Marizulo Ikuskizuna, abenduan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 30a, 15:52

Txanbolin Txistu Bandaren eraginez Urnietako kondaira, musika, antzerkia eta dantzaren bidez bilduko duen ikuskizunaren prestakuntza lanetan ari da herritar ugari azken aste hauetan. Lan hau abenduan estreinatuko da. Iñistorra Biltzarra ikuskizun honetako kolaboratzaile da, eta astero-astero Aiurri astekariaren bidez joango da ikuskizun honen berri ematen.

Mikel Agirregomezkorta | Inkesta partaideen artean

Aste honetan, Mikel Agirregomezkorta ikuskizuneko antzerki zuzendariari eginiko elkarrizketarekin hasiz.

Zertan dira entsegu lanak?
Mikel Agirregomezkorta.
Astean behin biltzen garela kontutan izanik, nahiko ondo esango nuke. Oraindik lan asko falta da. Baina pixkanaka aurrera doa dena, eta ni oso pozik nago jendearen erantzunarekin, gogo handiz etortzen dira, eta gustura ikusten ditut.

Kontutan izanik aktore ia denak amateurrak, esperientzia gabekoak direla, zailtasun berezia al duzu lan handi hau aurrera eramateko?
M.A.
Ni ere sartzen naiz diozun multzo horretan, ni ere amateurra naiz, eta nahiko berria zuzendari lanetan. Jendearen artean maila desberdinak daude, baina hemen denok ari gara saiatzen, eta aldi berean ikasten, eta hori oso aberasgarria da. Gainera, ilusio maila handia da. Gure artean oso giro polita sortzen ari da, eta horrek asko laguntzen du lana aurrera eramateko orduan.

Marizulo ikuskizunaren antzerki atalak pertsonai dexente ditu. Jadanik jende ugari etorri da parte hartzera, baina oraindik geratzen al da paperen bat osatzeko?
M.A.
Karlistadaren eszena osatzeko falta dugu bat. Oso eszena polita eta dibertigarria da. Eszena horretan lau pertsonaia dira; bi liberalak eta karlista bat baditugu. Beste karlista bat falta dugu. Baldintza bakarra gizonezkoa izatea da, horrekin nahikoa da, esaldi pare besterik ez du ikasi beharko. Gero, Euskal Jaien eszenarako ere “figurante” moduan jende heldu gehiago beharko dugu. Norbait interesaturik balego, nahikoa da Saroben bertan izen ematea, kontaktatzeko telefono bat utziz, edo Egape ikastolara deitzea nitaz galdetuz.

Bukatzeko, adierazi urnietarrei zer den Marizulo.
M. A.
Marizulo ikuskizunak antzerkia dauka. Antzerkiaz gain musika oso garrantzitsua da, eta dantzak ere bere lekua du, baina, batez ere, jendeari esango nioke, Marizulon, Urnietaren historia kontatzen dela, eta hori oso ondo islatuta dagoela ikuskizun honetan. Beraz, herriarekiko interes apur bat duenarentzako guztiz gomendagarria da.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!