IBILBIDEA
Aurtengoan bost izan dira ibilbidea egitera animatu direnak; hasieratik egin duten, Miel Mari Ezeiza, Gillermo Lizeaga eta Xabier Ezeiza, eta aurten gehitu diren bi lagun berri, Ildefonso Olano eta Joxe Ramon Jauregi. Denak han ziran zintzo-zintzo Besabin goizeko 8:15etan, abiatzeko prest. 10:15etan Aritzolako iturrian egin zuten lehenengo geldialdia mokadutxo bat jateko. 11:45etan Goizuetara iritsi ziren eta bertan hamaiketakoa egin zuten. 14:30etan Artikutzako muga den mendi gailurra gainditu ondoren, etxetik eramandakoarekin bazkaria egin zuten. 16:00 Goizueta, Arantza eta Zubietako herrien mugarria dagoen unean ziren. 16:30etan Elkaitzako tontorretik pasa ondoren, 17:30etan pozez beterik zapaldu zuten Mendaurreko tontorra, ibilaldiko punturik garaiena (1134 metro). Handik aurrerako ibilbidea dena goitik beherakoa da, eta 18:30ak aldera, Mendaurreko lepoko iturrian kantinplorak bete, eta hamaika ordu luze mendian pasa ondoren, 19:30etan, kaleko argiteria ordurako pizturik zela, sartu ziren Arantzako herrian, 37 kilometrotako ibilaldiari amaiera emanez.
LAGUNARTEA
Arantzako aterpen lekua hartua zuten afaltzeko eta lotarako. Beraz, nekea eta motxila alde batera utzi, eta ibilaldia bezain garrantzitsua den lagunarteaz gozatzeko momentua iritsi zen, “Dutxatu, pote pare bat hartu herriko tabernetan, afaldu, beste bueltatxo bat eman kaletik, eta ohera”.
Aipatzekoa da, aurten lehenengoz joan ziren bi lagunak, oso inpresio ona dutela izandako esperientziaz, eta errepikatzeko asmo biziz etorri direla etxera.
ETORKIZUNA
Etorkizunera begira jarrita, ibilaldia hau betiko finkatua uztea gustatuko litzaieke. Horretarako, beti joaten diren lau edo bost laguneko taldea izatetik, talde handiago bat izatera pasa nahi dute. “Hori bai, ibilaldi luze hau egiteko fisikoki arazorik ez dutenekin, eta orain arteko lagun giro alai eta euskalduna hankaz gora jarri gabe”. 2009ko zitarako data ia erabakita dute, irailaren 19a edo 26a.