Buruntza San Martin Parke Arkeologikoa, Andoaingo iraganaren leihoa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 22a, 19:09

Buruntza San Martingo parke arkeologikoa ireki zen ofizialki pasa den ostiralean. Jose Antonio Perez Gabarain alkatearen, Maria Jesus Aranburu Aldundiko Kultura diputatuaren eta Alex Ibañez indusketa zuzendu duen Aranzadiko arkeologoaren esku geratu zen zinta moztea. Andoaingo eliza zaharraren hondakinak ikusi ahal izango dira hemendik aurrera.

Argazkiak | Bideoa | Txomin Usandizaga

Alkateak eta Kultura diputatuak hartu zuten hitza ondoren, eurek ordezkatzen dituzten erakundeek parkeari eman dioten babes ekonomiko eta politikoa azpimarratzeko. Gizartearen eguneroko premiak asetzeaz gain, ondare historikoa berreskuratzearen alde egindako apustua aipatu zuen Perez Gabarainek. Aranburuk, berriz, Gipuzkoak dituen betiko leku turistikoen ondoan Buruntza bezalakoen ondare txikien balioa goraipatu zuen.
1995az geroztik Buruntzako leku horretan indusketa lanak zuzendu dituen Alex Ibañezen azalpenak etorri ziren segidan. Horrelako kultur egitasmoak aurrera eraman ahal izateko diru laguntzaz gain, ezinbesteko diren pertsonei eman zien eskerrak. “Egitasmo horietan sinesten dutelako, eta eskura duten guztia jartzeko prest azaltzen direlako”.
Aztarnategian aurkitzen denari buruzko azalpenak ematerako garaian, gonbite argia luzatu zien bertaratutako guztiei: “Ibili zaitezte aztarnategian barrena. Zapaldu lasai lasai. Aztarnategietako harresiak ezin izaten dira zapaldu normalki, kilikolo egoten direlako. Buruntzako honetan, ordea, porlanarekin gogortuta daude eta ibili zaiztezkete beldurrik gabe”.

Zapaldu ezineko zati bakarra parkean, lurperatutako hiru gorpuak gordetzen dituen bitrina da. Bi heldu eta haur baten hezurdurak dira; ez dira benetakoak, erreplikak baizik. Lehen ohitura izaten zen hildakoak tenpluan bertan lurperatzea, eta hezurdura ugari azaldu da indusketetan.

Eliza zaharrak, berez, zabaltze faseak jasan zituen historian zehar. Berant erdi arokoa, gotikoa eta errenazimendukoa eraiki ziren bertan, eta egun geratzen diren hondakinetaz baliatuz bakoitzaren nondik norakoa adierazten saiatu zen Ibañez.

XV. MENDETIK HONA
1419az geroztik dokumentatua dagoen eliza hau XVIII mendearen erdialdera arte erabili zen. 1789an, baina, Agustin Leitza indianoak emandako diruari esker parrokia herria eraiki ahal izan zen, herrigunetik gertuago zegoena.

Andoaingo komunitateko herritarren unean uneko interesek markatu zuten elizaren bizitza, eta heriotza. Aldaketa horien zergatiei erantzuten saiatu zen Ibañez. “Gipuzkoako gizartearen egitura sortzen hasi zenean bertako biztanleek lurraldea nola okupatu zuten aztertu behar da horretarako. Garai haietan bideak ez ziren gaur ezagutzen ditugunak eta ez zuten gaurko garrantzia. Bizitza egiteko tokirik egokiena bilatzen zuten. Buruntza auzoan, hain zuzen, eguzki izpiek dexente jotzen dute eta Buruntzako mendiak haize handietatik babesten du”. Andoaingo ingurunera etorri ziren lehen biztanleek ustez tokirik hoberena hautatu zuten, beraz, Alexen esanetan.

XVIII. mendean eta lehenago, ordea, gizartearen bizi baldintzak eta interesak ez ziren hasierako berberak. “Irizpide ekonomikoak joan ziren nagusitzen. Jada ez zen nekazal gizartea, eta etorkizuna, merkataritzak, komertzioak eta azken finean garraiobideek markatzen zuten”. Horrek eragin zuen, nonbait, herritarrek eliza zaharra alboratu eta herriaren erdigunean kokatuko zen berria eraikitzea, 1759tik aurrera.
Azalpen jakingarrien amaieran, Alex Ibañezek iragarri zuenez, laster jarriko da ikusgai hilobiratze-guneetan azaldu den materiala; hala nola, errosarioak, txanponak, dominak, gurutzeak…

Alex Ibañezek Buruntza parke arkeologikoa gauzatu ahal izateko garaian ezinbesteko funtzioa bete duten pertsonak aipatu zituen inaugurazio egunean. Egitasmoan sinetsi duten lagunak zituen gogoan, eta Serorategi baserrian bizi den Txomin Usandizaga da horietako bat. 1995ean, eliza zaharraren hondakin bat atera bezain pronto Andoaingo Udala jarri zuen gainean, aurkikuntza txiki horrek etorkizunean ekar zitzazkeen ondorioetaz jabetuta.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!