Adarrazpi Artegia, artzain gazteen esku

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 30a, 16:02

Ez ohiko bidea egin zuen Mikel Beldarrain hernaniarrak orain urte gutxi. Tailerreko lanak utzi eta artzain egin zen. Nor ez da inoiz “dena utzi eta artzain joango naiz” esaldiaz baliatu, gustuko ez den egoera aldatu nahi izaten denean? Esaldia, ordea, literalki aurrera daramatenen kasuak oso gutxi dira. Urnietan bada horrelako kasu bat, Hernaniko Beldarrain gazteak tailerra utzi eta artzaintzara bideratu zuen lanbidea Inma Iriondoren laguntzarekin.

Asko landa eremutik doaz. Zuek aldiz, ezohiko erabakia hartu zenuten bere garaian?
Mikel Beldarrain:
Hernaniarra naiz. Ergobiako tailer batean lan egiten nuen. Baserri bat erosi nuen bertan, eta berrogei ardi izatera iritsi ginen. Sei urte pasata, ardien mundua gustuko nuenez tailerrean jarraitu edo ez erabaki behar nuen. Ardiekin hasi nintzen. Arantzazuko artzain eskolan izena eman nuen. Ikastaroa egiten ari nintzela, artalde bat saltzeko atera zen Zaldibian eta erosi nuen. Artaldea erosi nuen etxe hartan bertan, errentan eman zidaten ukuilua. Bi negu han pasa nituen.
Bitarte horretan, Ergobiako baserria saldu eta lur sailak erosi nituen Urnietan. Gero hona etorri ginen.

Bosgarren negua igaroko duzue Urnietan. Garai bateko erabaki harekin asmatu duzue?
M.B.: Nik uste baietz. Hau gustukoa izan behar da. Bestela, hemen ez dago segitzerik.
Inma Iriondo: Jendeak ondo erantzun du. Salmenta zuzena egiten dugu, jende asko etortzen da.

Zuen ohiko bezeroak nongoak dira?
I.I.: Ingurukoak. Lasarte-Oria, Andoain, Hernani, Urnieta eta Astigarragakoak. Inguru hau pasoko zonaldea da, jendea Besabira edo buelta bat ematera asko etortzen da. Hemen, arkumea harategikoaren parean, erdi prezioan eskura daiteke. Zatitu gabe, osorik eraman behar da, baina bere kalitate zigiluekin. Eta badakizu nongoa den, hemengoa.
M.B.: Toki ona da. Nik uste gazta egiten, gu bakarrak garela Urnietan.

Idiazabal izendapena duen gazta gainera?
I.I.: Aurtengo hainbat lehiaketa ere irabazten hasi gara. Ergobiko Herri Txapelketa, iazko asteburuan. Hondarribian Idiazabalgo lehiaketan bosgarren postuan sailkatu ginen. Salmentarako beste bide bat da.

Urtean zehar, garaian garaiko lana nola antolatzen duzue?
M.B.: Menditik Sanmieletan jaisten gara. Orain arkumeak jaiotzen hasten dira. Azaroaren erdialdera gazta egiten hasiko gara, Sanjuanak iritsi arte.
I.I.: Maiatza ekaina aldera Aralarrera berriz.

Bertako artzain gazteenak zarete?
I.I.: Azkenak sartutakoak eta gazteenak gu. Gure adin ingurukoak hiruzpalau ezagutzen ditugu. Zaharrak joan ahala berriak sartzen joaten dira, bizi legea.
M.B.: Gure adin ingurukoak asko ez daude. Baina 50 urtetik gorako artzain mordoa dago. Halere, geroz eta gutxiago.

Gainbeheran doa zuen ogibidea, nahiko laguntza jaso gabe gainera?
M.B.: Exigitzen dutenek inbertsio handia eskatzen dute. Artzain gazteei, inbertsioak egin baino lehen laguntzak jaso ditzatela esango nieke, laguntzak beranduago jasota tarte horretan oso garai txarra pasatzen da eta.
I.I.: Laguntzak onartu bai, baina noiz ematen dizkizute? Hor dago gakoa.

Lanbide bat baino gehiago, zuena bizitza estilo bat dela diozue. Zer modutan aldatu zaizue egunerokotasunean?
I.I.: Enpresa bat da. Zu zara nagusia, zuk egin behar duzu lan gehiena, ordutegirik ez duzu. Baina zuk egiten duzuna zuretzako da. Ez duzu soldata finkorik, ordu asko lan egin behar duzu. Baina egiten duzuna zuretzat da.
M.B.: Ardiei begira jartzen naiz, eta bi ordu pasa ditzaket. Gustukoa izan behar da. Lantegi batean makina bati begira bi ordu gustura ez dituzu pasako, baina hemen bai. Ardia maite egin behar da.
I.I.: Azken finean, animalia bat da. Berari ematen diozuna, bueltatzen dizu.

Artzain Eskolan egona zara Mikel. Badator harrobi berri bat?
M.B.: Eskola zabaldu ostetik, zazpigarren ikasturtean parte hartu nuen. Gure promozioko 19tik, 3-4 atera ginen. Jende gehiena proiektu bat egiteko edo artzaintza mundua zer den ikusteko joaten da. Baina gero artzaintzaz bizi, gutxi.

Kalitatea, salmentarako zuen indargunea izango da?
I.I.: Kalitatea, garbitasuna. Ez dago sekreturik. Edonork etorri, eta jakin dezake gazta eta arkumeak nongoak diren. Bestalde, ekoizpena genetikoki hobetzen ari gara.
Eguberriak datoz. Zuentzat salmentarako garai onena?
M.B.: Arkumeak partikularrei eguberriak baino lehenago saltzen dizkiegu.
I.I.: Dagoeneko 70 bat arkume eskatu dituzte. Normalean, bezero finkoak izaten dira, bai baitakite zer dagoen.

Gazta, gehiago saltzen duzue?
I.I.: Gazta baloratzen ari da. Izendapena izatea bultzada bat da. Gaizki dagoena arkumea da.
M.B.: Ganaduak ez du balorerik. Duela 25 urte arkumea 800 pezetatan saltzen zen. Gaur egun ere prezio berdinean eta berdin lan eginda.

Amaitzeko, aholkurik artzain gazteei?
M.B.: Ondo pentsatzeko eta zenbakiak ondo ateratzeko. Baina aurrera joateko. Egoera honek buelta ekarriko du; jendeak berriz ere baserriko generoa baloratuko du.
I.I.: Bi langile behar dira. Gaztara bideratzen ez baduzu esnea, ez dago diru iturririk. Egin dezatela apustua.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!