazioarekin, normala haurrak jada kalean ez ikustea! Saio berriak sartu, sartu dituzte, baina etxeko ekoizpenak dira. Hori baita joera gure lanbidean: marrazki bizidunak eta dokumentalak barra-barra, dramatikoak urri.

Telebistan eta zineman paper txikiak egin dituzu azken aldian…
Kasualitate hutsa izan zen mundu horretan sartu izana. Telmo Esnal eta Asier Altuna zuzendariekin egin nuen topo behin. “Aupa Etxebeste”n harakinarena egitea proposatu zidaten. Handik gutxira, ETBren promoziozko “Gatza eta Piperra” iragarkirako ere hots egin zidaten. Tabernariarena egin nuen bertan, eta Macarenako Amabirjinak ere barre eragin arazten ez zion andaluziar zozo baten istorioa kontatzen zuen. PPk kritikatu egin zuen andaluziarrentzat iraingarria zela esanez, eta erretiratu egin zuten. Ondoren etorri dira Balbemendi, Goenkale edo Brinkola serieak, agerraldi txikiak egiten denetan ere.

Zer da Brinkola?
Hurrengo urtean ETB1n hasiko den umorezko seriea da. Noaua!-ko taldea da protagonista, eta gero ni bezalako pertsonaje sateliteak azaltzen dira. Oso giro ona igarri dut grabazioan. Ez dut ezer aurreratuko, baina bai esan nahiko bitxia dela trama.

Goenkalen agertzen zara tarteka, abokatuarena egiten. Antzezpenak tentatzen al zaitu?
Banuen irudiaren mundu hori probatzeko gogoa, eta aukerak etorri ahala sartu naiz. Argi daukat bikoizketarena dela nirea, eta ezin naizela deskuidatu bolatila baita antzezlarien mundua. Ni bikoizketarekin defendatzen naiz; asko dira beste irteerak bilatzera behartuak izan direnak ogibide honetan. Kontraesanean erori baita sektore hori: giza kapitalean inbertitu da, baina orain betiko ahotsak baztertu eta ahots berriak eskatzen dira.     

Jendaurreko irakurketak ere maiz egin izan dituzu.
Tarteka bai. Felipe Barandiaran eta Bernardo Atxagarekin batera “Ostrukaren Lezioak” emanez hasi nintzen ni. Banituen errezelakoak hasieran, ume garaietatik oholtzara igo gabe… Baina emanaldi dezente eman genuen azkenean. Gero etorri ziren “Groenlandiako lezioak”, “Zeruak”… Horietan Gari, Nando de la Casa edo Jabier Muguruza musikariekin aritu ginen maiz. Meriméren “Carmen” edo Martin Ugalderen “Hiltzaileak” ere grabatu izan ditut. 
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!