Lehen Argazki Rally-a, Aizkardiren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2008ko urr. 21a, 16:05

Aizkardi mendi elkarteak Argazkilaritza Rally-a antolatu du azaroaren 16rako. Argazkilaritza eta mendi zaletasuna batzea dira ekimenaren helburua. Kamera duen oro dago lehiaketa n parte hartzera gonbidatuta. Honatx oinarriak:

- Aizkardi mendizale elkarteak azaroaren 16rako Argazki Rallya antolatu du, mendi ibilaldi erraz baten inguruan. Helburua mendi nahiz argazkilaritza zaletasuna batzea da. Parte hartzaileek mendi ibilaldia egin beharko dute eta egunean bertan zehaztuko den gaiaren inguruan argazkiak atera beharko dituzte. Mendi ibilaldirako oinetako nahiz arropa egokiarekin etortzeko deia egin dute antolatzaileek.
- Argazkiak kamera analogikoarekin nahiz digitalarekin atera ahal izango dira. Koloretan nahiz txuri-beltzean aurkezteko aukera izango da. Ibilaldiaren irteeran 36 argazkiko argazki karretea emango zaie kamera analogikoekin parte hartuko dutenei. Ohiko txartelak ez dituzten kamera digitalen jabeek, komunikazio kableak ekarri beharko dituzte argazkiak deskargatu ahal izateko. Memoria txartelek hutsak egon beharko dute irteera unean.
- Izen-ematea doakoa da eta rally-aren egun berean egingo da elkartearen egoitzan, 09:00etatik 09:30etara.  Parte hartzea guztiz irekia da: kamera duen edozein pertsonak har dezake parte. Izena ematerakoan, lehiaketaren oinarriak, argazkiak ateratzeko gaia eta egin beharreko ibilbidearen inguruko mapa banatuko dira.
- Gaia azaroaren 16an bertan jakingo da.
- Ibilbidea zortzi kilometro ingurukoa izango da eta lau ordutan egin beharko da. Formatu analogikoan nahiz digitalean 36 argazki atera beharko dira. Sor daitekeen edozein arazo edo zalantza argitzeko 649 717 182 telefono zenbakira deitu ahal izango da.
- Kamera analogikoa erabiltzen dutenek eguerdiko 13:00etarako eman beharko diete karretea arduradunei. Digitala erabiltzen dutenek ere 13:00etarako deskargatu beharko dituzte argazkiak.
- Partaide bakoitzak ateratako argazki guztietatik hiru aukeratu beharko ditu eta 20X30cm-ko neurrian errebelatutako argazkia, 30X40cm-ko kartulina beltzean itsatsita aurkeztu beharko du, atzean izenburua duela. Irudiekin batera, azalean hiru argazkien izenburuak biltzen dituen kartazala aurkeztu beharko da; barruan, izen-abizenak, helbidea, telefono zenbakia eta e-mail helbidea gehituta. Argazki aukeratuen artean enkuadrean, kontrastean nahiz brilloan egindako oinarrizko aldaketak soilik onartuko dira. Inola ere ez dira ukitu grafikoak onartuko. Beranduenik, azaroaren 22an aurkeztu behar dira argazkiak Tolosako Foto Karlis argazki dendan, 13:00a baino lehen.
- Aurkezten diren lanak Gureako erakusgelan ikusgai izango dira Aizkardiko XXV. Mendi Astearen baitan, azaroaren 24 eta 28 bitartean.
- Argazkilari adituez osatutako epaimahaiak aukeratuko dituzte hiru lanik onenak. Erakusketara gerturatzen diren ikusleek ere argazki gogokoenaren aldeko botoa eman ahal izango dute.
- Sari-ematea azaroaren 28an izango da, 21:00etan Gurea antzokian. Hauexek sariak:
1.- Argazki kamera.
2.- 100 euro.
3.- 75 euro.
4.- 75 euro (ikusleek aukeratutako argazkia)
Saririk jasotzen ez duten argazkiak jabeek bereganatu ahal izango dituzte. Saritutako irudiak, aldiz, antolatzaileen esku geratuko dira erabiltzeko aukera izango dutelarik, betiere egilearen izen-abizenak agerian utzita. Lehiaketara aurkezten diren argazkiak www.aizkardi. com gunean argitaratuko dira.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!