Isladak: Kautaren azken emaitza

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko aza. 4a, 17:00

2001 urtean, lau lagunen artean sortu zen Kauta taldea Andoainen.
Egun, hiru kidek osatzen dute taldea: Mikel Moreno eta Adrian Elustondo andoaindarrek eta Gorka  Mendizabal zarauztarrak.

2003 urtean,  Euskadi Gazteko Maketa lehiaketan entzuleen saria irabazi eta gero, Izan zaitez zu (2004) eta Biluzik (2006) diskoak plazaratu zituzten. Harrera bikaina izan zuten argitaratutako lanek entzuleen aldetik eta sariak ere eskuratu zituzten: 2004 urtean talde berriari Gaztea Saria eta 2007an, kantu onenaren Gaztea Saria. Sari haiek aurrera jarraitzeko lagungarri izan zitzaizkiela adierazi dute, “sariak jasotzeak asko lagundu zigun taldea eta gure musika ezagutarazi eta zabaltzen. Orain sariketen sistema hori aldatu egin dute baina, oso ondo etorri zitzaigun guri”. Urriaren amaieran kaleratu zuten euren azken emaitza: Isladak diskoa. “2007ko urrian, Biluzik diskoaren kontzertuekin amaitu genuenean hasi ginen hurrengo lana prestatzen. Bederatzi hilabete igaro genituen letrak idatzi eta entseatzen;  kontzerturik eman gabe, etena eginda”. Lan horren emaitza joan zen uztailean eta abuztuan grabatu zuten Kataluniako Cerdanyola del Valles-en. “Aurreko lanak Donostian eta Andoainen bertan grabatu genituen eta oraingoan, haize berriak probatu asmoz, Kataluniara jo genuen. Santi Garciarekin lan egiteko aukera izan dugu bertan”. Oso esperientzia aberasgarria izan dela nabarmendu dute,  “bi hilabetez, egunero zortzi orduz aritu gara lanean estudioetan. Baita asteburuetan ere. Gauez nekatuta itzultzen ginen etxera eta eguneko gertaerak blog-ean kontatzen genituen”.

Hamaika kantu berri
Isladak izena du disko berriak, “kantuetako baten izena jarri diogu diskoari, eman ditugun pausoekin metafora eginez”. Euren begietatik idatzitako hamaika kantu biltzen ditu lanak; hitz guztiak taldekideen artean  idatzi dituzte, “gazteak gara eta gure ikuspegitik azaltzen ditugu ideiak. Kantuetako batek, esaterako, lotsaren inguruan hitz egiten du: ausardia faltagatik, gauza asko alde batera uzten dela azaltzen du. Gai zabalagoak ere lantzen ditugu eta ikuspegi positiboa ematen ahalegintzen gara beti. Euskaldunak bezalaxe, kanpotarrak ere gaiekin identifikatuta senti daitezkeela uste dugu”. Musikari dagokionez, ez zaie estilo bakar batean aritzea gustatzen, “kantu batzuk geldoagoak dira, besteak gordinagoak; hala ere, guztiek dute gure zigilua. Ez dugu estilo bakar batera mugatu nahi”. Urriaren amaieran kaleratu zuten diskoa eta abenduaren 6an aurkeztuko dute jendaurrean. Segidan, kontzertu zerrenda luzea eskainiko dute batean eta bestean. Mikel eta Gorka langileak dira; Adrian, berriz, ikaslea. Kontzertu zaparrada hasten denean nola moldatzen diren galdetutakoan, “kontzertu guztiak asteburuetan eskaintzen ditugu. Nekatu ere egiten gara batzuetan baina, ondo moldatzen gara: gustuko lekuan, aldaparik ez”, erantzun dute. Diskoa kaleratuta, euren helburua ez da izugarrizko salmentak izatea. “Diskoen salmenta kopuruak  ez gaitu beldurtzen. Oro har, egungo panoraman salmentak jaitsi egin badira ere, gure kasuan kontzertuetan jendeak ondo erantzuten du. Hori da guretzat garrantzitsuena  eta eskertzekoa”.

Andoaindarrekin solasean
Herritik eta herrira, Adri eta Mikelen erantzunak:

Andoainen bertan eman zenituzten musikan lehenengo pausoak…
Adrian eta Mikel: Herrian bertan hasi ginen musika ikasten. Nonbaitetik hasi behar izaten da eta Larramendi ikastolan txirula ikasi genuen lehenengo. Gero musika eskolan jarraitu genuen eta handik Donostiara jo genuen.

Mezuren bat luzatuko al zeniekete herritarrei?
M.:
Musika talde berri pare bat sortu da Andoainen eta hasiberri horiei aurrera jarraitzeko animoa luzatu nahiko genieke bereziki. Andoainen aspaldidanikoa da musikarekiko zaletasuna. Aurreko belaunaldietako taldeek orain ere jotzen jarraitzen dute baina, badirudi belaunaldi berriei gehiago kostatzen zaiela kontzertuetarako pauso hori ematea. Poza ematen digu belaunaldi berriak aurrera doazela ikusteak. Animo eta egurra!

Disko berria herrian aurkezteko asmorik bai?
A.:
Bai, noski. Lehen kontzertua Durangoko Azokaren baitan eskainiko dugu, Plateruenean abenduaren 6an. Gerora begira, Donostian, Gasteizen…, hainbat kontzertu lotuta daukagu dagoeneko. Andoainen ere eskainiko dugu nahiz eta oraindik ez daukagun datarik zehaztuta.
M.: Aurrekoak bezala, oraingoan ere, eguna lotzen dugunean oso pozik aurkeztuko dugu disko berria herritarren aurrean. Orain arteko kontzertu guztiak Euskal Herrian eskaini ditugu. Aurten Katalunian ere joko dugu, esperientzia berria izango da.

MOTZ-MOTZEAN

  1. Jotzen duzunaz gain, zein beste musika tresna atsegin duzu?
  2. Kautaren abestirik kuttunena?
  3. Gogoko beste musika talde bat?
  4. Beste talderen baten gustuko kantua?

Mikel Moreno (Gitarra eta ahotsa)

  1. Perkusioa
  2. Desio helezinak
  3. Tool
  4. Jimmy eat World taldearen Work abestia


Adrian Elustondo (Baxua eta ahotsak)

  1. Gitarra
  2. Isladak
  3. Foo fighters
  4. Metallica taldearen Nothing else matters abestia


Gorka Mendizabal (Bateria)

  1. Baxua
  2. Etikaren korda
  3. Fall Out Boy
  4. Foo fighters taldearen Best Of You abestia
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!