Nola izan zen lehen aurkikuntza hori?
Txomin Usandizaga. Auzoko bidea zabaltzen ari zela eskabadora bat, bazter batean harri pila topatu eta hor non hasi zen hausten. Berehala konturatu ginen harri klase hura Kanpu Santu Zarraren aztarnak behar zuela izan. Ikusita, hala ere, eskabadora lanarekin aurrera zihoala, emazteak udaletxera hots egin zuen, eta Kulturako Garbiñe Agirre azaldu zen. Hortik aurrera, indusketak etorri dira urtez urte.
Auzotarrek bazenuten eliza zaharraren berririk?
T.U. Aitak eta aitonak beti eman ziguten elizaren berri etxean. Inguruan diren Elizagarate txiki, Elizalde txiki, Elizagarate haundi eta Serorategi etxeen izenek ere ez dute dudarik uzten.
Zergatik deitu izan zaio tokiari Kanpu Santu Zarra?
T.U. Ez dakit zergatik, baina pentsatzen dut hezurrak azaldu izan direlako inguruan. Orain 60 bat urte bistan geratzen ziren hezur asko, tarteka. Ondorengo urteetan eraiki ziren oilotegia eta untxitegia, eta horrek guztiak azpian hartu zuen ia dena.
Parajea ederki aldatu zaizue, auzotarrei…
T.U. Animalia haztegiak eta baratzak betetzen zuen dena lehen. Eskabadora txiki batek makina bat lur kendu du urte hauetan, eta asko jeitsi da lurraren altuera. Pozten gara, noski, beti aipatu izan zen hemengo eliza zaharraren hondakinak bistan geratu direlako orain.
Bisitariekin lasaitasuna galtzeko beldurrik ez?
T.U. Batez. Hasi dira, dagoeneko, eskoletatik eta etortzen. Gustura datoz, ikasten aritu beharrean jai eguna bezala hartzen dutelako. Gure postontzia ere parke honen ondoan daukagu, eta gutunen bila natorrean, eguraldi onarekin eta, batzuetan harriaren gainean eserita jartzen naiz, parajeak ematen duelako horretarako.