Urnieta K.E. futbola: kronikak eta asteburuko ordutegiak

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 30a, 16:03

URNIETA K.E.
Villabona 2–1 Urnieta
Gola: Iban Nuñez
INFANTILAK. Partida hasiera makalaren eraginez galdu zuten Urnietako gaztetxoenek. Lehen minutu hauetan etxekoek bi gol sartu eta urnietarrei partida maldan gora jarri zitzaien. Hala ere, lehen zati honetan aukera bikainak izan zituzten partida berdintzeko, baina atsedenaldira bi eta hutsekoarekin iritsi ziren bi taldeak. Bigarren zatia orekatuagoa izan zen eta markagailua estutzeko gai izan ziren Iban Nuñez-ek sartutako golari esker. Tamalez, ez zen gehiagorako denborarik izan.

EUSKALDUNA 3–0 URNIETA
KADETEAK. Allurralden jokatutako derbia etxekoentzako izan zen. Joko erasokorra eginez, hasi orduko lehen gola egin zuten. Gerora, gorritxoen jokoa zerbait hobetu bazen ere, ez zuten golik lortu. Bigarren zatian ere andoaindarrek maila hobea emanez beste bi gol egin zituzten, urnietarrek aurkariaren atera iristeko zailtasun handiak zituzten bitartean.

OSTADAR 2–1 URNIETA
Golak: Endika Garcia.
JUBENILAK. Antzeko bi talderen arteko partidan lasartearrak nagusitu ziren. Aukera ugari alferrik galdu ondoren urnietarrak aurreratu ziren markagailuan, eta atsedenaldiaren ateetan zirela berdinketaren gola jaso zuten. Bigarren zatian, etxekoek, pazientzia handiarekin jokatuz, joko txukuna eginez, bigarren gola egin eta garaipena eskuratu zuten.   

URNIETA NESKAK 1–3 TOLOSA

URNIETA 1–1 BETI GAZTE
Gola: Albert Fuentes
Erregionala. Bi zati izan zituen urnietar eta lesakarren arteko partidak. Lehendabiziko zatian gorritxoak jaun eta jabe izan ziren. Ez zuten aukera garbiegirik sortu, baina jokoa etxekoek menperatzen zuten. Horrela, Andoni Sorronek alboko sake bat luze atera, Iker Lizarraldek buruz ukitu eta Albert Fuentes-ek gola lortu zuen. Horrela iritsi ziren bi taldeak atsedenaldira. Bigarren zatian ordea, talde gorritxoak bestelako irudia eman zuen. Joko tristea erakutsi zuen eta kanpotarrek arrisku handiegirik sortu ez zuten arren, etxekoak baino gehiago izan ziren. Zentzu honetan, arrisku handiegirik ez zuen jokaldi batean zelai erditik jaurtiketa ikaragarria egin eta partida berdintzeko gai izan ziren lesakarrak. Emaitza ez zen aldatu eta partida bukaeran puntu banaketa eman zen.

ASTEBURUKO PARTIDAK
Roteta–Urnieta erregionala
Herrera. Larunbata 1. 17:30
Urnieta neskak–Urola
Urnieta. Igandea 2. 10:00
Urnieta jubenilak–Texas
Urnieta. Igandea 2. 11:45
Urnieta kadeteak–Herrera
Urnieta. Larunbata 1. 10:00
Lazkao–Urnieta Infantilak
Arizti Handi. Larunbata 1. 10:00
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!