Lagunak taldearen bilkura

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 30a, 15:39

Belaunaldi eta kuadrila ezberdinetako jendea bildu zen Goikoplazan pasa den larunbatean. Zerk batzen ote zien guztiei? Futbolarekiko zaletasunak, eta batez ere, Lagunak taldean noizbait parte hartu izanak. Denen arteko argazkia lehenbizi eta bazkaria gero. Horixe antolatu zen egun horretarako. Aspaldiko adiskidetasuna eta elkarrekin bizitutako futbol arratsalde gozoen oroitzapenak berritzeko gogoa, denen gogoan.  

Ez da ahaztu behar Lagunak taldea famatua izan zela 1970-90eko hamarkadetan. Makina bat txapelketa irabazi zituen Buruntzaldean eta Tolosaldean. Andoaingo jokalari ugari pasa zen taldetik, 1972an osatu zenez geroztik.
Taldea 1990ko hamarkadaren hasieran desegin zen, baina bertan jokatutako jokalari guztiek oso oroitzapen onak gorde dituzte, Ontza elkartean ospatu zuten bazkarian azaldu zuten bezala.
Bazkalaurrean, hauexek lau jokalariren oroitzapenak:

Pedro Mari Sarasola. DEFENTSA.
“Taldea sortu genuenok denak ez ginen kuadrila batekoak, baina bagenuen harremanik gure artean. Nik lehenbiziko bi urteetan jokatu nuen. Oso giro onean aritu ginen eta gogoan dut nolako pikeak edukitzen genituen herriko beste zenbait taldeekin, gurea ez bezala haiena federatuak izandakoez josiak zeudelako. Poza ematen dit gaurko bilkurak; belaunaldi ezberdinak biltzen gara, eta gainera, Lagunak-eko jokalari den-denak bizirik gaudela esan dezakegu. Gauza ederra da hori!”.

Jose Mari Etura. Atezaina.
“Nik lau edo bost urte jokatu nituen Lagunak-en; gero preferente mailako Euskaldunara joan nintzen. Lagunak-ekin hainbat txapelketa irabazi genituen; oker ez banago, hiru txandatan Hernaniko Atsegindeko txapelketa, behin La Sallen, eta beste behin Eliza atzekaldean zenbait urtetan jokatu izan zena. Urte horietan behintzat, Senior mailetan Andoainen zegoen talderik onena izango zen. Katxondeo giroa zen nagusi taldean, baina hori bai, beti irabazi nahi zen eta ahal zen guztia jartzen zen horretarako”.

Jose Luis Narciso “Txitxo”. Aurrelaria.
“Nik Uranga Taberna taldean urte askotan aritu eta gero joan nintzen Lagunak-era. Ezagunak bakarrik ziren niretzako, baina gonbidatu egin ninduten, eta gogoz esan nien baietz. Gogoan dut azken urteetan Muebles Martin-en izenpean jokatu genuela, eta denbora berean, txapelketa ugaritan hartu genuela parte. Oroitzapen onez gain, txarrak ere baditut. Agian larriena, Puriren lesioa izan zen; baloiari buruz ematera joan eta belaunetako ligamentuak hautsi zituen lurrera erortzean; oso izurratua egon zen luzaroan”.

Iñaki Lasa. Erdilari librea.  
“Zaharrek eta Agustoin Leitza talde mitikoetan jokatu nuen makina bat urtetan. Haiek utzi zuten arte; orduan, Julian etorri zitzaidan Lopezek Lagunak-ekin jokatzeko tentatuz. Txikitan elkarrekin jokatzeagatik ezagutzen nuen jendea, eta horrelaxe aritu nintzen; Lagunak-en ibilbidea betirako bukatu zen arte. Nik 41 urte izango nituen orduan. Ez zait inoiz ahaztuko Lagunak-ekin jasan nuela lesiorik larriena: tendoiak erdi hondatu zitzaizkidan. Petrikilo batek jarri zizkidan ondo, garraxi galantak bota eta gero”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!