Bidegorria, kontuan hartzeko aukera

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 4a, 17:07

Zizurkil eta Asteasu arteko bidegorria zabalik da. Autoek sortzen duten arriskutik urruti, asko eta asko dira, oinez edota bizikletaz pasiatzeko erabiltzen duten herritarrak.

Asteasuko Obaba kalean hasi eta Zizurkilgo Danena bitarte, hiru kilometro pasatxoko ibilbide polita osatzen du zabaldu berria den bidegorriak. Etorkizunean, Amasa-Villabonarekin bat egingo du eta horrenbestez, Gipuzkoako Bidegorri sarearekin elkartuko da.
2003an hasi ziren bidegorria eraikitzeko lehen bilerak egiten. Amasa-Villabona, Zizurkil eta Asteasuko Udaletako kideek, bost urteko elkarlanari ekin zioten orduan. 2007ko apirilean sinatu zuten bidegorria egiteko alkordioa Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Asteasuko eta Zizurkilgo Udalek. Hitzarmen hartan azaltzen zenez, “asmoa automobilaren ordez bizikletaz eta oinez egiten diren joan-etorriak bultzatzea da. Aisialdiaz gain, inguruko jendeak dituen beste jarduera eta zeregin ugarietarako, lanerako edo merkataritzarako kasu”.
Hitzarmena sinatu ondoren, 2007an hasi ziren Asteasu eta Zizurkil arteko bidea egiteko lanak eta aurtengo udan amaitu zituzten. Bide-bazterretan egurrezko hesi sendoak jarrita eman ziren amaitutzat bidegorriko lanak.

Ibilbide polita
Asteasu errekaren ondotik doa bidegorria ibilbidearen zati handi batean. Danenan hasi eta Akezko errotaren ondotik pasata, erreka ertzetik joaten da bidegorria. Zuhaitz eta belazzeen artean egiten da ibilbidearen lehen zati hori. Ondoren, Burrusti baserri aldera egiten du bideak. Apur bat aldapatsuagoa da zati hori, baina behin-behinekoa dela esan behar da. Etorkizunean erreka ondotik jarraipena mango diote bidegorriari. Ugarte eta Martxetaundi baserrien ondotik pasa ondoren, Asteasuko industriagunearen zati bat zeharkatzen du bideak. Agroaldeako negutegiak bertatik bertara ikusteko aukera ere badago. Artzubiko zubian amaitzen da eraiki berri den bidegorria.
Eguraldia lagun denean, jende asko ikusten da bidegorrian barrena, oinez, korrika edota bizikletaz. Azoka bereziko egunean, esaterako, ehunka lagun gerturatu zen Asteasura bidegorria erabiliz.

Argiteria, 2009an
Zizurkil eta Amasa-Villabona arteko zatia egitekoa dute etorkizunean baina horretarako, Danena inguruan etxebizitzak eraikitzeko lanak egin beharko dira lehendabizi.
Hamabi hilabete behar izan dira bidegorriko lanak amaitzeko. Zenbait gunetan, bidegorriari eusteko hormak eraiki dituzte eta aurrekontua ere igo egin da. Hitzarmena sinatu zenean 1,3 milioi euroko aurrekontua aipatu zen, baina azkenean, 2,1 milioi euro behar izan dira lanak egiteko. Bidegorria egiteko lanak aprobetxatuz, zuntz optikoa sartu da ibilbide osoan zehar. Datorren urteari begira, gainera, argiteri zerbitzua jartzeko lanak egingo direla aurreratu zuen Garapen Iraunkorreko diputatu den Carlos Ormazabalek inaugurazio ekitaldian.
Aurrera begira, bidegorriari jarraipena emateko asmoa du Asteasuko Udalak: “Lamitegiko belazeetan barrena, kiroldegiraino luzatuko genuke bidegorria, kiroldegira bitarte. Horrez gain, Matxintxuloko atsedenleku ingurura doan bidea ere bidegorri bezala egokitu nahi dugu. Auto gutxi ibiltzen da errepide horretan eta abiadura egokituz eta zenbait lan eginez gero, bi erabilerak bateragarriak direla uste dugu. Herritarrentzat aukera polita izan daiteke”, azaldu du Iñaki Amenabar alkateak.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!