Urnieta K.E. eskubaloia: elkarrizketa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 30a, 16:05

Gogotsu, aurreko urteetan bezala ondo pasatzeko asmoz hasi dute denboraldi berria. Jokalarien artean aurtengoari begira dagoen erronketako bat, mailari eustea izango da. Euren kirol ibilbidearekin aurrera jarraitzen dute, une honetan senior mailan dabiltzan Urnietako eskubaloi taldeko jokalariek.

Aurrerantzean ere haien konpromisoari eutsiko diote, baina haien lekukoa nork hartuko begira daude. “Batzuk urte asko daramatzate. Gaur ez bada, bihar edo etzi erreleboa gertatuko da”, adierazi du Mikel Urigoitia entrenatzaileak.

Gehienak lanean edo ikasketak amaitzear egonda, kirolarientzat ez da batere erraza astean hiru egunez izaten dituzten entrenamendu saioak gainerako eginbeharrekin uztartu beharra izatea.

Ahalegin handia kirolari urnietarrena. Aipatu bezala, ordea, harrobiari begira daude. Atzetik datozen jokalariak oraindik gazte samarrak dira. Baina goizago edo beranduago, senior mailako talde berri bat osatzea aurreikusten da.

GIROA, TALDEAREN EUSKARRIA
Artean, egungo taldeak 2008-2009 kirol denboraldiari ekin dio. Goiztiarrenak abuztu erdialdean hasi ziren entrenamendu saioetan parte hartzen. Iraila amaierarako jada talde osoa lanera itzulia zen, aldaketa handirik gabe kirolari plantilan.

Denak ere gustura baitaude. Elkarren artean dagoen giro bikaina taldean jarraitzeko motibazio nagusian bihurtu da. “Oso giro ona dago. Hori da garrantzitsuena, ondo pasa, kirol pixka bat egin eta ahal bada, irabaziz gero hobeto”, Urigoitiaren esanetan. Dagoeneko lehen norgehiagokak jokatu dituzte. Partidak irabazi ez arren, euren jokaldiak hobetzen doaz jardunaldiz jardunaldi. “Bigarrenean, joan den urteko talde indartsu baten aurka jokatu genuen. Galdu arren, sentsazio oso onarekin geratu ginen”, oroitzen da entrenatzailea. Azkena, joan den asteburuan jokatu dute, Egiakoen aurka. Garaipena eskuratzeko lau puntutara geratu ziren urnietarrak.

ZALETUENTZAT DEIA
Datorren kirol urteari ikusgarritasunik ez zaio faltako, ez da  oharkabean pasako. Goikaldeko postuetan dabiltzanak talde indartsuak izan arren, atzetik datozenei tarte txikia ateratzen diete.

“Partida polit asko izango da, maila oso parekatua baitago”, adierazi du Urigoitiak. Ia zaletuak norgehiagokak ikustera hurbiltzen diren, azken urteotan ikusle kopuruan sumatzen den beherakada nabaria baita. Bai Urnietan, baita hemendik kanpo ere. “Hernanitik nator ni. Bertako taldean jolasten genuenean, gogoan ditut Urnietako frontoian jokatzen genituen partidak. Izugarria izaten zen”, adierazi du.

Zalego finkoa dute senior taldekoek, igande goizetan bildu ohi direnak. Baina gehiago hurbiltzen badira, giro are hobea egongo dela ziur.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!