Argiñano sukaldari famatuaren telebistako platoan topo egingo dute Hipotolomeo garbitzaileak eta Tomax zaintzailea. Egoera horretan, aspaldi zeukaten ametsa burutuko dute: Egun batez bederen sukaldari famatu bilakatzea eta Cola-Cao pastela nola egiten den erakustea.
Haurren gozamenerako, bi pertsonaiek ikuskizunean zehar argi eta garbi erakutsiko dute sukaldeko lanetarako ez direla batere trebeak. Ordubetean makina arazo eta xelebrekeri gertatuko zaizkie, beraz, Hipo sukaldariari eta Tomax laguntzaileari.
Lau urtetik aurrera haur, gazte eta gurasoek gozatzeko moduko antzezlana ikusteko aukera izango dute.
Hipo eta Tomax pailazoen mozorroen atzean Mikel Sarriegi eta Joserra Fachado ezkutatzen dira, antzerki munduan aski ezagunak diren aktore eta antzerki irakasleak.
Sarrerak dagoeneko salgai daude Ernaitzan eta Aiurrin 3 euroko prezioan. Basteron soilik azaroaren bederatzian salgai izango dira, 3 eurotan ere bai.
Ikuskizunaren antolaketa Aiurri eta Bazkunaren ekimena izan da, Basteroren laguntzarekin.