Peio Alvarez andoaindarra ez dute espetxeratuko

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 22a, 19:08

Andoainen aski ezaguna da Peio Alvarez. Azken urteetan sorterria utzi eta mugaz bestalde bizi da, Ipar Euskal Herrian. Osasun egoera larriaren ondorioz, bizimodua erabat baldintzatuta dauka. Pasa den urriaren 22an Pariseko epaitegian epaileak Alvarezen aurkako epaiketaren sententzia irakurri zuenean bost urteko zigorra ezarri zion andoaindarrari. Nolanahi ere, bost urte horietatik lautan kalean zaintza egoeran egotea onartu zuen epaileak. Denbora tarte horretan legez kanpoko ekintzarik eginez gero zuzenean espetxeratzeko arriskua izango du. Beraz, urtebeteko espetxea dagokio baina Frantzian denbora epe horretako sententziekin epaitua ez da gartzelara joaten.
Hori guztiaz gain, epaileak Frantzian bizitzeko debekua ezarri dio. Orain Peio Alvarezen abokatuak hamar eguneko epea dauka azken erabaki hau errekurritzeko.

Denbora da Andoaindik urrun bizi zarela. Gaixotasun larria pairatu duzu, zer moduz zaude momentu honetan?
Peio Alvarez.
Momentu honetan fisikoki eta itxuraz ondo nago. Baina eguneroko bizitza egiteko oso baldintzatuta nago. Tiroideko minbiziaren ondorioz, tiroidea falta dudanez, egunero iodoa hartu behar dut. Medikuek agindu bezala, kopuru oso handia hartu behar dut. Normalean baino handiagoa.
Diabetesa dela eta, egunean lau-bost bider neurtu behar dut azukrea odolean. Egunero hiru aldiz, otordu bakoitza baino lehen intsulina hartu behar dut injekzio bidez.
Oso bizitza orekatua egin behar dut, osasuna zainduz.
Maiztasun batekin ekografiak eta odol analisiak egin behar ditut, tiroidesean nuen tumorea kendu eta gero arrastoak agertu direlako. Kontrol mediku zorrotza pasa behar dut. Ezin uka nire egoera larria dela eta eguneroko bizia erabat baldintzatua dudala.

Estatu frantsesak %80ko ezintasuna eman dizu. Bizitza normala egiten ari zara Ipar Euskal Herrian…
P.A.
Azken urteetan bizimodu normala egiten ari naiz Frantzian. Hego Euskal Herriko Osakidetzaren pareko den osasun txartela badut hemen. Estatuak emandako inbalidadea daukat eta normaltasun osoz bizi naiz hemen. Kontu korronte bat dut, etxe batean bizi naiz… erabat legala da nire egoera.

Urriaren 22an zure aurkako sententzia bat irakurriko dute Parisen. Zerk leporatuta? Zergatik zaude epaiaren zain?
P.A.
Etxe batean nire hatz markak aurkitu zituztela diote. Probak nahiko ahulak dira, portafolio batean omen daudelako marka horiek. Hori da aipa daitekeena zeren eta nire aurkako beste akusazio batzuk harrigarriak dira.
Adibidez, nire etxean topatutako hortz-zepilloan pertsona baten ADNa aurkitzea. Epaileari esan nion pertsona hori bere garaian atxilotuta egon zela, eta egun kalean dagoela. Eta, hain zuzen, pertsona hori Estatu frantsesak kalean utzi zuen. Aske zegoenean ezagutu nuen nik. Ez da delitua pertsona hori nire laguna izatea.
Epaiketa judiziala ez da, epaiketa politiko baten aurrean gaude. Prozesu judiziala oso azalekoa, zirko hutsa da. Dena aurrez prestatuta dagoen sentsazioarekin gaude. Nik, noski, hau dena ezerezean geratuko den itxaropena daukat.

Zer gertatuko dela iruditzen zaizu?
P.A.
Zigortua izango naizen arriskua badaukat. Baina nik ez dut zerikusirik epaiketan epaitzen ari direnarekin. Eta horregatik arazorik ez dudala izango espero dut baina horrelako egoeretan ezin jakin zer gerta daitekeen.

Espetxeratzea gertatuko balitz, zure osasun egoera ez okertzeko bermerik izango al zenuke?
P.A.
Espetxeetako instituzioek horretan arazorik ez dagoela erantzungo dute, baina ez dut nik horretan gehiegi sinesten. Nik neronek ondotxo ezagutzen dut nire osasun egoera eta jarraitu behar dudan kontrol zorrotza. Alde horretatik beldurrez nago. Espetxean berez bizi-baldintzak txarrak badira, pentsa nire osasun egoera kaskarra duenarentzat. Beldur apur bat badut horren inguruan.

Frantziako espetxeen inguruan zer esan zenezake?
P.A.
Ez ditut ezagutzen, ez naiz Frantzian espetxeratuta egon. Jendeari entzundakoagatik nahiko egoera kaskarrean daude. Ikusiko da zer gertatuko den, sententziak badio espetxera joan behar dudala ez dakit ondo zergatik joan behar dudan. Ez da batere samurra.

Urte batzuk Andoaindik kanpo. Distantziatik zer dakizu Andoain herriaz?
P.A.
Kontaktuan nago. Herrikide eta lagun askoren bisita jasotzen dut. Herriko gorabeherak ezagutzen ditut: Udaletxeko kontuak, udaletxetik kanpo daudenen egoera… Andoain prentsaren bidez jarraitzen dut, Aiurriren eta prentsa orokorraren bidez.

Herrikideei zeozer esateko bai?
P.A.
Herrian ondo bizitzea opa diet. Euskal Herrian egoera deserosoak daude, nire egoera larrian espetxeratzeko arriskua izatea horietako egoera bat da. Euskal gatazka konpontze aldera denei apur bat egitea eskatuko nieke. Herri honi hitza eta erabakia bermatzeko denok jarri beharko dugu apurtxo bat.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!